«Momentu arraro honetan zerbait behar badugu da, barre egitea! »
Lehenik oholtza gainera, eta orain pantaila handira eraman dute 'Erlauntza' filma. Sara Cozar aktore ordiziarrak Garaziren papera egiten du bertan. Filmaz eta beste lan batzuez mintzatu da.
Goierriko zinemetan estreinatu berri da Erlauntza. Filmaren aurretik aurkezpena egin zenuten Ordiziako Herri Antzokian eta hantxe izan zinen, Aitziber Garmendiarekin batera. Zer moduz joan zen?
Oso ondo! Ostiralean jende gutxiago, tabernak ixteko aginduak eragina izan zuelako, baina larunbatean, Beasainen sarrera guztiak saldu ziren, eta Ordizian, goiko aldea ere ireki behar izan zuten.
Antzezlan moduan lehenengo, pantaila handira orain. Badira ia bi urte Erlauntza-ren inguruan ari zarela lanean. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Bikaina! Lan munduan egin dudan esperientziarik onenetariko bat. 2018ko uztailean estreinatu genuen antzezlana, eta hasieratik ezagutzen ginen sei neska aktoreak. Batzuk oso lagunak ginen lehendik ere, eta besteak, segituan lagun bihurtu dira. Entseguetan pila bat disfrutatu dugu, barre pila bat egin dugulako, eta funtzioak ere primerakoak izan dira. Gainera, publikoak, hasiera-hasieratik harrera oso ona egin dio. Emanaldi pila bat egin dugu, beraz, asko bidaiatu dugu eta bidaiatzen jarraituko dugu, aurretik beste 20 bat funtzio geratzen baitira. Guzti horren tartean pelikula egitea izan da, guztia borobiltzea.
Biak egitea zen hasierako asmoa, edo guztiak aurrera egin ahala sortu zen ideia?
Antzezlana estreinatu eta berehala hasi ziren ekoizleak aukera horretaz hitz egiten. Ondoren, bertan behera uztea pentsatu zuten eta konfinamenduan geundela iritsi zitzaigun filmarekin aurrera egiteko proposamena. Uztailean grabatu eta dagoeneko, zinemetan dago, bi hizkuntzatan, euskaraz eta gazteleraz.
Euskaraz eta gazteleraz, zer suposatu du horrek?
Antzezlanaren funtzioak egiten bi urte daramazkigu, hortaz, testua oso barneratuta dugu, zeren gainera, pelikularako oso gutxi aldatu da testua, eta horrek, asko erraztu du grabaketa. Dena den, egia da, lehen aldia dela niretzat horrelako zerbait egiten dudala. Plano edo eszena bat lehenik hizkuntza batean grabatzen genuen, eta ondoren, beste hizkuntzan. Horrela, film osoa. Arrazoia da, ez zutela bikoizketarik egin nahi, bertsio originalak nahi zituztela.
Testuari dagokionez aldaketa gutxi, eta gainontzean?
Ez da aldaketarik egon dena espazio batean gertatzen delako. Landetxeko egongelan, hain zuzen ere. Aktore moduan aldaketa handiena izan da, antzokian azkeneko ilaran eserita dagoen pertsonengana iristeko, egin behar dela guztia handia. Zinerako berriz, guztia txikiago egin behar da, kamara metro erdira dagoelako. Salto hori izan da handiena!
Filmaren aurrerapenak indar handia du. Zer kontatzen da?
Txikitako sei lagun elkartzen dira landetxe batean, batek ezkondu behar duelako, eta despedida egiteko. Betiko lagunak dira, baina batzuk denbora asko daramate elkar ikusi gabe; bat kanpoan bizi delako, beste batek seme-alabak dituelako,… bizitza errealean gertatzen dena, alegia.
Despedidaren aitzakian elkartu eta guztia oso ondo hasten da, oso ongi ari dira pasatzen, haietako batek beste bati zerbait aurpegiratzen dion arte. Horrek azaleratzen ditu beste hainbat istorio oso gogorrak, eta dena nahasten hasten da, drogatzen dira, bakoitzaren kaka ateratzen hasten dira… Komedia beltza da.
Pertsonaiekin identifikatuta senti daitezke ikusleak?
Mugara eramana dago, baina egia da funtziotara etortzen den jendeak esaten digula baietz. Euskal Herriko kuadrilla asko sentitu dira identifikatuta.
Eta zu, zure pertsonaiarekin?
Zorionez, ez! Baina esan behar dut oso polita izan dela pertsonaia hau egitea. Antzezlanarekin hasi aurretik, zein pertsonaia egin behar nuen jakin gabe oraindik, gidoia irakurrita neukan. Gutxien espero nuena izan zen eskaini zidatena, Garazirena. Nigandik oso urruti ikusten dut. Petsonaian sartu, sinestea, bere mina barneratzea,… oso interesgarria izan da, eta orain, maite dut. Identifikatuta ez naiz sentitzen, baina oso ongi ulertzen dut.
Filma estreinatzeko momentu oso berezia da, baina ikusleak antza animatzen ari dira.
Nik beti gauza bera esaten dut, antzokia, zinema,… toki oso seguruak direla. Eskuak garbitzeko gela sarreran, jendea isilik dago,… ez da kutsaturik egon denbora guzti honetan. Jendea lasai joan dadila, segurtasuna bermatuta dagoelako.
Horretaz aparte, momentu arraro honetan zerbait behar badugu da parre egitea! Baita disfrutatzea, emozionatzea, negar egitea,…baina batez ere gure errealitatetik ateratzea, eta antzerkiak, musikak eta zinemak horretarako aukera bikaina dira.
Oholtza gainean, pantaila handian, baina pantaila txikian ere ikusi zaitugu Hondar Ahoak telesailan, ETB-1n.
Kritika oso onak jaso ditu. Zuzendari lanetan Koldo Almandoz dago, zuzendari oso ona da; eta argazkian, Jabi Agirre, balore segurua da. Talde oso ona dago atzean, gauzak oso ondo egiten dakiena eta telesail oso ona egin dute. Thriller bat da, nahiko iluna, eta asko gustatzen ari da.
Ni oso -oso pozik nago eta pertsonaia asko gustatzen zait. Bere bizitzan zerbait oso potentea gertatu zaion emakume bat da; semea hil zitzaion kotxe istripu batean, eta horrek, bere izaera guztiz aldatu eta ilundu zuen. Ez du gertatutakoaz hitz egiten, baina badaki horrekin bizi behar duela eta aurrera egiten du. Erronka oso polita da niretzat, horregatik eta gainera, bizkaitarrez hitz egiten duelako. Grabaketa abuztuan egin genuen, oso gustura egon nintzen, baina orain emaitza ikusita flipatzen nago!
Zenbat kapitulu izango dira?
Lau. ETBk apustua egin du lau kapituluko hiru telesail egiteko. Lehena Alardea izan zen, urrian. Hor ere parte hartu nuen. Azaroan, Hondar Ahoak. Eta abenduan, Altsasu. Azken horretan ez naiz egon.
Profesionalki momentu oso emankorra izaten ari da.
Martxoan gauzak oso beltz ikusi nituen, eta gero, zorionez, buelta eman du guztiak. Oraintxe lanean jarraitzen dut, Sisiforen paperak izeneko antzezlan batean, zuzendari laguntzaile lanean. Fernando Bermudesek zuzenduko du eta Egunkariaren itxieraren gaia jorratzen du. Oso potentea da.
Hurrengo astean estreinatuko dugu Gasteizen. Donostian eta Bilbon ere izango gara, eta ondoren Euskal Herritik kanpora ere. Erronka handia da; daude 12 aktore oholtza gainean, musika zuzenean,..
Azaroaren bukaera arte horretan murgilduta egongo naiz, beraz urte hau, profesionalki behintzat, oso ona izaten ari da.