«Jendea oso gozozalea da»
Azokaz azoka 33 urte baino gehiagoz jendearen bizitza gozatzen ibili eta gero, erretiroa hartu du Ordizian bizi den Luis Calvo pasta eta gozo saltzaileak (1957, Cerezal de Peñahorcada, Salamanca).
Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
1972ko abuztuan Andoainera etorri nintzen bizitzera, eta han 14 urte egin eta gero, Ordiziara; 34 urte egingo ditut hemen.
Eta zertara etorri zinen?
Galdaragintzan lan egitera, baina 1980ko hamarkadako krisiaren ondorioz nire tailerra itxi egin zuten, eta Felix nire koinatua eta biok gure kontura jarri ginen, azokaz azoka pastak eta bestelako gozokiak saltzen. Gerora banandu egin ginen, eta bakoitzak gure aldetik jarraitu dugu salmenta lanetan.
Nolakoa da azokako salmenta?
Egun onak eta txarrak izaten dira, euria, hotza, beroa… Baina gustuko lana dut. Hasi nintzenean ez nuen egokitzea beste erremediorik izan. Lantegi batean lan egitea zen erosoena, baina garai hartan lantegietan ez zegoen guztientzako lanik eta paper guztiak egin, autonomoaren kuotak ordaintzen hasi eta azokako lanari ekin nion.
Non hasi zinen saltzen?
Koinatuarekin batera nenbilenean, Andoaingo merkatuan hasi nintzen, eta dendaz denda banaketak egiten nituen. Gero dendak utzi, eta azokaz azoka hasi nintzen.
Non ibili zara saltzen?
Azken aldian, astelehenetan Lazkaon, asteartetan Villabonan, asteazkenetan Ordizian, ostiraletan Legazpin, larunbatetan Oñatin eta igandetan Errenteriako Beraun auzoan. Ostegunetan jai izaten nuen. Urnietan eta Urretxun ere ibilitakoa naiz.
Pasta saltzaile asko al zarete?
Hasi ginenean bai, asko, baina gaur egun lau besterik ez gara Gipuzkoan gozoekin bakarrik gabiltzanak; badira beste bi olibak eta beste genero batzuekin batera ibiltzen direnak.
Gurekin batera asko hasi ziren azoketan. Krisiaren ondorioz, eta langabeziatik irteteko, guk bezala askok aukeratu zuten herriz herriko salmenta, gozoekin, frutarekin, txarkuteriarekin…
Hain erraza al zen orduan negozio bat hastea?
Bai, orduan erraztasun handiak ematen zituzten horrelako negozio bat martxan jartzeko. Gaur egun gehiago estutzen dute, eta guk bezala urteak daramatenek ez dute hain zaila bizimodua aurrera ateratzeko, baina hasi egin nahi dutenek ez, inbertsio handiak egin behar dituztelako eta horiei irabazten denarekin aurre egitea ez delako oso erraza.
Hala ere, bizimodua ateratzea posible da.
Bai, egia da, baina nahiko gogorra da, goizeko 5etan jaiki eta azokara, gero arratsaldean hurrengo egunekoa prestatu beharra… Eta herri batean gauza bat gehiago saltzen da, bestean beste hura nahiago dute… Egun guztiak desberdinak izaten dira. Azkenaldian, hala ere, lasaiago eraman dugu lana.
Zer saldu duzu azokaz azoka?
Gozo kontua, denetik. Bonboiak, hostopilak, te pastak, kremak, petit suisse-ak, kauserak, croi-ssantak…
Jendea gozozalea al da?
Oso gozozalea. Gozoek gizendu egiten dutela esaten dute, baina gero erosi egiten dute. Azken egunetan ere, jubilatzera nindoala esan nuenean, egun batzuetarako erosketak egin dizkidate.
Zer esan dizute bezeroek?
Pena hartu dute, azoka gehienetan ez dagoelako nire posturako erreleborik. Baina esker oneko hitzak esan eta agur beroak egin dizkidate.
Ordizian ere udalak eskertza plaka bat oparitu dizu.
Bai, alkateak entregatu zidan asteazkenean, jubilatu eta hurrengo egunean. Emaztearekin batera [Mari Ramirez] jaso nuen. Mari nirekin ibili da saltzen Ordiziako azokan. Oso pozik jaso dugu eskertza keinu hori.
Eta orain, erretiroa hartuta, zer egin behar duzue?
Gorputza ordutegi berrira ohitzen joango da poliki-poliki, eta familiarekin denbora gehiago egingo dugu, batez ere gure biloba txikiekin.