Urretxuko parke osasungarria
Urretxuko Udalak parke bio osasungarri bat egin du bidegorrian, Aparizio auzoaren parean. Bertan, adin guztietako herritarrek gimnasia ariketak egiteko aukera daukate.
Bidegorria Goierri garaian egin den inbertsio onenen artean dago. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako bizilagunak elkartzen ditu; herritarren arteko hartu-emana sustatzen du, ariketa fisikoa sustatzen du… Gainera, bidegorria geroz eta erakargarriagoa da, geroz eta zerbitzu gehiago baititu: komunak, iturriak, bankuak, parke bio osasungarriak… Duela urte batzuk Zumarragako Udalak lehen parke bio osasungarria egin zuen eta Urretxuko Udalak bigarrena egin du. Aparizio auzoaren parean dago eta atzo +65 forokoek estreinaldi ofiziala egin zuten.
Ikastaroko azken ekitaldia izan zen. Parte hartzaileak Areizaga-Kalebarren parkean elkartu ziren eta Mikel Markotegirekin eta Maite Aguadorekin parke bio osasungarrira joan ziren.
Markotegi Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua eta zahartze osasungarrian eta bizi kalitatean unibertsitate masterra da eta Ikerketa Biomedikoan doktoregoa egin zuen. Aguado Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kidea da.
Markotegik erabilera publikoko parke horiek nola erabil ditzaketzen azaldu zien bertaratu zien guztiei. Herritik berarekin joan zirenez gain, bidegorrian zeuden hainbat lagunek parte hartu zuten.
Markotegik ordu erdi inguruko saio txiki bat eskaini zuen eta parkea inauguratutzat eman zen. Amaitzean, herrira itzuli ziren eta jubilatuen egoitzan lunch txiki bat egin zuten ikasturteari amaiera emateko.
Foroaren helburua
+65 foroa ikasturte honetan sortu da. Helburua adineko pertsonek beraien etorkizuna diseinatzea da. Dinamizatzaile baten laguntzarekin, parte hartzaileek gai ezberdinen inguruan hausnartzen dute: nola nahi duten zahartu, etorkizunerako nahi duten zaintza eredua, beraien harreman sareak zeintzuk diren, sare berrien diseinua, aisialdirako aukerak, adinekoentzako programak…
Bilerak hilean behin dira eta bileretan parte hartzeko ez da izena eman behar. Gainera, ez da derrigorrezkoa bilera guztietara joatea.
Bilerez gain, hainbat ekitaldi egin dituzte: osasun mentalari eta emozioen kudeaketari buruzko tailerrak, adinekoek jasaten duten diskriminazioari buruzko hitzaldia, doluari eta elikadurari buruzko saioak, kafe filosofikoa… Dagoeneko gimnasia egokitu saioetan izena eman daiteke eta uztailaren 4tik aurrera yoga ikastaroan izena eman ahal izango da.