Goierrik 3.000 langabetu baino gehiagorekin bukatu du 2020a
COVID-19aren krisi-urtearen gordinena abuztuan izan zen. Harrezkero, abendura arte %17 murriztu da eskualdeko langabezia, baina 2019 bukaeran baino %12 gorago dago
Langabeziaren azken urteetako boladei, koronabirusaren eraginaren ondoriozko gora-behera gehitu zitzaien, iazko urtean, Goierrin. Langabezia tasa bi puntu igoarazi zuen eskualdearen behealdean COVID-19aren itxialdiak, Goiekiren datuen arabera. 2020ko urtea %7,4ko tasarekin hasi bazen, %9,94raino hazi zen irailerako. Aspaldiko abuztu kaxkarrena izan zen, enpleguari dagokionez.
Motelaldi ekonomikoa sumatzen zen martxoaren aurretik ere Goierrin. 2.688 langabeturekin bukatu zen 2019a. Benetako gainbehera, ordea, udaberritik aurrera iritsi zen. Lehenengo zortzi hilabeteetan %35,6 igo zen langabetu kopurua Goierri osoan: abuztuan 3.646 lagun zenbatu zituen Espainiako enplegu zerbitzuak. Abenduan baino 958 goierritar gehiago zeuden lana aurkitzeko zerrendetan.
Urtearen bigarren zatia, datu absolutuetan, positiboagoa izan da. Abuztutik abendura %17 gutxitu zen langabezia, eta 621 gutxiago lagun ari ziren lan bila.
Hala eta guztiz, 2020. urtea hiru milako mugatik gora itxi zen: 3.025 langabetu eskualdeko 22 udalerrietan. Urtearteko datuari erreparatuz, 2019ko abenduan baino 337 lagun gehiago zeuden lanik gabe 2020ko abenduan (%12,5 gora).
2010aren pareko
aindegiaren arabera, Euskal Herri osoa kontuan hartuta, urtea %10,03ko langabezia tasarekin amaitu zen. Aurreko urtean baino 17.500 langabe gehiago dira. Genero aldetik, alde oso nabarmena dago, ordea. Goierri behean, gizonezkoen tasa %6,5ekoa den bitartean, emakumezkoena ia 11koa da, azaroko estatistiken arabera.
Oro har, azken sei urteko langabezia tasaren beheranzko joera ere amaitu zen 2020an. Aurreko urtea apaltzearena izan bazen, gorantz hasi da grafikoa berriro. Langabezia tasa maila horretan 2010aren hasieran egon zen, 2008ko finantza krisiaren ondorioz. Orain hurrena, 2018ko azken hiruhilekoan gainditu zuen, ordura arteko beheranzko bidea iraulita.
Bada duela 12 urteko krisiarekin alderatuta datuak lauso ditzakeen beste fenomeno bat: ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetan dauden langileen kopuruarena. Ofizialki, ABEEEan daudenak landun gisa aitortzen dira. Gipuzkoan, urtarrilaren hasieran 6.500 langile zeuden erregulazio mota horrekin geldirik.
ABEEEagatiko prestazioak jasotzeko epea lau hilabete luzatu dute, eta maiatzaren 31ra arte jo ahalko dute enpresek tresna horretara. Orain arteko akordioa herenegun agortu zen. «Goiz da osasun larrialdiaren albo ondorioak kuantifikatzeko, baina osasun larrialdia mantendu bitartean ziurgabetasunak kontuan hartzekoa izaten jarraituko du», ohartarazi du Gaindegiak.
Aldi baterako erregulazioan dauden langileek ez dute langabezia-funtsa xahutuko; oinarriaren %70 jasoko dute. Baina funts horretara kotizazio-ekarpenik ere ez dute egingo, lanetik kanpo dauden garaian. Jubilazio-denbora batuko dute, ordea.
Langabezia Goierrin 2019/2020