VI. Asteburu Solidarioa eta XVI. Garagardo Azoka Legorretan
Aurtengo lasterketa solidarioan bildutako dirua Gautena elkarteari ematea erabaki du Pikuk Kirol Klubak.
Giro berezia izango da asteburuan Legorretan, bi ekitaldi egingo direlako aldi berean. Batetik, Legorretako VI. Asteburu Solidarioa egingo du Pikuk Kirol Elkarteak ostiralean eta larunbatean, bi ekintza nagusirekin.
Ostiralean Gautena autismo espektroko nahastea duten pertsonen senideen elkartearen hitzaldia izango da, 18:00etan, Herri Antzokian, eta larunbatean, 7,1 kilometroko lasterketa izango da, 11:00etan. Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena lasterketarako, 7 euroren truke. Bildutako dirua Gautena elkartearentzat izango da. Eguraldiaren arabera, artisau azoka ere egingo da plazan.
Lasterketa antolatzen hasi zirenetik Talidomidak Kaltetuen Aldeko elkarteari laguntzeko izan da dirua, baina aurten bestelako gaixotasun edo ezintasunei laguntzeko aldaketa egitea erabaki du Pikuk Kirol Klubak, eta aurtengorako aukeratutakoa Gautena izan da.
Bestetik, XVI. Garagardo Azoka ere izango da larunbatean, Aldapa Haundi elkarteak eta Etxera-k antolatuta. Azokako barra 13:00etan irekiko dute, eta ondoren, bingoa eta zozketa ezberdinak egingo dira. 17:00etatik 20:00etara, N-Lezz DJ-ek jarriko dute musika. Azokarako tiketak Legorretako tabernetan egon dira salgai.