«Lau urte garrantzitsu dira, nolako Ataun nahi dugun marrazteko»
Bigarren agintaldia hasi du Martin Aramendi Aranak (Ataun, 1970) alkatetzan. EH Bilduren udal taldea hazita eta berrituta, Arauak berritzea, uraren planta eta Botika etxea izango dira ardatzak.
Martin Aramendi Ataungo alkatea. // Argazkia: Aimar Maiz Bigarren agintaldia duzu, eta hauteskundeetan EH Bilduk babesa handituta.
Egia esan, ez da modu txarrena. Uste baino emaitza hobea lortu genuen. Gustura geratu ginen aurreko lau urteetako lanarekin eta lantaldearen jarrerarekin. Baina askotan zalantza daukazu herritarrek nola erantzungo duten. Nabaritzen dut badagoela, orokorrean, udalarekiko eta erakundeekiko indiferentzia bat, eta ez genekien horrek zenbaterainoko eragina izango zuen emaitzetan. Baina ikusi genuen, aurreko taldeak egindako lana eta oraingoak egiteko asmoa duen hori saritu duela jendeak.
Udal taldea ia guztiz berritu duzue. Proiektu politikoa edo udalgintza ere aldatuko da?
Ez, proiektua ez da aldatuko, baina gure taldeko zinegotzi guztiak berriak izango dira, ni izan ezik. Horrek aldaketatxo bat ekartzen du. Aldi berean, lana banatzerakoan, gehiago izateak onurak ekartzen ditu; lehen bost ginen, orain zazpi, eta erosoago edo malguago gabiltza.
Indiferentzia dela eta, Ataunen zertan da herrigintzan, auzolanean parte hartze hori?
Azkeneko urte askotan hala izan da, eta oraindik elkarte batzuek eusten diote. Elkarte batzuk oso aktiboak dira, lanean jarraitzen dute, eta jendea mugitzeko gaitasuna badaukate. Baina, bestetik, nabaritzen da norbere zilborrari begira ere jende asko bizi dela. Kultura ekitaldietan-eta, ustez Euskal Herri mailan erreferente diren antzerki, musika talde edo dena delakoa ekarri, eta 50 edo 100 lagun antzokian… Horrek kezka bat sortzen du.
Bestetik, auzolanik ez dugu gehiegi antolatu. Bide garbitzean erantzun polita izan zuen. Agian, lau urte hauetan gehiago egin beharko ditugu.
Politikoki, aurreko agintaldian EAJrekin lankidetza hitzarmen bat egin zenuten. Aurten izango al da horrelakorik?
Ez dakigu. Orain dela lau urte denok ginen berriak udalean, eta kargua hartu bezain pronto elkartu ginen. Ikusi genuen zenbait proiektutan elkarrekin lan egitea beharrezkoa zela. Egia da orduan adostutako proiektu nagusiak oraindik gauzatu gabe daudela. Oraindik ez dugu horri buruz hitz egin, baina pentsatzen dut proiektu horietan elkarlanean aritzeko prest egongo direla.
Zein dira proiektu horiek?
Bat, uraren proiektua da. Beti aipatzen duguna da, baina oraindik ere hor dago, bueltaka. Badugu asmoa horri heltzeko eta tira egiteko. Ahal dugun neurrian, beti ere, azkenean Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Ur Kontsortzioak gauzatu beharreko lana baita, eta guri akuilu lana egitea tokatzen zaigu.
Bestea Botika etxearen erabilera da. Parte-hartze prozesua martxan dago, oraindik azkeneko saioen emaitzak ez dauzkagu esku artean, baina, pentsatzen dut, elkarrekin ariko garela.
«Puntako kultur saioa jarri, eta 50-100 lagun soilik joateak kezka sortzen du»
«Badakigu gazte jendea, batzuk behintzat, etxe bila dabilela. Hemen geratu nahi dute, eta guk ere nahi dugu gazte horiek hemen geratzea»
«Lau urteotan uraren eta Botika etxearen proiektuak eginda ikusiz gero, konforme nengoke»
Bi parte-hartze prozesu dituzue abian, Botika etxearena eta HAPO hirigintza arauena. Hori ohiko dinamika izango da?
Proiektu inportanteak direla ikusten dugunean, herriari diru ekarpen handia eskatuko diotenean. Ondo pentsatu beharrekoak dira. Zerbait txikiagoa denean, aurrera egingo dugu, noski; beti ez da parte-hartze prozesua izango.
Botika etxearen prozesua noiz borobilduko da?
Gure asmoa urtea bukatu aurretik erabakitzea da, proiektua idazten hasi, edo proiektua idazteko lana esleitu. Parte-hartze prozesua, gutxi gorabehera, bukatuta dago, oraindik azken kontraste bat falta da. Diru sail bat daukagu gordeta. Urte bukaerarako iristen ez bagara, gorde egingo dugu hurrengo urterako.
Hirigintza arauak berritzea ere ez da nolanahiko lana izan ohi. Nola irudikatzen duzue hemendik urte batzuetarako Ataun, eta horra iristeko norabidea?
Aurreko agintaldi amaieran esleitu genuen idazketa, eta lau urteok oso-oso garrantzitsuak izango dira, hor erabakiko delako udalerri osoan lurzoruaren eta eraikinen erabilerak zein izango diren, zertarako erabiliko den gune bakoitza, zer aldetatik garatu nahi dugun. Aurre diagnosi bat egin dute, bai ingurumen aldetik, bai ekonomia eta gizarte aldetik, bai arkitektura aldetik. Diagnosi hori partekatu dugu herritarrekin. Inportantea da, hor marraztuko dugulako nolako Ataun nahi dugun.
Udalak zer hobetsiko du, zer premia ikusten dituzue?
Guk ideia bat badaukagu. Bat auzoen arteko komunikazioa eta lotura hobetzea da. Kotxez ez bada, bizikletaz oso zaila da San Martindik San Gregoriora arriskurik gabe joatea. Herribidea estua da, eta hori oinezkoentzat utzi nahi dugu. Asmoa da errepidean hirugarren errei bat egitea, bizikleta, patinete eta horrelakoentzat. Obra handia litzateke.
Bestea, etxebizitzarekin zer egin pentsatu beharra daukagu. Aurrediagnostikoan atera da 237 etxe huts daudela. Badago hor lan bat egiteko. Jaurlaritzarekin harremanetan gaude, alokairua nola bultzatu. Ez dakit etxe berririk egin behar dugun; lur sail bat badaukagu plazan, eskeletoa ere hor dago… Horri guztiari irtenbide bat eman nahi diogu. Badakigu gazte jendea, batzuk behintzat, etxe bila dabilela. Hemen geratu nahi dute, eta guk ere nahi dugu gazte horiek hemen geratzea.
Ekonomia aldetik, zein bidetatik jo behar du udalerriak?
Naturak izan behar du turismoaren erakarle bat; naturarekin lotutako turismoa edo bisitarientzako prestatutako zerbait. Lotarako leku gutxi samar daukagu agian; landa-turismoa izan liteke bultzatu beharreko arloetako bat. Eta lehenengo sektorea, beti aipatzen dugun elikadura burujabetza lortu nahi badugu, kontuan hartu beharko da. Horretarako lur sailak gordetzea kontuan hartu beharko da, dena eraikiz gero ezinezkoa izango delako. Badirudi pixkanaka ari dela buelta hartzen gai hori ere, eta mugimendu batzuk badaude, gazte bat edo beste badabil baserrira dedikatu nahian.
Ekipamendu eta zerbitzu aldetik, nola ikusten duzu herria?
Gimnasioa txiki geratu zaigu. Bazkide dezente dauzkagu, eta badabilkigu buruan handitzea, ondoko aldagela hartuta. Gazteentzat badaukagu gazteleku bat, baina zerbait hobea merezi dute; lokala ez dago gaizki, baina oso zaharra da, eta horri ere buelta bat eman nahi diogu. Adinekoen zaintza da beste bat. Eguneko arreta zentro bat jarri genuen martxan orain dela hiru-lau urte. Atseden-Toki lokalak ematen du gauza gehiagotarako ere. Zuzendaritza berria oso lan ona egiten hasi da, eta horiekin elkarlanean, ea adinekoei zerbitzu hobea eskaintzen diegun.
Lau urte barru, zer egin izanaren patxadarekin geratu nahiko zenuke?
Kalitatezko ura baldin badaukagu, eta hemen planta bat egiteko proiektua aurrera ateratzen badugu… Bestetik, Botika etxea martxan ikusi nahi nuke. Ez dakit liburutegia edo zer izango den. Bi proiektu horiek eginda ikusiz gero, konforme.












