Herri baratzeak datorren urtean erabiltzeko, izenemate epea zabalik Lazkaon
Zubierrekako meandroan dauden herri baratzeak urtebeterako izendatzeko prozedura ireki du Lazkaoko Udalak. 2021ean nork erabiliko dituen zehazteko, esleipena egingo du urtearen bukaerarako. Izena emateko epea zabaldu du orain, baratzea landu nahi dutenentzat.
Eskaerak abenduaren 18rako aurkeztu behar dira, udaletxean. Hautagaiek Lazkaon erroldatuta egon behar dute, laborantza lanak egiteko gai izan, beste nekazaritza-lursailik ez eduki jabetzan edo maiztertzan, eta beste herriren batean ere herri baratze publikorik ezin du erabili. Zerga betebeharrak ere egunean eduki behar dira.
Baratze-sailak orain dauzkatenei 2021eko urtarrilaren 31n bukatuko zaie erabilera-eskubidea, eta otsailetik aurrera hasiko dira erabiltzaile berriak.
35 herri baratze
Lazkaon denera 35 sail daude banatuta, Zubierrekako baratze-parkean. 50 metro koadroko azalera dauka bakoitzak. Baratzezainei lana errazteko, hainbat zerbitzu osagarri ere badaude: ura hartzeko hartuneak, lanabesak eta tresnak gordetzeko edukiontziak, eta lan-arropak, haziak edo tresna txikiak gordetzeko armairuak, esate baterako.
Bost urte dira aurten Lazkaon udalak baratze publikoak sortu zituela. 2015eko martxoan egokitu zuten lurra, eta urte hartan hasi ziren lehenengo erabiltzaileak lantzen.
Eskaera-orria udalaren webgunetik deskarga liteke (lazkao.eus), edo udaletxeko harreran eskatu behar da.












