Emakume ausart haiek gogoan
XVI., XVII. eta XVIII. mendeko lau emakume sagardogileren bizipenak gogoratu dituzte Igartubeitin antzezpen batekin. Urrian egindako sagardoa dastatu dute bisitariek
Ezkioko Igartubeiti baserriko Ixabel alabaren rola hartuta, XVI., XVII. eta XVIII. mendeko lau emakume sagardogileren bizitzako pasarteak gogoratuz Emakume sagardogileak ahoz aho errekreazio antzeztua egin zuen larunbat arratsaldean Amaia Ruiz de Galarreta tolosar antzezleak. Martxoaren 8aren jiran antolatutako programazio bereziaren ekintza izan zen.
Maria Labayen, Maria de Etxebarria, Ana de Beroiz y Fagola eta Maria Josefa de Orobio emakumeek sagardoarekin izan zuten loturaz aritu zen antzezlea, eta harritzeko moduko istorioak kontatu zituen. Bukaeran, iazko urrian Igartubeitiko dolare zaharrean egindako sagardoa eman zien dastatzeko antzezpenera hurbildu direnei. Ohiko urtea balitz, barrikotea egingo zuketen larunbatean Igartubeitin.
Emakume aurrerakoiak
Lurdes Odriozola historialariak egindako ikerketa bat du oinarrian iazko uztailean Igartubeitin ikusgai egon zen Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketak, Jokin Mitxelena ilustratzailearen irudiekin hornituak. Erakusketarako Tolosan dagoen Gipuzkoako artxibo orokorrera jo zuten, eta sagardo eta emakume hitzekin 202 erregistro aurkitu zituzten. Emakume horiek guztiek honakoa zuten komunean: «Auzi bat edo salaketa bat badago edo alargun geratzen badira agertzen dira, bestela oso zaila da haien aztarnak jarraitzea», zion Odriozola GoiBerri astekarian argitaratutako erreportaje batean.
Erregistroan azaldu zirenen artean lau aukeratu zituzten, sagardogintzako momentu historikoaren arabera. «Laurek ezagutu zuten sektorea, eta gizarte matxista batean bizi arren, abokatuak bilatu zituzten haien kasuak defendatzeko».
Maria de Labayen lezotarrak Donostiako Udalarekin izan zuen auzia, hiriburutik Ternuara zihoazen itsasontzietan Donostiako sagardoa bakarrik sar zitekeela argudiatzen baitzuen udalak. «Baina Gipuzkoako foruetan oinarrituta auzia irabazi eta sartzea lortu zuen».
Maria de Etxeberria donostiarrak sagardogintzaren gainbehera ezagutu zuen, eta senarrak utzitako zorrak kitatzeko sagardoa merkaturatu zuen Fermin Calbeton kalean. 1637an izan zen sute bat itzaltzeko Etxeberriaren sagardoa erabili zuten, eta auziak auzi, udalak ordaindu egin behar izan zion.
Ana de Beroizek sagardoa egiten zuten Donostiako baserri baten jabe zen, eta senarraren tratu txarrak eta hiru salaketa jasan zituen. Dibortzioa lortu zuen XVII. mendearen bukaeran. Errenteriako Maria Josefa de Orobiok zizarra produzitzen zuen saltzeko, baina Pasaiako Udalak debekatu egin zion. «Salaketa jarri zuen, eta irabazi egin zuen».