Soldaduskak batu zuena, ez du denborak ezabatu
Soldadu-lagunak dira Ramon Agirre segurarra eta Naxario Telleria idiazabaldarra. Ordutik, urte bakar batean ere hutsik egin gabe San Blas eta San Joan egunez elkarrekin bazkaltzeko ohiturari eutsi diote.
Ramon Agirre eta Naxario Telleria, iaz, San Joan egunean Seguran.Joseba Telleria Ramon Agirre segurarrak eta Naxario Telleria idiazabaldarrak soldaduskan ezagutu zuten elkar, 1972an. Ordutik dirau euren arteko harremanak; «anaiak» bezalakoak direla diote. Urte bakar bat ere huts egin gabe San Blas eta San Joan egunez elkarrekin bazkaltzeko ohitura dute. Etzi, San Blas egunean, 50. urteurrena beteko dute, 100. juntadizoarekin.

Jerez de la Fronterako (Cadiz, Espainia) La Parra aire basean egin zuten soldaduska. Zumarragan trena hartu eta 23 orduko bidaia eginda iristen ziren Jerezera. Zumarragako tren geltokian ezagutu zuten elkar, nahiz eta Ramonek Naxario aurretik bistaz ezaguna zuen: «txistularia zenez elegante jantzita ikusten nuen askotan, hau izango dek txuloa! pentsatu nuen orduan», dio barrez Agirrek.
Soldaduskara «behartuta» joaten zen garai hartan, 18 hilabeteko zerbitzua egitera, derrigor, baina, Telleriak oroitzapen onak gordetzen ditu: «pelukeroa nintzenez ilea mozten nuen, eta musikoa ere banaizenez, bandan parte hartzen nuen», esan du. Agirrerekin harremanak ere izango zuen, noski, zerikusirik: «lo ere elkarrekin egiten genuen», aipatu du.
1974ko uztailean lizentziatu ziren eta ordutik banaezina da elkarren arteko laguntasun harremana. 1975eko San Blas egunean hasi eta urte bereko San Joan egunean jarraituta, urteroko ohitura bihurtu dute euren herriko jaietako juntadizoa. Urte bakar batean ere ez dute hutsik egin, «zortea izan dugu, parean gaixorik edo ez tokatu izana», dio Agirrek.
Angulak ‘Mujikanean’
Larunbatean ere ez diote hutsik egingo mende erdia bete duen ohiturari. Goizean elkartuta txuri batzuk joko dituzte, «ahal dela Tio Pepe edo Laina, soldadu garaiak gogoratzeko», dio Telleriak. Gero etxean bazkalduko dute familia giroan eta arratsaldean pilota partida ikustera joango dira. Sanjoanetan «programa antzekoa» izango dute.
Adinak ere ez duela barkatzen eta «iluntze aldera formalduta» etxera joaten dira orain, baina beti ez da hala izan. «Garai batean, etxean bazkaldu eta Mujikanean angulak afaltzen genituen, angulak jan zitezkeen garaian», kontatu du Agirrek.
Soldaduskak batu zuena ez du denborak ezabatu. «Gure arteko harremana oso ona izan da beti, eta orain ere hala jarraitzen dugu», dio Telleriak. Horregatik, ahal duten bitartean elkartzen jarraituko dutela dio Agirrek. «Hasta el fin del mundo», gehitu du Telleriak. Hurrengo hitzordua Seguran izango da, San Joan egunean.
Irudian: Agirre eta Telleria Jerezen, kamarero lanetan.












