Gaua, gauezkoentzat bakarrik
Etxeratze agindua gaueko hamarretarako ezartzeak eragin handia izan du zenbait sektoretan. Taxilariek, garabi zerbitzuek eta gasolindegiek sumatu dute gelditua. Gaua «kieto» dagoela diote.
Kondairak dio antzina Ataunen irule ugari biltzen zirela Lauzpeltz baserrian, gauero. Behin, baserriko neskatxak apustua egin zuen ura ekarriko zuela Joxintxiota iturritik. Eta iturrira joan zen suila hartuta. Atarian zeuden iruleak beldurtu egin ziren, lagunak erantzuten ez eta zerbait txarra gertatuko zitzaiolakoan. Orduan, haize-bolada batek Lauzpeltzeko ataria jo zuen, eta honako hitz hauek entzun ziren: ‘Gaue Gauekoontzat eta eune eunezkoontzat‘.
Kontakizunetatik aparte, Gaueko jeinu beldurgarriaren tokia hartu duen COVID-19ak ere antzeko eragina lortu du: gizakiak gauari ihes egitea, eta ilun handienerako denak etxeratzea. Etxeratze aginduarekin hirugarren astea osatzera doa, lehenengoa 22:00etako orduarekin. Egunezkoentzat ezezik, gauean lan egiten dutenentzat ere egundoko aldaketa suposatu du.
Taxilariak ere etxean
Taxilaria da Jon Aramendi, Ordizian. «Oso geldituta» ikusten du lana, nola egunez, hala gauez. «Asko enpresekin ibiltzen gara. Orain kanpora inor ez doa, oso beharrezkoak edo bilera garrantzitsuak dituztenak bakarrik. Dauzkagun zerbitzu ia bakarrak anbulatoriora, Zumarragako Ospitalera eta horrelako bakar batzuk dira», kontatu du, etsita.
Enpresetako bezeroekin aireporturako bidaiak galdu dituzte. Asko, gauean iritsita edo irtendako hegaldietako ak. Gaua ere, «kieto» dago, gainerakoan. «Festarik ez dago inon, parrandarik eta afaririk ere ez. «Denak bezala, ditxosozko txerto horren zain gaude», dio Aramendik. Osakidetzarekin ari dira orain taxilariak lanean, baserri-eremuetako toki apartatuetara PCR probak eta bestelakoak egitera profesionalak eramanez.
Garabiak, aparkatuta
Oso gutxitan bezalako lasaitasuna dute errepideko ezbeharretan laguntzen duten garabi zerbitzuek ere. «Erdira jaitsi da dena; ez garabiena bakarrik, auto tailerreko lana ere bai», dio Salbatoreko Beti-Goizeko Joxe Manuel Garmendiak. «Mugikortasuna eten dute, eta guk horrekin lan egiten dugu, erabat».
Etxeratze aginduak, errepideak hustu ditu gauetan. «Lehengo astebukaeran ni egon nintzen goardian, eta abisu bakar bat ere ez genuen jaso. Bestela ere, egunez bi kotxe arrankatzera eta zulatu bat artatzera, besterik ez».
Egoera ezohikoa da. «Bestetan ere boladak izan dira, lan gehiagokoak edo gutxiagokoak. Baina orain batere ez dago. Lehen langileen esku utzita genuen garabi zerbitzua, gehigarri batekin. Baina atzera guk hartu dugu, lanik ez dago eta».
Gasolindegian, aurreratuta
Errepidearekin lotura duen beste sektore bat gasolindegi eta zerbitzuguneena da. Gauetako joan-etorriak galanki gutxitu dira horietan ere. Olaberriko Gasogas zerbitzugunean, ordea, lanak aurreratuta harrapatu ditu etxeratze aginduaren egoerak. Automatizatuta daukate gaueko gasolindegi zerbitzua, diru-kutxazain eta erregai-makina automatikoen bidez.
«Duela hiru bat urte kendu zen gaueko langileen erreleboa. Lehen ere jada jende gutxi ibiltzen zen gauetan, eta ez zen bideragarria. Gauetan beti izaten da jende gutxiago», azaldu du Gasogaseko Gotzone Lasak.
Orain, 21:30erako ixten dute denda, bi langilek. Eta gaua Gaueko berriarentzat uzten dute gero, antzina bezala.
Kultura-ekitaldiak eta zinema-saioak, orduz aurreratuak
Egunkari honen azkeneko orrialdeko agendari begiratzea bakarrik nahikoa luke, COVID-19az ezer entzun ez duenak ere, zerbait badela jabetzeko. Ekitaldien ordutegiak ez dira normalekoak. Berariaz aurreratuta daude denak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren etxeratze aginduak argi utzi du: 22:00etarako herritar guztiek –lanera doazenek edo handik datozenek izan ezik– etxean egon behar dute. Hala, edozein ekitaldik 21:00etarako bukatu behar dute. Beranduago bukatuko denik ezin da hasi, ezta antolatu ere. Garraio publikoa, beranduenekoa, 22:30a arte ibiltzen da.