«Besteentzat lagungarri izateko helburuz idatzi dut liburua»
Coach ontologikoa izateak lagundu dio Legazpin bizi den perutar honi bere bizitzako gertakari mingarriak gainditzen. Liburu batean jaso du prozesu hori, nobela forma emanda. ‘El arte de sanar’ du izenburu.
Peru duela bost urte utzita, Legazpin bizi da Cynthia Vera (Lima, 1974), eta herrikideen aurrean aurkeztuko du gaur bere iraganeko bizipenenak kontatuz, haiek utzitako aztarna mingarriak gainditzeko idatzi duen El arte de sanar liburua. Kultur Etxean izango da aurkezpena, 19:00etan.
Nolatan Legazpin?
Legazpiar batekin ezkondu nintzen, Josu Baigorrirekin. Hasieran Josu hainbatetan joan zen hara, baina azkenean ni hona etortzea adostu genuen, denbora bat egin, eta biak hara joateko gero.
Zein da zure lanbidea?
Ni han telebista ekoizlea nintzen, eta Peruko Got Talent saiokoa izan zen nire azken lana. Carlos Lozanorekin egiten nuen lan, eta besteak beste David Bisbal ere eraman genuen kontzertu batera. Lan aldetik nire bizitza erosoa zela esan daiteke. Baina maitemindu egin nintzen, eta hura utzi eta Legazpira etortzea erabaki nuen.
Lana, eta zerbait gehiago utzita.
Bi seme-alaba ditut, helduak dagoeneko, eta semea han geratu zen, baina alaba Londresen bizi da aspaldi.
Orain beste lanbide bat duzu.
Hango ikasketak ezin izan ditut baliozkotu, eta Perun hasitako beste bide bati heldu diot hemen. Coach ontologikoa naiz duela hamabi urte, eta online lan egiten dut. Estatu Batuetan lortu nuen ziurtagiria, eta gero Txilen eta Kolonbian formatu nintzen. Ikastaroak ematen nituen, gobernuarentzat, eskolentzat…
Zer da coach ontologikoa?
Izakiarekin lan egiten dugu batez ere, emozioekin, gorputzarekin, izadiarekin. Guk pentsatzen dugu elementua neutroa dela, eta interpretazioa dela aldatu behar dena, emozioak eta gorpuztasuna aldatu ahal izateko. Galderak dira oinarria. Nik galderak egiten ditut, eta ni ondoan nauzula, zu nahi duzun lekura iristen zara. Niretzat ere oso lagungarria izan da, asko lagundu dit nire bizitzako pasarteei aurre egiten.
«Niretzat ere oso lagungarria izan da, asko lagundu dit nire bizitzako pasarteei aurre egiten»
Liburua prozesu horretan kokatzen da?
Ideia Liman sortu zen, baina hemen idatzi dut. Eta bai, prozesu hori ixteko izan dela esan daiteke.
Zer kontatzen duzu?
Nire bizitza, amaren sabelean nengoenetik hasita. Eta nire migrazioarekin lotutako dolua ere jaso dut. Sustengu handia izan da liburua idaztea. Bertan, biktima izateari utzi eta niri gertatutakoaren arduradun izaterainoko bidea jaso dut. Tristura sakona sentitzen nuen garai batean, eta huraxe izan zen liburuaren jatorria. Tristura horrek nire historian sakontzen lagundu dit, eta nobela bihurtuta idatzi ahal izan dut historia hori. Nire bizitzan isiltasuna, mina egon da, eta zauri horiei sakon begiratuta, hori guztia zeharkatu eta lortu dut sendatzea. Nik lortu dut, eta nik bezala, beste batzuk ere lortu dezakete. Hori izan da liburua idazteko beste helburu bat, besteentzat lagungarri izatea.
Zauriak aipatu duzu…
Familia sekretuak, ezkutatzeak… Nire amak ezkongabe zegoela eduki ninduen, eta horrek eragin handia izan du nire bizitzan, baita bortxatua izateak ere. Mingarriak izan ziren horiek, eta gertakari mingarri gehiago ere izan ziren. Umea nintzen orduan, eta ezin nintzen defendatu, baina orain, helduaroan, ahal izan dut, gertakari horiei ematen diedan interpretazioaren bidez.
Non eros daiteke El arte de sanar liburua?
Gaur, aurkezpenean, eta Amazonen ere badago salgai.












