Babak iritsi dira Ibarrako negutegietatik
Erramu iganderako erramu sortak ere salgai izan dira. Ilar gehiago ere iritsi da, oraingoan Aramatik.
Udaberriko baino uda itxura gehiagoko eguraldiarekin egin da gaurko feria Ordizian, zeru urdin-urdinez eta tenperatura epelez lagunduta. Ohiko eroslez eta bisitariez gain kanpotik etorritakoek, bestalde, giro berezia eman diote plaza inguruari. Bisitarien artean gertukoak ziren nagusi, Beasaingo eta Zumarragako La Salle ikastetxeetako gaztetxoak hain zuzen, hemengoekin trukean etorritako ipar aldeko beste ikasle batzuekin batera hurbildu direnak. Horiez gain, Basque Culinary Centerreko Turismo Gastronomikoko masterra egiten ari direnak ere izan dira bisitan, hego eta ertamerikarrak gehienak.
Negutegiko baba eta azenario berria
Plazan zer ikusi eta zer erosi izan da gaur. Aurreko astean ilarra aurkeztu zen bezala, lekale horren parean iristen den baba ere ikusi da gaur. Ibarrako Montesekoek zuten, kiloa 5 euroan, negutegikoa. Kanpokoa jateko oraindik pixka bat itxaron beharko dela zioten inguruko saltzaileek, lekatzen hasita dago, baino oraindik ez behar bezala helduta. Eguraldiak laguntzen badu, kanpoko ilarra ere laster helduko dela zioten. Bitartean, negutegikoa badago aukeran. Aurreko astean Montesek Utrillo motakoa zuen, eta gaur Aramako Patxi Arizmendik Alberto Printzea motakoa, bi kasuetan kiloa 14 euroan.
Babekin batera, azenario berriak ere jarri dira gaur salgai, ekologikoak gainera. Zeraingo Iñaki Intxaustik zituen, sortatan bilduta. Sorta bakoitza 1,8 euroan zuen. Esan beharra dago tamainaz txikia zela, baina horregatik hain zuzen izaten da oso estimatua, eta hala ikusi da gaur, ferian ohikoak diren sukaldariek ia dena erosi diotelako.
Landare kontuei ere erreparatu behar zaie, horien salmenta ere mugitzen hasita dagoelako. Badira kanporako tomatearekin ausartzen direnak, baina orain udako tipula eta porrua aldatzeko garaia dela zioten saltzaileek; Montesek 3,5 euroan zuen salgai bietatik, ehuneko sortetan. Bestalde, Muxika motako leka ere bazuten, bakoitza 0,25 euroan, baita orburua ere, 0,80 euroan. Beste bi postuetan piperrak ere hasi dira ikusten.
Erramu sortak
Baina gaur plaza barruan arreta zerbaitek deitzen bazuen, erramu sorten eskaintza zen hori. Izan ere, feriak berriz ere bere egin ditu eliza kontuak, eta erlijio egun seinalatu bati begira jarri da: Erramu Igandea. Igande honetan da, eta elizara bedeinkatzera eramateko erramu sortak han eta hemen jarri dituzte salgai, 0,20 euroko adarretatik hasi eta 2,5 eurora bitarteko sorta handiagoekin amaituz.
Zuhaiztiko fruta saltzaileen artean, azkenik, Nafarroako zainzuria izan da protagonista nagusia. Postu guztietan zegoen salgai, kiloa 5,5 eta 12,9 euro artean.