Goiekik mende laurden bete du ekimen berriak hauspotzen
Goiekiren Ekimen Berrien Sariketa martxan da. Aurtengo edizioa berezia da, gainera, 25.na delako. Gaur, dena hobetu daiteke du lema.
Hiru maila bereizi dituzte, aurrekoetan bezala: enpresa ekimen berriko proiektuak, enpresan buruturiko proiektu berritzaileak eta gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez. Garapen agentziak 10.000 euro banatuko ditu sarietan. Goilanek 3.000 euroko bonusa eskainiko du kooperatiba izaerako enpresa hasiberri batek irabazten badu sari potoloa.
Goiekiko enpresa gunean kokatzeko aukera, Enpresa eta Enpresa Ekimen Berrien arloak eskainiko dituzten zerbitzuei sarbidea eta jardueraren lehen urteetan aholkularitza, babesa eta jarraipena irabaziko dituzte sarituek, diruaz gain.
Proiektuak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira: negozio ideiaren bideragarritasun plana eta proiektuaren balore nagusiak azalduko dituen txostena.
Goierrin kokatuta dauden enpresei zuzendutako lehiaketa da.












