Urretxu-Zumarragako taldeak irabazi du Lazkaomendiko herri kirol desafioa
Urretxu-Zumarragako taldeak irabazi du Lazkaomendiko jaietako herri kirol desafioa aurten ere. Zortzi talde lehiatu ziren, inoiz baino gehiago, larunbatean: Lazkaomendiko beteranoak, Lazkaomendiko gazteak, Ataun, Beasain, Gabiria, Idiazabal, Segura-Zerain eta Urretxu-Zumarraga. Desafioa ikusteko asmoz jendez bete zen Ixurreneko kanpa.
Zazpi talde lehiatu ziren lehen kanporaketako hiru tandatan, Lazkaomendiko beteranoak kenduta beste guztiak. Beteranoak zuzenean finalera sailkatuta baizeuden. Aurrenekoan Beasain (10.41) eta Idiazabal (11.40), bigarrenean Lazkaomendiko gazteak (10.51), Ataun (11.21) eta Gabiria (14.21), eta hirugarrenean Urretxu-Zumarraga (10.00) eta Segura-Zerain (11.53).
Finalean Lazkaomendiko beteranoak, Beasaingoak eta Urretxu-Zumarragakoak aritu ziren. Urretxu-Zumarragakoak hasiera-hasieratik jarri ziren aurretik, eta amaierara arte eustea lortu zuten (16.37). Bigarren Lazkaomendiko beteranoak izan ziren (17.26) eta hirugarren Beasaingoak (18.28).













