400 korrikalari lehiatuko dira Zaldibiako Mendi Lasterketan, larunbatean
Korrikalari guztietatik 71 emakumeak izango dira ibilbide motzean eta luzean. Goierri Kopa Trailerako proba puntuagarria izango da.
Adur Mendizabal, iaz, Zaldibiako Mendi Lasterketaren helmugan. Izaro Villarreal Zaldibiako Mendi Lasterketaren 7. aldia jokatuko da larunbatean, Aralarko Parke Naturalean, Ausa Gaztelu Mendi Kluba elkarteak antolatuta. Bi ibilbide izango dituzte korrikalariek aukeran: 28 kilometroko traila (09:00etan hasita) eta 15 kilometroko sprinta (09:30ean hasita). Goierri Kopa Trailerako puntuagarria izango da.
400 korrikalari inguru lehiatuko direla lasterketan adierazi du Iker Beloki antolakuntzako kideak. Ibilbide luzean 180 korrikalarik hartuko dute parte, eta motzean, berriz, 240k. Korrikalari guztietatik 348 gizonezkoak eta 71 emakumezkoak izango dira, antolatzaileak gaineratu duenez. Dortsalak, Zaldibiako herri antzokian banatuko dira lasterketa egunean bertan, goizeko 07:00etatik 08:30etara.
Ekimena aurrera ateratzeko talde motorrean «buru-belarri» lanean zazpi lagun dabiltza, eta horietaz gain, 80 boluntario
inguru ariko dira larunbatean
lanean: «Guretzat ezinbestekoak dira». Ordainsariak, trofeoak eta txapela egongo dira bi ibilbideetako emakume eta gizon irabazleentzat. Herriko lehen sailkatuek ere saria izango dutela aurreratu du Belokik. Gainera, lasterketako boluntarioei eskerrak emateko herriko tabernetako otorduak zozketatuko dituzte boluntarioen artean. Umeen lasterketa ere izango da, 9:45ean. Larunbatean bertan egongo da izena emateko aukera, eta LH 3, 4, 5 eta 6ko haurrek parte hartu ahal izango dute.
Korrikalarientzat eta antolatzaileentzat bazkaria egongo da lasterketaren ostean Zaldibiako plazan. Belokik 400 pertsona inguru izango direla bazkaltzen aurreratu du.
Zegama-Aizkorriren eragina
Zaldibiako Mendi Lasterketaren hurrengo egunean, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 25. aldia jokatuko da. Belokik azaldu du Zaldibiako lasterketa
maratoiaren aurreko egunera aldatu zutenean bazutela «beldurra» jende gutxiagok izena emango zuenarena. Antolatzaileak, ordea, orain uste du Zegama-Aizkorri dela Zaldibian lasterketako aforoa betetzearen arrazoia: «Estatu espainiarrekko probintzia askotatik etortzen da jendea lasterketa honetan parte hartzera».
Korrikalari gehienak gipuzkoarrak dira, 310. Hala ere, kopuru handieneko bigarren korrikalari taldea, Bartzelonatik etorriko da, 39 lagunekin. Bizkaitik 25, Nafarroatik 14 eta Arabatik 10 etorriko dira.
Goierri Kopa Trail
Goierri Kopa Trail txapelketako zazpigarren lasterketa izango da Zaldibiako Mendi Lasterketa. Larunbatekoaren ondoren lau lasterketa geldituko dira: Batala Mendi Lasterketa Lazkaon (ekainak 27), Aztiriko Mendi Lasterketa (uztalak 19), Axari Trail Idiazabalen (irailak 13) eta Korosti Trail Legazpin (urriak 18).












