Egutegiko asmakizunetan 1.553 lagunek hartu dute parte
2021ean, urtarriletik abendura, egutegiko asmakizunetan, 1.553 erantzun jaso ziren guztira; batez beste, hileko 129 lagunek hartu dute parte lehiaketan. 2021eko egutegirako aukeratutako gaia euskara izan zen, eta beste urte batzuetako dinamikekin jarraituz, euskararen inguruan jolastea proposatu zuten Legazpin asmakizunen bidez, «euskararen inguruko zenbait gai azaltzeko balio izan dutenak. Ahozko tradizio guztietan garrantzi handia dute igarkizunek eta, jakina, baita euskarak ere».
2022rako aukeratutako gaiak hurbileko eta sasoiko fruta eta barazkiak dira. Izan ere,udalaren esanetan, «tokiko produktua kontsumituz, gure baserritarren lanari balioa ematen diogulako, eta, aldi berean, jaio garen edo eta bizitzen ari garen ingurunearen identitate soziokulturala indartzen dugulako. Kontsumo osasungarria egin dezagun, bertako produktuak kontsumitu ditzagun!».
Abenduko erantzuna
Abenduko erantzuna arkatza zen. Honela zioen asmakizunak: «Zer dela eta zer dela? Hasieran luzea eta bukaeran laburra. Ez buru, ez hanka eta ez hezurra. Hazi beharrean txikituz doa. Hau ez da gezurra; edozer egin dezake, etxea ala autoa, zuhaitza ala egurra. Atzamarretatik ihes egiten digunean ematen diogu agurra».