Larunbatean gertatutako eraso matxista bat salatu dute Lazkaon
Larunbat gauean herriko taberna batean «hainbat neska gaztek pairatu zuten jazarpena» salatuz, oharra kaleratu du Lazkaoko Talde Feministak. Oharrean adierazten dutenez, «nazkatuta» daude emakume izateagatik, larunbatean bezala, «hitzezko abusu eta begirada lizunak jasateaz». Horiez gain, nesketako batek ukituak ere jasan behar izan zituela salatu dute.
Lazkako talde feministak dioenez, oraindik ere batzuek «normaltzat» hartzen dituzte horrelako jarrerak. «Alkoholaren eta drogen eraginpean guztiak balio duela dirudi. Bada ez. Nazkatuta gaude!». Jai giroetako testuinguruetan eta bestelakoetan ere emakumeek ez dutela horrelako jarrerarik pairatu behar ohartarazi dute. «Emakumeok aske izan nahi dugu», aldarrikatu dute. Horretarako, gisa honetako gertakariak salatu egin behar direla nabarmendu dute, eta egoera «irauli» egin behar dela. «Gauak, kaleak eta jaiak gureak dira!», diote.
Erasotuei babesa
Oharraren amaieran, Lazkaoko talde feministako kideek babesa eta elkartasuna adierazi diete erasoak pairatu zituzten emakumeei eta «bereziki ukitua jasan behar izan zuenari».
Horrez gain, gertakarien unean tabernan erasotutako emakume horiei laguntza eta babesa eskaini zieten herritarrak eskertu egin dituzte.












