Topagunerik ez 'madalenetan'
Madalena Eguna ospatu ohi dute Alegia auzoan gaurko egunez, uztailaren 22an. Aurten, ordea, bertan behera geratu da jaia. Kanpoan eta bertan bizi diren auzokideak elkartzeko parada izaten da.
madalena eguna da gaur, uztailaren 22a. Gabiria, Ormaiztegi eta Itsaso artean dagoen Alegia auzoan eguna ospatu ohi dute urtero, baina jai giroa alde batera utziko dute aurten COVID-19a dela eta.
Ainhoa Aldasoro alegiarra jaien antolakuntzan aritzen da. Egoera berezi honetan lehentasuna «ahalik eta azkarren egoerari buelta ematea» dela azaldu du: «Betiko ohiturei ezin segida eman gabiltza, penaz, baina hobe izango dugu gauzak ondo egitea». Zelaiondo elkartearen bitartez antolatzen dute Alegiako Madalena Eguneko programa. Elkarteko kideez gain, elkarteko kide ez direnek ere hartzen dute parte. Aldasororen hitzetan, «era nahiko tradizionalean» ospatzen dute eguna: «Urtero gauza berdintsuak egiten ditugu, beti meza nagusiarekin hasten da jaia, eta jende asko etortzen da, bertakoa eta bertako jatorria izanik kanpoan bizi dena».
Eliza apaindu eta Itsasoko abeslariek emanaldia eskaintzen dute, eta irteeran Gabiriako, Ormaiztegiko edo Itsasoko talderen batek dantza egiten du: «Horri jarraipena ematen zaio hamaiketako batekin, elkartean prestatzen da; salda, haragia egosia, txorizo pintxoa, tripakiak…». Alegiako frontoian egiten dute hamaiketakoa: «100 bat lagun elkartu izan gara».
Elkartzeko unea
Aldasorok azaldutakoaren arabera, adineko jendea da batik bat auzoan bizi dena, baina kanpoan bizi diren auzotar guztiak elkartzeko momentua izaten da Madalena Eguna: «Belaunaldi desberdinetako herrikideak elkartzeko eta jendea hurbiltzeko modua izaten da».
Bazkalostean haurrentzako jolasak ere jarri izan dituzte azken urteotan: «Haur parkeak eta puzgarriak 3 edo 4 orduz, eta oso ondo pasatzen dute». Egunari amaiera emateko kata saioa egin izan dute azken bi urteetan Itsasoko Ostatukoek prestatuta.
Madalena Eguna jai nagusia den arren, aurreko asteburuan ere festa giroa izaten dute auzoan. Ostiralean sagardo dastaketa izaten da ekintzarik jendetsuena: «Sagardotegi desberdinetatik ekartzen dugu sagardoa, eta egun horretan jende asko inguratzen da ondoko herrietatik». Beasaingo Dantzaki akademiako ikasleek emanaldia eskaini izan dute azkeneko urteetan, eta ondoren afaltzeko oilasko errea eta kontzertua izaten dute auzotarrek. Jai nagusiaren aurreko ostiral horrri kontzertu batekin ematen diote amaiera urtero duela 30 urtetatik: «Joselu Anaiak izaten ditugu; tradizio bilakatu da eta ezinbestekoa da». Aurten ere hitzartuta zuten kontzertua, baina bertan behera gelditu da hori ere. Era desberdinak aztertu dituzte egiteko, baina jai giroan horrelakorik egitea ezinezkoa ikusi dute: «Dantzan egotea da kontua, eta horrela ezin duzu dantzarik egin».
Larunbatean herri afaria egiten dute: «Herrikoen eta kanpoan bizi diren herrikideen topagunea izaten da».
Hiru udalerri
«Alegia berezia da», dio Aldasorok. Izan ere, hiru udalerri desberdinetan dago auzoa, errekak banatuta : Itsasok zatirik handiena dauka, beste zati garrantzitsu bat Gabiriak eta beste bat Ormaiztegik. Izaera hori «maitatzen» eta «errespetatzen» saiatzen dira auzotarrak: «Auzo giroa mantendu dugu beti eta leku kuttun hori zaintzeko ahaleginak egiten ditugu».
Desabantailarik izan dezakeen arren, udalerri bakoitzaren irizpideak desberdinak izatea, adibidez, lantalde bereziak dituzte udaletxeek Alegiako gaiak elkarrekin landu eta horrelakorik gerta ez dadin: «Nik uste historikoki eman dena guztion artean saiatzen garela mantentzen».
Bilakaera garrantzitsua izan du Alegiak azken urteotan: «Bertan bizi den biztanlegoa adinekoa da eta berritu behar hori ikusten da». Nahiz eta auzo txikia izan, industria dauka inguruan eta etxe batzuk eraiki dituzte Gabiriako partean. Bertako jendea kanpora joan da eta etxe berri horietara kanpotik etorri dira beste asko. Auzoa eta auzotarrak ezagutzeko aukera izan daitezke festak: «Kanpotik etortzen diren horiek bertako ohiturak jarraitzea prozesu baten ondorioz ematen da».
Aurten, halere, ez dute elkartzeko aukerarik izango alegiarrek Madalena Egunean. Datorren urtera arte itxaron beharko dute tradizioa eta auzo giroa oinarri dituen festa bizitzeko.