Jabetze Eskolak udaberrirako tailer eskaintza aurkeztu du
Sei jarduera proposatu ditu martxotik ekainera arte. Ikastaroak eta tailerrak dohainik dira, baina izena eman behar da. Partaideek 5etik 4,6ko nota jarri diote
Urola Garaiko Jabetze Eskolak martxotik ekainera bitarterako antolatu dituen tailerrak eta ikastaroak aurkeztu ditu. Era askotako gaiak lantzeko sei hitzordu izango dira, Urretxun, Legazpin eta Ezkion.
Emakumeentzako eskaintza berriaren aurkezpena Ainara Diaz eta Estu Ripa berdintasuneko teknikariek egin zuten Emakumeen Etxearen kanpoaldean joan den aste amaieran, eta ondoan izan zituzten Jabetze Eskolako kide diren Amaia Agirre, Begoña Luzuriaga eta Maria Pilar Romano.
Sei gai, sei tailer
Bizitzaren korapiloak elkarrekin askatuz, makramea tailerra izango da hasiko den lehena. Mariam Idiakezek emango ditu saioan martxoko astearteetan, 09:30etik 12:30era, Urretxuko Emakumeen Etxean. Toki berean eta Oihane Vicenteren ardurapean, Emakumeak mugimenduan tailerra izango da, ostiraletan, martxoaren 4an hasi eta ekainaren 10era arte, 09:30etik 11:00etara.
Asteazkenetan, berriz, Yogaterapia izango da, Urretxuko lokalean hori ere. Itziar Perez Alkortak emango du, martxoaren 9tik maiatzaren 25era, 18:00etatik 19:30era. Tailer honetan ez dago tokirik dagoeneko.
Urretxun ere, Zoru pelbikoa indartzeko tailerra izango da, Saioa Baenak dinamizatuta, astelehenetan,martxoaren 14tik maiatzaren 30era (17:30- 19:00).
Sendabelarren gaia ere landuko dute, Cristina Lizarragarekin, maiatzaren 21ean eta ekainaren 7, 14 eta 21ean, Ezkioko Igartubeitin, 17:30etik 19:00etara.
Amaitzeko, A mano y sin permiso tailerraren bigarren zatia Emakumeen Etxeak Legazpin duen lokalean emango du Tania Sirianyk, martxoko, apirileko eta maiatzeko larunbatetan, 11:00etatik 13:30era.
Ikastaro eta tailer guztiak dohainik dira, baina izena eman behar da: 943 25 23 89 edo jabekuntzaeskola@gmail.com.
Partaideen balorazioak
Urola Garaiko Berdintasun Arloak antolatuta, Jabetze Eskolaren programazioa bitan banatzen da urtean zehar, batetik martxotik ekainera eta bestetik, urritik abendura. Iaz, 12 ikastaro antolatu zituzten guztira, eta 97 izen-emate izan zituzten, partaideen batez besteko adina 46 urtekoa izanik.Partaide horiek 5etik 4,6ko nota jarri zioten iazko jardunari.
Begoña Luzuriaga da Jabetze Eskolako tailerretan parte hartzen duen emakumetako bat. Tai Chi ikastarora joaten zen lagun baten bidez iritsi zen eskolara, «baina askoz ere gauza gehiago daudela ikusi nuen», eta beste tailer batzuetan izena eman zuen. «Hemen nago oraindik, gauza oso interesgarriak iruditzen zaizkidalako».
Amaia Agirre ere ez da Jabetze Eskolatik irten bertara iritsi zenetik, «emakumeari benetako indarra ematen dio, babesa, giro ona eta elkarrenganako maitasuna… ezin dut azaldu zer nolako sentsazioekin ateratzen zaren hemendik. Etor zaitezke triste edo animorik gabe, baina irteerarako hegalak dituzu». Esperientzia «ezin hobea» dela dio, eta parte hartzera animatzen du, «disfrutatu egingo dute eta indarberrituta aterako dira. Ez dira damutuko!».
Maria Pilar Romanok, berriz, pandemia bete-betean ezagutu zuen Jabetze Eskola, eta «egundoko aurkikuntza» izan zela dio. Emakumeak mugimenduan tailerrarekin hasi zen, eta gerora beste batzuetan ere parte hartu du. «Buruko mina, belauneko mina… ahaztu egiten nituen, zoriontsu nintzen, eta zoriontsu naizenean, besteak ere zoriontsu izatea nahi dut. Horregatik animatu nahi ditut beste emakumeak ere».