Udalbatza osatzeko lau aukera
EH Bilduk, EAJk, Ordizia Orain-ek eta PSE-EEk osatu dute udalbatza 2019-2023an. EH Bilduren eta EAJren artean egongo da alkatetza. Proiektu ugari zehaztu dituzte alderdiek.
Bost hautagaitza zerrenda aurkeztu dituzte Ordizian maiatzaren 18ko udal hauteskundeetarako: EH Bilduk, EAJk, Ordizia Orainek, PSE-EEk eta PPk. Azken horrek ez du ordezkaritzarik izan oraingo agintaldian, eta aurreneko laurek osatu dute udalbatza. Azken bozen antzera, EH Bilduren eta EAJren artean egongo da alkatetza. Arlo ezberdinetan, zenbait proiektu zehaztu dituzte taldeek.
Azpiegiturak
EH Bilduk legegintzaldi honetan jarritako igogailuen proiektuekin segiko du. Jakes, Dorrea eta Oiangun jarriko dituzte igogailuak. Altamira eta Tximista lotzeko igogailua Tximistatik egiteko azterketa martxan dute, eta Oria ibaiaren ingurutik herrigunera igotzeko igogailu aukerak aztertzen ari dira. Urdaneta eskola eraberritzeko proiektua eta Majoriko igerilekuak berritzeko proiektuak abian dituzte.
EAJrentzat Altamirako igogailua eraikitzea «lehentasuna» da. Majori kiroldegia berritzea ere proposatu dute, eta erdiguneari zerbitzua eskainiko dion aparkaleku berri bat eraikitzea. Trenbidea N1 aldera mugitzeko proiektua berrekin nahi dute.
Ordizia Orainek lehendik dauden azpiegiturak birgaitzea proposatu du, gizarte-ekonomiako, bidezko merkataritzarako edo gune autogestionatuak garatzeko. Herriko hainbat puntutan giltza bakarrarekin erabil daitezkeen bizikleta elektrikoak jartzea ere proposatu du. Amiantoa teilatuetatik kentzeko proiektua bultzatuko dute.
PSEE-EEk, berriz, amiantoa kentzeko programa, haur parkeak estaltzea eta aparkalekuak eraikitzea proposatu ditu azpiegituren atalean.
Hirigintza
Hirigintzari dagokionez, Hirigintza Plan Orokor berria egiterakoan haur eta adinekoentzat egokia den herria sortzea izango du helburu EH Bilduk, «oinezkoak lehenetsiz eta auzoen arteko loturak erraztuz». San Joanen babes ofizialeko 110 etxebizitza egiteko proiektua ere badute esku artean.
EAJk «auzoak eraberritu» nahi ditu. Otegineako bidegurutzea biribilgune egin nahi dute, eta autobusentzako bi aparkaleku eraiki. San Bartolomen eta San Juanen jolas parke bana egitea proposatu dute.
Ordizia Orainek «espazio publikoa birpentsatzea» proposatu du, «aniztasunaren beharrak kontuan hartuta»: erabilera anitzeko espazioak sortzea, berdeguneak, plazak eta sasoika estalitako parkeak eta ekipamendu publikoak konbinatuz.
Hirigintza plana berregitea izango da PSE-EEren helburua, «herriak dituen hirigintza ezaugarrietara egokituta».
Gizarte arloa
«Etxeko arreta, eguneko arreta zentroa, eguneko zentroa, egoitza, erakunde publikoak, zerbitzu pribatuak, erabiltzaileak, langileak, Ordiziako zaintza ekosistema komunitarioa osatzeko», eragile guztiekin parte-hartze prozesua zabalduko du EH Bilduk.
Gizarte arloan, adinekoen egoitza berria «lehentasunezkotzat» jo du EAJk. «Eraikin berria San Joanen 7.000 metroko koadroko azalera batean egingo litzateke».
Ordizia Orainek gizarte arloko hainbat proiektu proposatu ditu, horiei emanez garrantzia: alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoa sortzea, Osasun Mentaleko Udal Plana egitea, Hezkuntza Publikoari lehentasuna ematea, zaintza sistema publiko bat sortzea, adineko pertsonen bakardadeari laguntzeko programa abiatzea, bizitza independentea sustatzea gaitasun desberdinak dituzten pertsonentzat edota ludopatia eta apustu-etxeak geldiaraztea.
PSE-EEren gizarte arloko proposamena etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzea eta tutelatutako alojamenduak sortzea dira. «Zerbitzu soziosanitarioen transformazioa beharrezkoa da, behar berriei erantzun ahal izateko». Alkiler soziala ere bultzatu nahi dute.
Kultura, kirola, euskara
Kultur triangelua sortzeko bide-orria osatu du EH Bilduk kultur eragileekin, eta datorren agintaldian proiektu horrekin segi nahi dute. Barrena, Dorrea eta Herri Antzokia dira triangelua osatzen duten eraikinak. Agintaldi berrian proiektuak burutu eta Herri Antzokia babesteko eskaera egingo dute, «Ordiziako kultura sortzeko, euskal kulturan oinarritu eta herriko aniztasunetik, bertatik bertara, eta herriko auzoetara hedatzeko konpromisoa» hartuta.
EAJren proposamena kultura arloan Kulturlab prozesuari jarraipena ematea izango da, «kultur eragileekin elkarlanean, ekipamenduen mapa osatu eta kultur eskaintza aberastu».
Ordizia Orainek euskararen erabilera eta sustapena indartu nahi du. Hizkuntza eskola ikasteko doakotasuna mantentzea proposatu dute, eta era berean, migratzaileekin euskaraz hitz egiteko programak sustatu. «Goi mailako estamentuei ikus-entzuneko eduki gehiago euskalduntzeko eskaera» egingo dute.
«Euskara-politikarekin jarraituko» duela azaldu du programan PSE-EEk, «gaur egungo euskara planei eta arauei» jarraipena emanez.
Azoka eta merkataritza
Azoka eta merkataritza suspertzeko, Europako Next laguntzak erabiliko ditu EH Bilduk. Plaza eraberrituko dute, xafla fotoboltaikoak jarri, eta itxitura mugikorrekin barnealdea babestu. Erosketa digitalak egiteko aukera ere zabalduko dute.
«Azokari, merkataritzari eta industriari bultzada» eman nahi dio EAJk, «neurri eraginkorrak hartuz».
Ordizia Orainek merkataritza txikia babestu eta bultzatuko du, «‘Amazon tasa’ eta beste batzuk ezartzearen azterketa» eginez. «Premiazkotzat» jo dute merkataritzako udal-teknikari bat izatea.
Goiturekin elkarlana sustatzeaz gain, azoka eta turismo jarduerak bultzatzeko beste organismo baten sorrera proposatu du PSE-EEk.
Jasangarritasuna
Komunitate energetikoa osatzeko eta berriztagarriei bide emateko proposamenak egin dituzte lau alderdiek. EH Bildu plazan, Urdanetan, Majorin eta Oiangun panel fotovoltaikoak jartzeko proiektuarekin dabil lanean. Panelez gain, auto elektrikoak kargatzeko puntuen ezarpena proposatu dute EAJk eta PSE-EEk. Ordizia Orain-ek energia sortzeko eta banatzeko enpresa publiko baten sorrera sustatzea proposatu du, Trantsizio Energetikoko Mahaia sortuz.
Ordiziako 6.969 herritar (bertan erroldatutakoak eta 18 urtetik gorakoak) daude maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa ematera deituta.
17 zinegotzi. Ordiziako udalbatza 17 zinegotzik osatuko dute 2023-2027 legealdian. Ekainaren 17an egingo dute Udalbatza osatzeko ekitaldia.
2019ko emaitzak
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
EH Bildu | 2.049 | 7 |
EAJ | 1.903 | 7 |
Elkarrekin | 519 | 2 |
PSE-EE | 486 | 1 |
1983-87. Iñaki Apalategi (EAJ)
1987-91. Kepa Korta (EE)
1991-95. Juanbi Erauskin (EAJ)
1995-99. Juanbi Erauskin (EAJ)
99-03. Alejandra Iturriotz (EA-EAJ)
03-07. Alejandra Iturriotz (EA-EAJ)
2007-11. Jose M. Santamaria (EAJ)
2011-15. Igor Eguren (Bildu)
2015-19. Jose M. Santamaria (EAJ)
2019-23. Adur Ezenarro (EHB)