«Gidoigile batek esan eta ikusten den guztia kontatzen du»
Zinema aretoetan estreinatu berri duten ‘Zutik’ filmeko kredituetan, Iker Alvarez zuzendari urretxuarraren izenarekin batera, legazpiar batena ere agertzen da. Xegun Altolagirre da gidoigileetako bat.
Zer da ‘Zutik’?
Animazio pelikula bat da, haurrei zuzendutakoa. Urriaren 22an estreinatu da. Mezu bat zabaldu nahi du, izadia zaindu behar dela. Argumentua hauxe da: hiri bateko alkateak iragartzen du herrigunean dauden zuhaitz batzuk bota egingo dituela, instalazio handi batzuk egiteko. Zuhaitzetan bizi diren iratxoak elkartu eta haurren laguntza behar dutela erabaki ondoren, alkatearen alabarengana jotzen dute. Haurrak izadira itzuli behar direla aldarrikatzen dugu, eta izadian, abereez gain, zuhaitzak ere badaudela helarazi nahi diegu txikiei.
Helburu didaktikoa du, beraz.
Bai, noski. Haurrak izaditik urruti bizi dira orokorrean, eta azkenaldian obesitatea, konzentrazio arazoak eta abar eragiten dituen Natura gabeziagatiko sindromea deritzana garatzen ari dira batzuk. Horri aurre egitea nahi dugu pelikularekin.
Zeurea da gidoia.
Bai, duela bost urte idatzi nuen, hasieran Baleuko ekoiztetxearekin, eta gero beste gidoilari batekin elkarlanean jardun nuen.
Bost urte behar dira animazio pelikula bat egiteko?
Diru asko behar da horrelako pelikula bat egiteko, eta Baleukok nazioarteko merkatuetara jo zuen, koprodukzio baten bila. Horrela, bi ekoiztetxe mexikar sartu ziren pelikulan, eta horrek ekarri zuen beste gidoilari batzuen ekarpenak jaso beharra, hemengoetatik aparte, merkatu eta ikusle desberdinei zuzenduta egongo zelako filma, eta istorioa moldatu egin behar zelako. Azkenean, lau gidoilarien artean egindakoa izan da.
Eta animazioak lan handia dakar, ez delako kamerari eman eta grabatzen hastea bakarrik. Zirriborroak egin behar dira, gero marrazkiak… eta ondoren ordenadoreko lana dator.
Noiz hasi zinen mundu honetan?
Ni, berez, aktore lanetan hasi nintzen. Donostian eta Madrilen ikasi nuen, Madrildik bueltan Penelope-Enea telebista saiorako deitu ninduten. Haren ondoren antzerkian ibili nintzen Maskarada taldearekin, Ernesto izatearen garrantzia eta Nerudaren postaria egiten. Azken hori bukatzen ari zela, telebistatik deitu ninduten Baleukoren Galde Street saioa aurkezteko. Eta han ari nintzela nire kabuz hasi nintzen saioko bideoetarako gidoiak idazten. Eta Galde Street bukatutakoan, Baleukon geratu nintzen Betizu proiektuaren lantaldean, gidoilari. Betizu-ren sei urteko ibilbidean garapen bat egon zen, saioa pisu handiagoa hartzen joan zelako, eta ni ere ardura gehiago hartzen joan nintzelako, zuzendaria izan arte.
Lan ezagun asko etorri ziren ondoren.
Olentzeroren bost pelikulak idatzi ditut, eta Espainia mailan ere egin nuen beste pelikula bat, The wish fish, arrainaren kontsumoa bultzatzeko kanpaina baten barruan. Telebistarako gidoiak ere idatzi ditut, RTVErako Blackie & Company, EITBrako Unibertsolariak, Sorgintxulo, 3txulo eta Klaudio Landak aurkeztutako programak, horien artean.
Ibilbide oparo horren berri zure webgune batean ere jaso duzu.
Bai, xegun.eus ikus daiteke egin dudana.
Bertan gidoigilea eta sortzailea zarela diozu. Horretan eman dituzu azken urteak, beraz.
Bai. Duela urte eta erdi telebistaren mundua uztea erabaki nuen, nekatuta nengoelako, baina horretan jarraitu dut. Ordura arte enkarguzko lanak egiten nituen, eta nire lan propioak sortzea nahi nuen. Gidoi bat idazten ari naiz orain, beste enkargu bat ere badut Lenbur Fundaziorako bideo baten gidoia idazteko, eta oraindik borobildu eta gorpuztu ez diren bi proiektu ere baditut telebistarako, bat Madrilgo ekoiztetxe batekin.
Webgunean blog bat duzu.
3txulo-ren garaian sortu nuen, gimnasia moduko bat behar nuelako lan horretatik kanpo zerbait idazteko, saio horrekin gehiegi ez lerrokatzeko. Hasieran, atzera gehiegi begiratu gabe idazten nuen, asko landu gabe… Tarte batean utzita izan nuen, gero egunero idazten hasi nintzen, eta orain lasaiago nabil.
GoiBerri aldizkarian ere kolaboratzen duzu.
Bai, eta askotan zalantza egiten dut, nire orriko idazlagun gehienek iritzi testuak idazten dituztelako, eta nireak ez direlako horrelakoak, nik istorioak kontatzen ditut.
Lanpetuta zabiltz, beraz.
Beno… Gidoigintzan egunak joan eta egunak etorri egiten dituzu idazten, eta batzuetan ekarpenik gabeko lanak izaten dira.
Zer egiten du gidoigile batek?
Jende askok uste du gidoigile batek idazten duela pelikula batean esaten dena bakarrik, baina gidoigile batek idazten du istorio osoa, gertatzen den guztia, erabakitzen du zer ikusten den, zer ez den ikusten , zein katilu erortzen den, zein katilu ez den erortzen… Esaten den eta ikusten den guztia kontatzen du, bai film batean, bai dokumental batean, bai bideo korporatibo batean…
Eta gero, hori guztia islatzen da azken lanean?
Ez. Estatu Batuetako telesailetan, adibidez, gidoigileak dira telesailaren arduradunak, telesaila beraiena da, eta haiek erabakitzen dute guztia, gidoia, casting-a… han indar handia dute. Hemen ez dugu hainbeste indarrik, guk idatzi egiten dugu gidoia eta zuzendariak hartzen ditu erabakiak, eta hau moztu edo hura luzatu egin dezake.
Zein da idatziko zenukeen gidoi handi hori?
Buruan badut bat, eta gogoa badut idazteko, Euskal Herriko historian nabarmendu beharreko pertsona bati buruzkoa. Baina ez dizut gehiago esango.