«Kanpoan bizi izandako urte horiek eratu egin naute, nolabait»
Genevan, New Yorken, Bagdaden, Ammanen, Beiruten eta Erroman bizi izan da Lasa; begiak zabalik, pentsamendu ireki bezain kritikoarekin. Urtetan, Euskadi Irratian eman du Ekialde Hurbileko berri. Salatu du oraingoan «muga guztiak gainditu» dituztela Gazan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/mari-jose-lasa.png)
Enarak ez omen du behin egindako habiarik inoiz aldatzen; hala dio esaerak, behintzat. Ez da Mari Jose Lasaren kasua (Garin, Beasain, Gipuzkoa, 1957), munduko sei bat lekutan bizi izan baita, senarra zenaren lana zela eta —Nazio Batuen Erakundeko itzultzailea zen—. Halere, Garingoa du lehenengo habia, eta bertan bizi da azkenaldian, eraikitako harreman sareko lagunen eta senideen habiak bisitatzeari utzi ez badio ere. Kazetaritzan diplomatua da, eta Euskadi Irratiko berriemaile izan zen hainbat urtez, Ekialde Hurbilean. Oraindik ere kolaboratzen du, Baipasa saioan. Kazetaritza ez du bere bizitzaren erdigunea, baina koadernoa eta boligrafoa eskuan izan ditu elkarrizketa egin bitartean. Eta mahai gainean, atzerriko lagun batek emandako Siriako galletak.
Prest daukazu maleta. Nora zoaz oraingoan?
Bisitak egiten ditut, eta oraingoan ere hala noa. Galiziara askotan joaten naiz; Portugalera ere bai, lagun minak baititut han. Baina Tunisiara, Erromara eta Parisera joaten naiz gehienbat, nire loturei jarraituz: alabak ditut Parisen eta Erroman, eta Tunisian senarra zenaren familia osoa ia. Eta, aldian behin, bestela ateratzen diren bidaietara joaten naiz.
Zenbat denbora ematen duzu Garinen, eta zenbat kanpoan?
Hamar edo hamabost egunerako joaten naiz, ez hilabeterako, lehen bezala. Joan-etorrian ibiltzen naiz.
Zer ematen dizu tarteka etxean eta tarteka kanpoan egoteak?
Urte batzuetan hemen egon naiz, eta pandemia zela eta, mugitzea konplikatua zelako, oso gutxi mugitu naiz. Baina kanpoan bizi izandako urte horiek eratu ere egin naute nolabait, eta asko sumatzen nuen horren hutsunea: falta zitzaidan bertakoa ez zen jendearekin egotea, beste hizkuntza batzuk hitz egitea, kanpoko loturei jarraitzea…
Nora eman zenuen kanporanzko lehen pausoa?
Aurrena, Beasainera, institutura. Hamalau ikasle ginen Garinen, eskola txikia zen. Beasaingo institutua ireki zuten, eta hara joan ginen; nik 11 urte nituen. Adin desberdinetako hamalau umerekin egotetik, 42-44 pertsonako klase batera joan ginen, denak geure adinekoak. Hori nahiko gogorra izan zen. Beasainen esaten ziguten baserri kutsua geneukala, usain txarra.
Baina ez zinen kikildu, eta Donostiara joan zinen ikastera.
Institutukoa baino askoz ere txikiagoa izan zen hirira joateko saltoa. Gainera, izugarrizko gogoa nuen, 16-17 urte nituen, eta bizitzaren pauso inportante horietako bat da etxetik irtetea.
Historia ikasten hasi zinen, ezta?
Donostian hiru urtez egon nintzen; Historia ikasten hasi nintzen, baina utzi egin nuen. Franco hil zen urtea zen, eta urte arraro samarra izan zen. Gau eskoletan aritzen nintzen, euskara irakasten. Gero, Mariaren Lagundian aritu nintzen euskara irakasten, eta hori ere oso traumatikoa izan zen: bostehun bat ikasle neuzkan, eta gehienek ez zuten inongo motibaziorik. Hor erabaki nuen ez nintzela inoiz irakasle izango.
Eta Bilbora kazetaritza ikastera joan zinen.
Iristen nintzen leku batera, eta orduantxe irekitzen zuten; geurea izan zen, 1982an diploma eskuratu genuona, bost urteak bertan egin zituen lehen belaunaldia.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.