«Oraindik irekita dauden zauriak ixteko beharrezkoa da egia»
‘Zegama 1946-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan’ ikerketa lana ondu du Ione Zuloaga Muxika (Azkoitia, 1995) ikerlariak.
Nola suertatu da ikerketa lan hau egiteko aukera?
Faxistek gerra garaian fusilatutako Joxe Urbizu zegamarraren gorpuzkiak agertu zirenean, Zegamako Udalak Oroimenaren Txokoa eraiki zuen herriko hilerrian. Urbizuren gorpuzkiak lurperatzearekin batera, udalak gerran arrazoi ezberdinengatik desagertu ziren beste herritar batzuei ere aitortza egin zien ordu hartan. Udalak gaia ez zegoela itxita ulertu zuen, eta 1936 eta 1945 urte artean emandako giza eskubideen zapalketa eta errepresioa ikertzeko behar bat zegoela ikusi zuen. Hala, Aranzadi Zientzia Elkartearekin ikerketa lan bat egiteko hitzarmena sinatu zuen 2019an. Proiektuak hiru urteko iraupena izan du eta ikerketa lanak 2021era arte luzatu dira. Itzulpenak, zuzenketak eta maketazio lanak amaituta, orain argitaratu da bi liburukitan.
Nola bideratu duzue ikerketa lana?
Metodologia zientifiko jakin bat jarraitzen dugu mota honetako ikerketa lanak egiteko. Gure ikerketa 1931n hasten da beti, Bigarren Errepublika aldarrikatu zen urte inguruan. Beharrezkoa da testuinguru bat zehaztea, gero gerran zer gertatu zen eta errepresioa zergatik eman zen jakiteko. Frankismoa ezarri zen garaitik errepresioaren urteetara zabaltzen dugu gero, ikerketa. Bide horretan, tokian tokiko herritarren izenak eta abizenak biltzea oso garrantzitsua da guretzat, ikustarazteko ez zela izan gutxi batzuek egin zuten gerra soila, gizarte oso batek parte hartu zuen gerra bat izan zela baizik.
Behin testuingurua zehaztuta, zer da ikertzen duzuena?
Kartzelaratutako herritarrak zeintzuk izan ziren, auzitegi militarrek epaitutakoak, fusilatuak, kontzentrazio-esparruetan egon zirenak, erbesteratuak izan zirenak, etab. identifikatzen ditugu. Emakumeek jasandako errepresioari ere aipamen berezia egin diogu bi liburuetan zehar. Ikerketa Zegamara ekarriz.
Zer argazki egin duzue garai hartako Zegamaren inguruan?
1931n bazegoen herri mugimendua antolatuta Zegaman, baziren abertzaleak, UGT sindikatuak ere bazuen presentzia, Batzokia zegoen, Emakumeen Batza ere bai, baina Karlismoak indar handia zuen. Aipatzekoa da, uztailaren 17 eta 18 artean Frankoren tropek estatu kolpea eman eta egun gutxira, uztailaren 24an, Zegaman tropa frankisten presentzia nabaria zela jada. Tropa frankistak sartu ziren Gipuzkoako lehendabiziko herria izan zen.
Hala ere, Bigarren Errepublikaren alde aritu ziren Zegaman, ez da hala?
Zegamako egoera geografikoa berezia da mugako herria den aldetik. Arrazoi horregatik agian, Mikeleteen presentzia handia zen Zegaman, gehienak euren lanpostuetatik bota zituzten herritarrak ziren. Zegamako kasu esanguratsuena Zelestino Azurmendirena da. Mikeletea zen Otsaurteko postuan. Mikeleteak Bigarren Errepublikaren alde lerrokatu ziren eta Azurmendi bera gerra hasi eta berehala falangistei armak kentzen aritu zen Gipuzkoako gobernadore zibilaren aginduz. Frankoren tropak sartu bezain azkar, Zegamatik alde egin behar izan zuen. Emaztea eta alaba geratu ziren Otsaurten, Frankoren tropek etxetik irtenarazi eta ondasunik gabe utzi zituzten arte. Azurmendik Oñatira ihes egin zuen bitartean, eta bertan atxilotu zuten. Azurmendiren gorpuzkia Urretxun agertu zen, eskuak bizkarrean lotuta zituela eta fusilatua izan zen zantzuekin.
Errepresioaren urteak nola bizi izan zituzten Zegaman?
Gainontzeko herri gehienetan bezala, Zegaman ere frankismoaren errepresio aparailu antzekoa aurkitu dugu. Ordena hori bermatzeko, adibidez, eskoletan, haurrei euskaraz hitz egitea debekatzen zitzaiela ikusi dugu Zegaman ere. Dokumentatuta aurkitu dugu baita ere, nola euskal izena zuten Zegamako haurren aitei udaletxera deitu zitzaien, eta gaztelerazko izenez inskribatzera behartu zituzten. Zegamako eskolan preso egondako herritarren dokumentazioa ere aurkitu dugu udaletxeko artxiboan.
Epaituak izan ziren zegamarren kasuak ere aurkitu dituzue.
Bai, 36 zegamarren kasuak bildu ditugu. Batzuk Euskal Herriko kartzeletan egon ziren, beste batzuk Espainiako espetxeetara ere eraman zituzten. Aipagarria da, kontzentrazio-esparruez hitz egiten dugunean, Alemania datorkigula gogora, baina zegamarrak ere egon ziren kontzentrazio-esparruetan, Murgian (Araba), adibidez. Azpimarratzekoa da baita ere, Zegamako zigor-destakamentua —Gipuzkoan gehiago ere egon ziren—. Gaur egun eskolak dauden lekuan zeuden barrakoiak eta presoak trenbidera joateko bidea egitera behartu zituzten.
Hauek dokumentuetan ageri diren pertsonen kasuak dira, baina Zegaman, beste hainbat lekutan bezala, badaude gerran desagertutako eta dokumentutan ageri ez diren pertsonen kasuak ere, ezta?
Horixe da Joxe Urbizuren kasua, adibidez. Horregatik, gordeta dagoen dokumentazioaz gain, oso garrantzitsua da gure ikerketan senideek ematen diguten informazioa ere. Testigantza guzti horiek jasotzeko Oroimen Bulegoa deiturikoa irekitzen diegu herritarrei gure proiektu guztietan. Zegaman, dokumentu ofizialetan agertzen ez diren beste 11 herritarren berri izan dugu modu honetara. Aurretik zeudenei batuta, gutxienez 21 dira epez kanpo exekutatu, fusilatu edo beste kausa batzuengatik hildako zegamarrak edo bizitokia Zegaman zuten edo Zegaman senitartekoren bat zuten herritarrak. Ez dira dena den, guztiak; ez baitugu baztertzen etorkizunean gehiago agertzea.
Herritarrengandik jasotako testigantzez gain, Zegamako udal artxiboa altxorra izan da ikerketa lan hau egiterako orduan.
Ikertzen dugun herri bakoitzeko udal artxiboa oinarrizkoa da guretzat. Zegamaren kasuan, beste herriko artxibo askotan baino informazio gehiago topatu dugu. Horrez gain, Espainiako artxibo militar ezberdinak ere aztertzen ditugu, baita familiek gordeta izan ditzaketen artxiboak ere.
Zergatik da garrantzitsua horrelako lanak egitea?
Guretzat garrantzitsuena ahaztua egon den egia hori jakitea da, eta ahaztutako memoria hori berreskuratzea. Horrenbeste urte pasa diren arren, oraindik irekita jarraitzen duten zauri horiek isteko beharrezkoa da egia jakitea. Behin egia hori jakinda, instituzio publikoei dagokie justizia eta erreparazio lanak martxan jartzea.