Gotorleku bihurturik herria
Koronabirusak ofizialki kutsaturik gabeko Goierriko hiru herrietako bat da Gabiria. Bizilekuak banakatuta egoteak lagundu du. Etorkizuna prestatzeko lanean hasi dira, itxialdia animatuz bat.
Etxebizitza gehienak baserriak izatearen eta gainontzekoek ere mugimendurako lorategitxoa edukitzearen zortea dute Gabiriako bizilagunek, koronabirusagatiko itxialdi honetan. 500 biztanleko herria sakabanatuta bizi da, eta kaskoko plazan txori kantuak baizik aditzea ez da ezohiko gauza. Baina atez barrura kezka da nagusi, han ere. Hori bai, birusak jotako gaixoturik ez egoteak arindutako kezka. Itsasorekin eta Zerainekin batera, Gabiria da Goierrin oraingoz libre dagoen udalerri bakarra.
Udaberri osoa hartuko zukeen kultura-egitaraua bertan behera utzi behar izan zuten, ia hasi orduko. Ez Gazte Festarik, ez Osinalde bertso sariketarik, ez hitzaldirik. «Zerbait egin nahi genuen, ordea, eta Zeasma lehiaketaren ideia atera zen, jendea zerbaitetan aritu dadin. Makilari herri aldizkariak ere aurrera segitzen du, inprentan dago aurtengo zenbakia», dio Oier Oiarbide alkateak.
Lehengo ostiraleko kantu-poteo etxekoia ere sonatua izan zen. Xabier Barriolak eta Inma Albisuak ordubete pasako euskal kantu kontzertua eskaini zuten, bozgorailuak kalerantz jarrita eta Internetetik zuzenean emitituta. Txaloak jaso dituzte.
Denda, aspaldiko partez
Gabirian azkeneko denda zabalik izan zenetik 35 bat urte igaro dira. Txoko, Izartxiki eta Egibide itxi zirenetik, kanpora joan behar izan dute oinarrizko jakien bila. Koronabirusaren itxialdiaren erruz berreskuratu da denda. Ostatuan jarri dute, Eider Martinez eta Mikel Asurabarrena ostalariak, gerorako zeukaten asmoa azkartuta.
«Taberna eta jatetxea itxi behar izan ditugu, baina denda ireki dugu. Beste ikuspuntu batetik ari gara negozioa bideratzen momentu hauetan. Gero eta gauza gehiago jartzen ari gara», dio Martinezek.
Herritarrek gustura eta esker oneko hartu dute zerbitzua. «Herritarrak etortzen dira. Ez da taberna zegoenean bezala, baina irekita daukagu behintzat, jendea badator, eta kutxatxo bat egiten da». Herriko baserrietatik ekartzen dituzte barazkiak eta bestelako jakiak, eurek erositakoak dira oinarrizko beste produktuak. Izoztuak ere badituzte.
Jatetxean zeuzkaten produktuei irteera emateko modu bat da. «Gero eta gauza gehiago jartzen ari gara. Asteburu honetatik aurrera, gainera, prestatutako janaria saltzen hasiko gara: arkume erreak, oilaskoak…».
Beste jatetxeak, udaletxea, eskola, mediku kontsulta, haurtzaindegia eta elkarteak itxita daude, baita eliza ere; Koronabirusa garaitu arte ez dugu mezarik izango, dio ateko oharrak.
Laguntza-talde bat ere eratu dute herrian, erosketak edo botikak ekartzeko beharrik leukaketenei laguntzeko. Hamabi-bat boluntario daude, baina ez dute eskaririk jaso oraingoz. Bestetik, udalak goragoko instituzioetatik babes-material hau jaso du, bi astean: 20 maskara eta 40 eskularru. Behar onkologikoak dituztenei banatu dizkiete.
Adinekoen dinamizazio taldeko partaideek, nahiz eta elkartu ezin duen, segitzen dute etxetik. «Nekane Peralto da dinamizatzailea, eta lan ederra egin du: ariketak prestatu eta proposatzen ditu, eta buzoietan banatzen dizkiegu helduei, aktibitate hori etxean jarrai dezaten. Bi aldiz banatu ditugu jada. Berak ere tarteka deitzen die, animatzeko», dio alkateak.
Etorkizuna prestatzen
Geldialdia hausnarketarako ere baliatu nahi dute gabiriarrek. Gabiria 2030 prozesua abiarazi dute, etorkizun hurbileko herriaren lan ildoak eta erronkak finkatzeko. XXI. mende hasierako Agenda 21en jarraipena izango da, haren helburuak betexeak daudelako.
«Aztertzen ari gara 2030era begira agenda bat egitea, zer behar dauden, jendearen iritzia jakin eta zuzenbide bat eman nondik nora joan nahi duen herriak. Orain kontsulta garaia da, ea jendeak zer asmo, gogo, behar dauzkan jakiteko», dio alkateak. Galdetegi bat zabaldu dute, herritarren iritzia jasotzeko. Bigarren epe bat zabaldu zuten atzo, erantzun gehiago bidaltzeko. Egoerak ahalbidetzen duenean, bilerak egitekotan dira.
Ostatuko igogailu lanei larunbatean berrekin zieten. Baina finantzazioaren gainean zabaldu da orain itzala. «Gero, ea zer egiterik dagoen. Duela bi aste Gipuzkoako herri guztietako alkateek bilera egin genuen Markel Olanorekin, eta diru sarrerak %20 edo 25 jaitsiko direla aurreratu zuen. Beldurra horrek ematen digu, eta diru laguntzek».
Herrigunean etxeak eraikitzeko lurrak eskuratzeko negoziazioa ere «aurreratuta» zeukan udalak. Egoera berriak esango du nahiko ur baden jauzirako.
Goruntzek 50 urte 2021ean
Goruntz dantza taldea ere datorren urteari begira jarrita dago. Taldea 1971n sortu zuten, eta 50 urte beteko ditu. Mende erdia ospatzeko data jarri dute dagoeneko: 2021eko ekainaren 26a.
Aurkezpen irekirik egin ezinik, bideo baten bidez gonbidatu dituzte taldekoek herritarrak prestaketan hastera. Oraingoz, kontakizunak, argazkiak eta bideoak bildu nahi dituzte.
Zeasma kultura sormen lehiaketan, hamazazpi lan
Hamazazpi lan jaso ditu udalak I. Zeasma sormen lehiaketan. Bozketa lehengo astean izan zen, webgunean, eta 200 boto baino gehiago izan dira. Adinaren arabera, bost sailetan bereizi dituzte. Hauek dira sarituak: 0-5 urtekoetan Naia Oiarbide Anton (‘Koronabirusa askatu!’); 6-11 urtekoetan Malen Oiarbide Anton (‘Itzalen ipuina’); 12-16 urte artekoan, Izar Gaztañazatorre Aldazabal (‘Puzzlea’); 17-60 urtean, gazte talde baten bideoklipa (‘Etxean sartuta gelditu zaitez!’); eta 60 urtetik gorakoetan, Edurne Murua (‘Zeasma? Ni ez!’). Lazkaoko Gerriko liburudendarako 30na euroko bonu bana jasoko du bakoitzak.