Zeramika, sormenari bidea emateko jarduera
Xalinko elkarteak bi urtean behin egiten duen erakusketa ireki du Kultur Etxean. Teknika desberdinak erabiliz bazkideek egindako lanak daude ikusgai. Belaunaldi aldaketaren beharra aldarrikatzen dute.
Udalarekin sinatuta duten hitzarmenari jarraituz, bi urtean behin tailerrean egiten dituzten lanak erakutsi behar izaten dituzte Legazpiko Xalinko zeramika elkarteko kideek. Pandemiak baldintzatutako azken hilabeteen ondoren, aurtengo urtearen amaieran egokitu da erakusketa berria egitea, eta astelehenetik ikusgai dago Kultur Etxean. Hilaren 26ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era.
Era askotako piezak ikus daitezke erakusketan, buztin gorriarekin eta zuriarekin egindakoak, marmolaren itxura hartzen dutenak, raku deituriko teknika erabiliz egindakoak, esmaltatutakoak, esmaltatu gabeak… Gehienak tornuan landutako pitxarrak, platerak eta katiluak dira, baina badira mode- latutakoak ere, Pinochoren irudia bezala. Teknika eta forma desberdinekoak dira, baina guztik dute jatorri bera: Xalinkoren tailerra.
Xalinko, 35 urteko bidea
Nafarroa kalean du egoitza Xalinko zeramika elkarteak, Euskaltegiko eraikuntzaren sotoan. Hantxe egokitu zuten tailerra duela 35-bat urte tornu eta labe eta guzti, eta hantxe jarraitzen dute lanean zeramikazaleek, horren lanketak eskaintzen dien sorkuntzari bide ematen eta erlaxazioaz gozatzen.
Raul Lopez da une honetan bazkiderik beteranoena, Marisol Perez de Arenazarekin batera. Biak 1980eko hamarkadatik daude Xalinkon, eta oraindik gustura ari badira ere, elkartean belaunaldi aldaketa bat behar dutela diote, eta jende gazteari luzatzen diete gonbitea.
Xalinkoko bazkide egiteko bidea bi urtean behin Juan Mari Burguerak gidatuta ematen duten 30 orduko hastapen ikastaroan parte hartzea dela azaldu dute. Horren ondotik teknika menderatzen hasteko bi urte inguru behar direla ohartarazi dute ordea, «eta oraingo gazteek ez dute horrenbesteko pazientziarik, bat-batean nahi dute dena, eta zeramikan ezinezkoa da hori».
Adituen ondoan ikasten
Xalinkoko bazkidetzak urtean 25 euro eskatzen ditu, eta trukean materiala eta tailerra ia nahieran erabiltzeko eskubidea ematen du. Hori «pribilegio bat» dela dio Lopezek, Gipuzkoan horrelako gutxi daudelako. «Lokala oso ondo prestatuta dago, tornua eta bi labe elektriko ditugu, eta hori guztia mantentzeko udalaren laguntza dugu».
Hasi berriak adituekin elkartzen dira tailerrean, eta horien ondoan ikasten dute lehenik tornua menderatzen, eta gero, adibidez, buztin, portzelana, terrakota edo gresarekin lan egiten, edo engobe eta beiraztatze teknikak erabiltzen. Astegunetan, egunero dago mugimendua tailerrean, batez ere negu partean.
David Delgado da elkartera iritsitako azkenetakoa. Ikastaroa egin ondoren geratzea erabaki zuen, zeramikaren mundua «oso motibagarria» eta, aldi berean «oso erlaxagarria» delako. Pazientzia behar dela dio, baina «merezi du». Taldean dagoen «giro ona» ere nabarmendu du.