Zopiloteen itzulera Lazkaon, disko eta guzti
Los Zopilotes Txirriaos musika talde nafarrak Lazkaon kontzertua egingo du, bihar. Bi urteko geldialdiaren ondotik, 'La chica maravilla' disko atera berriarekin hasiko dute bira, nafar-mex estiloari fidel.
Ohiko umorearekin eta gordintasunarekin egin dute Los Zopilotes Txirriaos taldekoek Lazkaoko biharko kontzerturako deialdi-gonbita: «Ez da leku arazorik izango, ez badituzte aterkiak eta ganba-frijituak oparitzen sarrerarekin batera, eta Goierriko jubilatu guztiak apuntatzen. Ura, garagardoa, eta edateko geldialdiak izango dira, Raikkonen Lizarrusti gainean kaskoak sinatzen egongo da, eta Tony Hawk atez atekoari eta Santa Cruz taula berriei buruz hitzaldia egiten».
Ohiko ganberrokeriarekin, bi urteko isilaldi behartuaren ondotik oholtzetara itzuliko dira Los Zopilotes Txirriaos talde nafarrekoak. Lazkaon hasiko dute bira. Bihar, 18:00etatik aurrera, skate parkean egingo dute jaialdia. Slow Times Blues Band taldeak ere joko du. Sarrera 10 euro da. Aurrez Antsoategin, Giroan eta Zelatan eros daitezke.
Disko berria atera dute: La chica maravilla. Hamar abestiko bilduma da, letra aldarrikatzaile eta zirikatzaileekin rantxera kutsua galdu gabe. Apirilean grabatu zuten Beasaingo Pottoko estudioan, Fredi Pelaezekin. Ohi bezala, soinuarekin Eneko Dorronsoro ataundarra ari da.
Lau hilabeteko biran, 23 kontzertu zerrendatu dituzte. Goierrin, Lazkaon bihar hasi, eta Olaberrian (ekainak 24), Ataun Aian (uztailak 2), eta Beasaingo Igartzan (irailak 9) ere joko dute.