Majoriko langileek jarrera aldaketa somatu dute, baina grebari eutsi diote
ELA sindikatuko ordezkariak aditzera eman duenez, lan gatazka konpontzeko urratsak iza ari dira. Irtenbidea bilatu bitartean greban jarraituko dute. Hamabigarren greba egun dute gaur

Ordiziako Majori kiroldegiko tabernako langileek dozena bat egun daramatzate greba. ELA sindikatuko ordezkariak aditzera eman duenez, lan gatazka konpontze aldera urratsak ematen ari dira; «Athlon Sintagmia enpresaren aldetik eta Ordiziako Udalaren aldetik jarrera aldaketa bat egon da», aitortu dute. Horrek, «esperantza izpi bat» ematen die langileei.
Majoriko tabernako langileek eskatzen dutena da lan hitzarmena adostea: «KPIaren araberako igoera, egutegi eta ordutegi bat finkatzea kontziliazioa errazteko, lan orduak hitzartutakora murriztea, kategoriaz kanpoko lan gehigarriak egiteagatik konpentsazioa jasotzea, antolakuntza egokia, eta kiroldegiko gainontzeko langileek dituzten eskubide berberak izatea».
Azken urte honetan egin duten bigarren greba deialdia da hau; uztailaren 7an hasi zuten aurreko lanuztea eta bi hilabete iraun zituen, hain zuzen ere, irailaren 1ean, Athlon Sintagmia enpresa berriarekin hasi ziren arte. Enpresa berria sartu aurrekoak dira langileek dituzten arazoak, baina Athlon sartu orduko aukera bat eman behar ziotela-eta, greba bertan behera gelditu zen. Hitzarmenaren nahia helarazi zieten langileek eta bi bilera eta gero beraien ezina aurkeztu zieten. Udalaren aldetik ere, ez zuten gatazka konpontzeko pausorik ikusi, horregatik guztiagatik jo zuten berriro grebara.
Hasitako bideari, eutsi
Orain, espero dute, «hasitako bideak irtenbide batera eramatea», gainontzean, «greba mugagabeari eutsiko» diote.