«Sorolla gustuko dut, batez ere erabiltzen dituen koloreengatik»
Iñaki Zabaletak (Idiazabal, 1975) bere lehendabiziko erakusketa ireki du jaioterrian. Udaletxeko areto nagusian egongo dago ikusgai apirilaren 28ra arte. Margolan guztiak akrilikoan egindakoak dira.
Zer da erakusketan ikusgai dagoena?
Azken bi edo hiru urteetan egin ditudan hamasei margolan daude ikusgai. Ez dut gehiegi pentsatu lanak aukeratzerako orduan, baina batez ere animaliak, munduko dantzariak eta paisaia batzuk agertzen diren margolanak daude ikusgai. Animaliak eta dantzarik margotzea gustuko dut, batez ere koloreagatik eta mugimenduagatik.
Zer lan mota dira?
Margolan guztiak akrilikoan egindakoak dira. Brotxa eta espatula erabiltzen ditut margotzerako orduan.
Idiazabalen egiten duzun lehendabiziko erakusketa da honokoa.
Egiaz nire lehendabiziko erakusketa dela esan daiteke. Orain dela urte asko Mutiloako Ostatun egin nuen erakusketa txiki bat baina hau da egiten dudan mota honetako lehendabizikoa, baita pertsonalagoa ere. Oso eskertuta nago Idiazabalgo Udalari erakusketa egiteko eman didan aukera honengatik.
Nola definituko zenuke zure estiloa?
Esango nuke inpresionista dela. Niri batez ere kolore asko sartzea gustatzen zait. Batzuetan gehiegizkoa ere suertatu daiteke, baina gustatzen zait kolorea.
Nondik jasotzen duzu inspirazioa?
Normalean, irudi bat ikusten dudanean atentzioa deitu didan hori margolanean islatzea gustatzen zait. Paisaiekin ere berdina gertatzen zait. Batzuetan gutxien espero dudan lekuan aurkitzen dut nire arreta pizten duen zerbait.
Noiz hasi zinen margotzen?
2006an hasi nintzen margotzen, Jokin Telleriaren eskutik klaseak hartu nituen Beasainen. Aurretik ere egiten nituen nire gauzatxoak, baina serioago 2006an jarri nintzen. Gaur egun, Beasaingo Bear marrazketa eta pintura zaletuen elkarteko kidea naiz. Bearren egoitzan marrazten ditut nire lanak, han sentitzen naiz erosoen.
Baduzu gustuko margolaririk?
Joaquin Sorolla oso gustuko dut erabiltzen dituen koloreengatik, Dali bera ere bai, Goya…












