Zumarragako EAJk Plastic Energy-ren egitasmoaz duen iritzia azaldu du
Ez dago ados jarduera mota hori herrigunean ezartzearekin.
Ingurumeneko foru diputatu eta Gipuzkoako PSE-EEko presidenteak, Jose Ignacio Asensiok, eta Zumarragako alkateak, Mikel Serranok, Arcelorren eremuan plastikoa tratatzeko planta kimiko bat jartzeko obrak 2023. urtearen amaieran hasiko direla iragarri dute. Horren aurrean, Zumarragako EAJk bere iritzia eman du. Horra hor komunikabideetara igorri duen oharra.
“Duela lau urte gertatu zen moduan, hauteskunde garaian PSE-EEk aurkeztutako proiektu batekin egin dugu topo berriro, eta badirudi ArcelorMittalen planta zaharraren eremuan kea saltzeko beste estrategia bat dela. Oraingoan, plastikoa birziklatzeko planta kimiko bat da, onuradun espezifiko batekin: Plastic Energy Group. Plastic Energyren plantari buruzko iragarpenak kezka sortu du; batetik, bete ez den beste hauteskunde promesa bat bezala ikusten dugulako, 2019an iragarritako Berrikuntza Hub-aren antzekoa, eta bestetik, eta bereziki, ingurumenean izan ditzakeen inplikazioengatik.
EAJk eskualdeko industriaren alde egindako apustua garbia eta konstantea izan da. Lan horren ondorioz, Sprilurrek (Eusko Jaurlaritza) industria instalazio zaharrak erosi zituen 2018 eta 2021 artean: Sidenor (90.000 m²) eta SFP (10.000 m²) Legazpin, Sarralde (10.000 m²) Urretxun, eta Arcelor Mittal (150.000 m²) Zumarragan eta Urretxun eta Legazpin. Hori da amaitzen ari den legegintzaldi honetan gertatu den garrantzitsuena, benetan garrantzitsuena.
ArcelorMittalen berroneratzea abian dagoen prozesu bat da eta inguru horren kudeaketa ez da lan erraza izango. Hirigintzako eta ingurumeneko legerian ez dago bidezidorrik. Gainera, ikuspuntu tekniko batetik, instalazioak herrigunetik eta herritarrengandik hain gertu egotea kontuan hartu beharko litzateke hasi berri den ArcelorMittal ingurua berritzeko prozesu horretan, baita ingurumen inpaktua ere.
EAJk beti defendatu izan du gune industrialak berroneratzea lidergo publikoaren pean, eta uste du Eusko Jaurlaritza (Sprilurren bitartez lursailaren jabea dena) dela erronka hori bere gain hartzeko erakunde egokiena. Adibide nabarmena da Sprilurrek bultzatutako Z 5.1 A Aceria 1 guneko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren izapidetzea. Plan horrek eremuaren antolamendu zehatza ezarri nahi du altzairutegi zaharraren orubea berritzeko, sarbideak hobetzeko, Urola ibaiaren zati bat azaleratzeko eta espazio publiko berriak sortzeko. Planaren exekuzioa bere gain hartu arren, Eusko Jaurlaritzak ez du inolako konpromisorik hartu lurzoruaren jabetza etorkizuneko jabe jakin batzuei edo jarduera zehatzei emateko. Badirudi, baina, Zumarragako eta Gipuzkoako PSE-EEk hori nahi duela.
Gune industrialak berroneratzeko prozesuan, eragindako hiru udalerrien (Zumarraga, Urretxu eta Legazpi) arteko Lankidetza Hitzarmena eta Hiri Antolamenduko Plan Berezia sinatzeaz gain, ezinbestekoa da lur zati horren Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpena lortzea.
Gobernuan ez dauden alderdi politikoek komunikabideen bitartez izan dute Plastic Energy proiektuaren berri. Horregatik, espero da, dagozkion txosten teknikoak egiten direnean, izapide guztietan, kontuan har daitezela funtsezko alderdiak. Hala nola, Zumarragako eta Gipuzkoako PSE-EEk ArcelorMittal zegoen esparrurako proposatu dituzten instalazioek herritarrenganako duten hurbiltasuna, bai eta atmosferara egin daitezkeen isuri kutsatzaileak ere.
Aldagai horiek, zalantzarik gabe, etorkizunean arlo horretan ezartzen den edozein jarduerak aztertu beharko lituzkeen alderdiak dira.
Guk dakigula, Sprilurrek ez du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ez beste inorekin erabilera hitzarmenik sinatu. Badakigu, ordea, lur horietan enpresa interesdun gehiago egon direla.
Lan asko dago egiteko, eta bide eta epe egokiak jarraitu behar dira legeari dagokionean. Beste edozein baieztapen herritarrak engainatzeko saiakeratzat har daiteke. Lurzorua ez da Plastic Energyrena, eta Zumarragako EAJ ez dago ados jarduera mota hori udalerriko hirigunean ezartzearekin”.