Izaro Tores, Alaves futbol taldeko urretxuarra
Izaro Tores futbolari urretxuarrak Alavesen bigarren taldean jokatzen du. Lehen taldea lehen mailara igo da eta datorren denboraldian hor aritzea espero du.
Urretxun eta Zumarragan ere emakumezkoen futbolak pauso handiak eman ditu azken hamarkadetan. Urolak inoiz baino jokalari gehiago ditu eta Urolatik pasatako hainbat jokalari goi mailara bidean dira. Horietako bat Izaro Tores Lopez (Urretxu, 2003) da. Datorren denboraldian lehen mailara igo den Alaves taldean jokatuko du.
Umetatik gustatzen zaio futbola. «Nire aita betidanik izan da futbolzalea. Ilintxan jokatu zuen, atezain postuan. Horrek eragina izan du. Nire lehengusua nire adinekoa da eta txikitatik futbolean jokatu dugu elkarrekin. Eta jolas-orduetan futbolean jokatzen nuen, mutilekin».
Urolan jokatzeko aukera izan zuen bezain laster, izena eman zuen. «Bospasei urte eman nituen Urolan. Ondoren, Beasainera joan nintzen, Goierri Gorrira. Bi urte eman nituen han. Handik Realera joan nintzen. Hiru urte eman nituen Realean. Eibarren urte bat eman ondoren, lau urte daramatzat Alavesen».
Realera 14 urterekin iritsi zen eta bigarren taldean jokatu zuen. «Egun lehen taldean dauden batzuekin eta kanpoan jokatzen ari direnekin jokatu nuen: Cecilia, bi atezainak, Nantesen dagoen Izarne Sarasola, Londresen dagoen Elene Lete zumarragarra, Athleticeko Adriana Nanclares…». Eibarren eta Alavesen ere bigarren taldean aritu da. Aurten, denboraldi osoa lehen taldearekin jokatu du eta bigarren taldearekin jokatu du. «Kopan lehen taldearen deialdian sartu ninduten, baina ez nuen jokatu», azaldu du.
«Alavesetik deitu zidatenean futbolari beste aukera bat ematea erabaki nuen: egin dudan onena da»
Alavesek lehen mailan jokatuko du datorren denboraldian eta Toresek onenekin jokatzea espero du. «Lehen taldea lehen mailara igo da eta hori oso pozgarria da. Niri dagokidanez, urte zaila izan da. Inoiz lesionatu gabea nintzen, bihurritu txikiren bat besterik ez, baina aurten lesio luzea izan dut. Oraindik ere atzera eta aurrera nabil. Kirolak horrelakoak ditu. Lotailu haustura izatea okerragoa zatekeen. Alavesekin beste bi denboraldi sinatu nituen eta hurrengo denboraldian lehen taldean aritzea espero dut. Hegalekoa naiz, baina aurrelari bezala ere moldatzen naiz. Alboko defendatzaile postuan ere jokatu dut. Jokatzea da kontua. Azkarra eta bizia naiz».
Gasteizko taldean oso gustura dago. «Eibarren denboraldi baterako sinatu nuen. Une txar bat bizi izan nuen eta ez nengoen oso motibatuta. Alavesetik deitu nindutenean, futbolari beste aukera bat ematea erabaki nuen. Egin dudan onena da. Oso gustura nago Gasteizen: jendea oso jatorra da, bizimodua oso ona da… Lau urte daramatzat Gasteizen bizitzen. Hona etorri nintzela baliatu nuen ikasketak hemen egiteko. Erizaintza ikasten ari naiz. Hirugarren mailan nago».
Arabako hiriburua asko gustatzen zaio, baina Urretxu ez du saltzeko. «Asteburuetan Urretxura joaten naiz, familia eta lagunak han baititut. Etxekoia naiz eta familiarekin egotea asko gustatzen zait».












