«Izpar denda zoragarria izan da, pena handia ematen dit uztea»
Idiazabalgo Izpar, goxoki eta egunkari denda baino askoz ere gehiago da. Tere Barrenak hilaren 15ean erretiroa hartuko du. Hala ere, jarraipena ziurtatu du Izparrek Aizpea Olanorekin.
Idiazabaldarren artean topagunetzat jo daiteke Izpar gozoki denda. Bertako jabea den Tere Barrena (Lezaun, 1953) 28 urtez aritu da saltzaile lanetan, baina datorren hilabetean erretiroa hartuko du. Urte hauetan bizi izandako bilakaera eta anekdotak kontatu ditu Barrenak.
Nafarra zara jaiotzez. Nolatan amaitu duzu Idiazabalen?
Pazko-asteko bigarren egun batean heldu nintzen. Ni garai hartan Tortosan (Tarragona, Herrialde Katalanak) nenbilen lanean etxeko-langile moduan. 5 urte igaro nituen bertan, baina nire ama oso gaixo jarri zen eta etxera itzuli beharra izan nuen. Gau batean nire ama zaintzen nenbilela, lagun batzuk Lizarrara festan joateko esan zidaten, baina nire amak ez zidan uzten. Lagunek esan zidaten amari esateko Idiazabalen zerbitzari bat behar zutela hurrengo goizerako; nik garai hartan ez nekien mapan non kokatzen zen herri hura, baina baietz esan nien. Idiazabalera etorri behar nintzela aprobetxatuz, lehenengo Lizarrako Oasis aretoan festan ibili ginen, eta jarraian Idiazabalera jaitsi ginen Etxegaratetik. Zenbat bihurgune, ai ene!
Zer pentsatu zenuen hona heldutakoan?
Gaueko hamabi eta erdietan iritsi nintzen Zepai jatetxera. Hurrengo egunean jaiki eta zerbak garbitzeko esan zidaten. Hurrengo goizean letxugak, hurrengoan gaztak, eta ondorengoan sagardo botilak! Nire artean pentsatzen nuen: hau al da zerbitzari lana? Azkenean eraman ninduten jangelara eta hasi nintzen zerbitzatzen. Hilabete osoa lanean igaro eta gero azkenean heldu zen jaieguna. Goizean Lezaunera joan nintzen, baina hurrengo egunean lanera joateko, arratsaldean bertan itzuli beharra neukan, eta bidean ordu eta erdi igarotzen nuenez, ez neukan jaiegunaz gozatzeko astirik ere. Horrela 25 urtez aritu nintzen.
Noiz hasi zinen gozoki dendarekin? Nola bururatu zitzaizun denda hau irekitzeko ideia?
25 urte eta gero, nire aitaginarrebak erretiroa hartu behar zuen. Berak prentsa eta egunkaria saltzen zituen dendatxo bat zeukan, eta senarrak esan zidan nik har nezakeela, baina niri ez zidan grazia handirik egiten soilik egunkariak saltzeak. San Inazio bezpera batean, sekulako lana izan genuen Zepaien. Irten nintzenean kale-kantoian gozoki denda txiki batean eskualdatu egin behar zenaren karteltxo bat ikusi nuen, eta orduantxe pentsatu nuen: hau da nire aukera! Urte hartako azaroaren 1ean hasi nintzen, eta denetik jarri nuen. 2 metro karratuko dendatxo batekin hasi nintzen, gozoki dendaren atzean nire senarraren ile-apaindegia zegoelako. Krosa izaten zenean, ume asko etortzen ziren niregana eta askotan nire atetik sartu eta ile-apaindegiko atetik ateratzen nituen jende gehiegi ez pilatzeko.
Umeak gustora ibiliko ziren.
Izugarri gustatzen zitzaien hona etortzea. Garai hartan Idiazabalen ez zuten ezagutzen gozokiak poltsatxoekin hartzeko ohitura, eta jarri nuenean nobedadea izan zen. Festetan neska gaztetxoak oraindik tabernetara joateko adina ez zutenez, hona etortzen ziren eta gozokiekin beteta nituen entsalalda-ontziak magalean jartzen zituzten gainontzekoek hortik hartu zitzaten.
Bitxikeria ugari izango duzu…
Asko. Interviu izeneko aldizkaria izaten nuen dendan, eta ume guztiak jakin-minez ikusi nahi izaten zuten. Nik ez hartzeko esaten nien, eta hartu ahal izateko urdaiazpiko ogitarteko bat ekarri beharko zidatela. Urte hartan familia batek gabonetako saski bat irabazi zuen, baina ekartzen zuen urdaiazpikoa desagertu egin zen. Halako batean non agertu ziren ume horiek nire dendan urdaiazpiko hanka batekin, esanez urte osorako urdaiazpikoa ekarri zidatela Interviu irakurtzen uzteko! Barrez lehertzen aritu ginen, eta horregatik urriaren 15ean, erretiroa hartuko dudan egunean haur guztientzako urdaiazpiko ogitartekoak egingo ditut.
Esan daiteke modu batera edo bestera denda hau herriko gazteak elkartzeko leku bat izan dela
Hala da, bai. Askotan gertatu izan zait plazan festaren bat zegoenean, ume guztiak nire dendako lurrean eserita egotea eta ni mostradorean lo. Agian goizeko ordubiak arte irauten zuen festak, eta ume guztiak etxera joan arte nik ez nuen denda ixten, askok beraien etxeko giltzak hemen uzten zituztelako eta plazara joaten zirelako dantzatzera. Denda hau zoragarria izan da, eta pena handia ematen dit utzi beharra izateak. Beti esaten dut zailagoa dela uztea, hartzea baino. Ume hauek nire bizitzaren erdia dira, barre-algara ugari egin dugu: burron jolastu gara, kartetan, ezkutaketan… Goizean goiz 80 urteko jendea etortzetik arratsaldean denda umez betetzera pasatzen zen. Hainbeste jende pasa da hemendik… Orain etortzen dira garai batean txikitan etortzen zirenak, baina orain guraso izan eta gero beraien umeekin etortzen dira gozokiak erostera.
Urteen joanean nabaritu al duzu aldaketarik? Ohiturak aldatu al dira belaunaldiekin batera?
28 urtez egon naiz denda honetan lanean, eta pozarren esan dezaket hemen ohitura onak ez direla aldatu. Are gehiago, oraindik askotan umeak itxaroten egoten dira batzuk dendatik irtetera hurrengoak sartu ahal izateko eta tartetxo bat bertan pasa ahal izateko.
Erretiroa hartuko duzu urriaren 15ean. Zein sentsazio dituzu? Zer da faltan gehien botako duzuna?
Hori da, ostegunean umeentzako agurra egingo dut eta 19an nire ordezkoa etorriko da. Faltan gehien botako dudana umeekin dudan lotura izango da. Beraiek helarazten didaten poztasun eta inozentzia hori. Lehen esan dudan bezala ume hauek nire bizitzaren parte dira.
Zerbait gehiago gehitu nahi duzu Tere?
Eskerrak eman idiazabaldarrei guztiei nirekin hain ongi portatzeagatik. Azken finean, ni hona etorri nintzenean ezer gabe etorri nintzen, zerbitzaria nintzen, eta oso ongi jaso ninduten.
Aizpea Olano Antia hilaren 19an hasiko da lanean Izparren
Ilusio handiarekin eta gogotsu ekin dio Aizpea Olanok erronka berriari. Tolosarra da jaiotzen baina amaren eta aitonaren jaioterrian, Idiazabalen, bizi da duela 16 urtetik. Hiru ume ditu, «Idiazabalgo eskolako jangelan lan egiten nuen bitartean hezi ditut, eta orain nire dirua irabazi nahi dut; ekonomikoki independentea izan eta naizen bezalakoa sentitu. Gainera jangelan 12 urtez lanean egon naizenez, herriko haur guztiak ezagutzen ditut».