Jauzi bat bi menderen artean, argazkiz argazki
Beasainek azken 40 urteetan izandako bilakaera jaso dute argazkien bidez Juantxo Unanuak eta Xabier Garmendiak.
Xabier Garmendia eta Juantxo Unanua, eskuetan ale bana dutela.Laida Goiburu Beasain asko aldatu da azken hamarkadetan: etxebizitza eta errepide berriak, industria guneak, jolas parkeak, monumentu multzoaren eraberritzea… Herriak izan dituen aldaketa horiek guztiak modu grafikoan azaltzeko, Beasaingo Paperak bildumako 33. alea ondu dute Juantxo Unanuak (Beasain, 1958) eta Xabier Garmendiak (Beasain, 1990): Beasain, mende arteko jauzia iruditan. Harrera ezin hobea izan du lanak, salgai jarritakoak agortu baitira eta beste tirada bat atera baitute.
33 urtez El Diario Vasco egunkarirako Beasaingo kronista izan zen Unanua 2022. urtera arte, eta urte horietan guztietan argazki pila bat atera eta bildu zituen. Hortik sortu zen bildumako 33. alea, kazetari ohiak azaldu duenez: «Xabier Matarranz Kultura zinegotzia zen, eta nik ateratako argazkiekin zerbait egitea proposatu zidan. Gero etorri zen Martin Garcia historialaria, eta berdina esan zidan. Nik ezetz. Gero alkateak galdetu zidan ea prest nengokeen, eta baietz esan nuen azkenean».
2002. urtera arteko argazkiak negatiboetan zituen, eta hortik aurrerakoak digitalean. Xabier Garmendiari proiektuan elkarrekin lan egiteko eskatu zion, eta horrela hasi ziren lanari forma ematen. Argazki gehienak Unanuarenak diren arren, lanari eta kontatu nahi izan dutenari osotasuna emateko Garmendiaren zein beste eragile, talde edo erakunderen argazkiak ere uztartu dituzte.
Bigarren zati bat martxan
Garmendiak azaldu du hasieran 2.000 orrialde pilatu zituztela: «Gaien aukeraketa egin behar izan genuen, hori izan da zailena». Biak bat datoz hori izan dela lanaren zatirik zailena: «Batetik kentzen bazenuen bestetik kolokan geratzen zen, hankamotz». Izan ere, helburua zen herriaren garapena azken 40 urteetan nolakoa izan den erakustea, gai bakoitzean herria nola zegoen, gaur egun nola dagoen eta tartean zer prozesu izan duen azaltzea, eta horretarako beharrezkoa zen argazki bat baino gehiago txertatzea. Bost gai aukeratu zituzten: hirigintza, azpiegiturak eta zerbitzuak, industria-jarduera, ingurumena eta auzoak.
Horiek dira liburuko kapituluak, eta bakoitzaren barruan azpikapitulutan banatu dute lana; esate baterako, Hirigintza kapituluaren barruan dago Erauskin, ibilgailuen zirkulaziorako ardatz izatetik oinezkoentzako eremu izatera azpikapitulua.
“Gaien aukeraketa egin behar izan genuen, hori izan da zailena”
Xabier Garmendia. Egilea
Halere, 2.000 orrialde horien hasiera hartatik kanpoan geratutako materialarekin beste liburu bat osatuko dute: «Hau izan da lurralde arloa, eta bigarrena izango da jendeari lotutakoa; hezkuntza, kultura, festak, ongizatea, ekonomia… Hori bigarrenerako». Lehenengoaren jarraipena denez, laster argitaratu nahiko lukete: «Gaien aukeraketa egiterakoan nahiko aurreratuta utzi genuen bigarren zatia», azaldu dute. 2027rako izango dela baieztatu dute. Helburu bera izango du: herriaren garapena argazki bidez erakustea.
“Oso harrera ona izan du, denak bukatu dira, ez genuen pentsatzen hori gertatuko zenik”
Juantxo Unanua. Egilea
2023an sinatu zuten alea egiteko hitzarmena, eta 2025eko udan argitaratu zuten. 2025eko abenduan, berriz, aurkeztu egin zuten. «Ordu dezente sartu» dituztela aitortu dute; argazkiak eskaneatu edo digitalizatu, aukeratu, gaiak aukeratu eta banatu, argazkiei lotura eta segida-zentzu bat eman… Baina pozik daude emaitzarekin zein izan duen harrerarekin: «Oso harrera ona izan du, denak bukatu dira, ez genuen pentsatzen hori gertatuko zenik. 1990. hamarkadatik ez ziren bukatzen», azaldu du Unanuak.
Belaunaldien artean
Beasainen bilakaera erakusteaz gain, Garmendiak gehitu du baduela beste funtzio bat lanak: iragana gogorarazteaz gain, belaunaldien arteko elkarrizketa sortzeko baliagarria da. «Esan digutenez, Gabonetan familia askotan liburua hartu eta horren bueltan oroitzapenak eta ikuspuntuak partekatzeko balio izan du». Bigarren zatiaren esperoan, Beasaingo Paperak bildumaren 33. alearen lehenak bi menderen artean lehen jauzia egitera gonbidatuko ditu irakurleak.
Mirentxu eta Jon Aranbururen liburu dendetan salgai
Herritarren eskaera zabalari erantzuteko, udalak ale gehiago argitaratu ditu. Mirentxu eta Jon Aranbururen liburu dendetan daude salgai. Udalaren esanetan, lanak herriaren «arima» jasotzen du azken 40 urteetako eraldaketa sakona ia mila argazkiren bidez dokumentatuz: «Liburuak udalerriko txoko guztiak zeharkatzen ditu; Antzizarretik Ezkiagara, Altamiratik Erauskinera, eta Oria ibaiaren ertzetatik herriko auzo urrunenetaraino. Juantxo Unanuak eta Xabier Garmendiak egindako ikerketa eta bilketa lan eskergari esker, argitalpen honek iraganaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa sustatu nahi du. Argazki bakoitzak historiaren zati bat kontatzen du, batzuentzat oroimina izango dena eta besteentzat aurkikuntza».












