«Hiri Zaharreko biztanleek osatzen duten kronika bat da»
Mikel Aiestaranek (Beasain, 1975) 'Jerusalen, santa y cautiva' liburua argitaratu du. Gida turistiko bat izan gabe, Hiri Santua sakonago ezagutzeko balio duela dio beasaindarrak.
Jerusalemen bihotzetik idatzi duzu.
Liburu honetan Jerusalemgo Hiri Zaharrean zer nolako jendea bizi den eta zer nolako bizimodua duten jaso nahi izan dut. Horretarako, alde zaharrean zehar bidaiatu dut eta bertako lau eskualdeak bisitatu ditut: musulmana, kristaua, armeniarra eta judua; hiru toki santuak ere bertan daude.
Hiri Zaharra oso toki txikia da, baina harrigarria da horren txikia izanik zer nolako oihartzun globala duen. Gertutik ikustean Hiri Zaharra zein txikia den eta zer sinplea den bizimodua, eta aldi berean zein konplexua, pentsatu nuen liburu bat egin behar nuela.
Liburua kazetaritza pieza bat da, erreportaje bat, ala gida turistiko bat?
Kronika bat, alde zaharreko biztanleek osatzen duten kronika bat. Auzoz auzo, bakoitzak bere eguneroko bizimodua, kezkak, itxaropenak… azaltzen ditu. Baina, aldi berean, oso kronika bidaiaria da. Pista batzuk ere badaude jakiteko zein den alde zaharreko hummus onena, kaferik preziatuena… Suposatzen dut, bidaiari gisa, osagarri oso polita dela. Gida tradizional bat hartu eta gehiago sakontzeko liburu hau oso interesgarria iruditzen zait.
Erregistroz aldatu ahal izatea eskertzen da?
Kazetaritzan hasi nintzenetik multimedia landu dut, baina zintzilik nuen liburuarena. Halere, liburu honekin Ekialde Hurbileko trilogia nahiko zabala osatu dut: Oriente Medio oriente roto, Las cenizas del califato eta orain hau. Zor nion Jerusalemeni liburu hau.
Jerusalemgo korrespontsala izanda eguneroko kronikatik at gauza asko kanpoan gelditzen dira. Formatua ere desberdina da. Lehen pertsonan eta orainaldian idatzi dut. Beste askatasun bat izan dut, eta bestelako pertsona batzuk sartzeko aukera izan dut. Oso gustura sentitu naiz idazten, baina esan beharra dut hiru liburuen artean lan gehien eman didana hau izan dela. Lan xume bat egin nahi nuen, edonork irakurtzeko modukoa. Beti gatazka gora eta behera ibiltzen gara hemen eta konturatu naiz jendeak benetan ez duela ideiarik, sekulako nahasmena duela.
Nondik idatzi duzu? Turista baten azaletik? Kanpotar baten ikuspuntutik? Bertakotuta zaude jada?
Jendearengana ez naiz turista edo kazetari bezala hurbildu. Nire egunerokoan alde zaharrean ibiltzen naiz, eta elkarrizketatu asko ezagunak ditut. Garrantzitsua izan da gertutasuna lortzeko, konplizitatea lortzeko. Eta hori nabari da liburuan.
Jerusalem oso hiri turistikoa da?
Ez da Mallorcako turismoa, baina oso hiri turistikoa da. Erlijio turismoa izaten da, bereziki, eta toki santuak turistez masifikatuta egoten dira, gehiegi. Hilobi Santura ezin izaten zen sartu; meskiten lautadara sartzeko orduak eta orduak itxaron behar izaten ziren; harresia beteta egoten zen. Oso zaila zen espiritualtasun minimo bat bilatzea zirku horretan. Pandemiarekin hori aldatu da, mugak itxita daudelako eta tokiak hutsik daudelako. Horri esker beste Jerusalem bat ezagutzeko aukera izan dut, eta benetan interesgarria izan da kaleak hutsik ikustea. Gozatu egin dut. Baina tristea ere bada.
Gatazka jorratu duzu?
Jerusalemi buruz idatzi eta gatazka ez aipatzea ezinezkoa dela esango nuke, bere eragina oso agerikoa delako. Zer esanik ez Hiri Zaharrean. Alde zaharra hiriko tokirik preziatuena da. Kristauen, musulmanen eta juduen arteko tirabira betidanik egon da eta gaur egun ere hortxe dago. Baina ez da gatazkari buruzko liburu bat.
Jeruslemgo Hiri Zaharra iturri agortu ezina da?
Ez nuen liburu luze-luze bat egin nahi, eta elkarrizketatu asko kanpoan gelditu dira. Askotan, elkarrizketatu bakoitzak du liburu oso bat du. Burura datorkit familia bat ehunka urte daramatzala erromesak tatuatzen, Hilobi Santuaren ondoan. Familia honekin liburu oso bat idatzi daiteke, liburu itzel bat. Horrela gertatu zait toki eta jende askorekin. Gainera, Jerusalemi buruz dena idatzi da. Ikuspuntu berri bat izatea ez da lan erraza. Horregatik aukeratu dut ezagutu dudan Jerusalemi idaztea.