«AHTak kaltea besterik ez luke sorraraziko»
AHTrik ez! eguna antolatu dute Ataunen. Proiektuaren inguruko mahai inguruak zabalduko du egun osoko egitaraua. Bertan parte hartuko du Irastortzak, Goierriko Ernairen ordezkari bezala.
Zergatik ez duzue AHTrik nahi?
AHTaren proiektuak inpaktu handia du, bai naturan eta baita gizartean orokorrean ere. Proiektu hau eraikitzeko, milaka naturagune txikitu eta eraldatu dira jada, honek inguruan duen inpaktua kontuan hartu gabe. Bertako larreak eta akuiferoak txikitu dira eta nekazarientzako baliabideak, kaskartu.
AHTagatik ez du merezi?
Ez dugu beharrezkotzat jotzen. Jada badago trenbide sarea eta guk hori berritzearen eta hobetzearen alde egiten dugu. Gainera, AHTa eraikitzeko milioiak gastatu dira eta onuradunak ez gara gu izango, baizik eta hirietako jende diruduna. Honek, azken finean, zentralitatea hirietara mugatzen du, hirietan egongo baitira geltokiak, Ezkiokoa salbu. Argi dago herri txikiak kaltetuak aterako direla, bete-betean igaroko litzatekeelako AHTa lur hauetatik baina kaltea besterik ez luke sorraraziko.
Lurren suntsiketaz gain, kutsadura ere aipatu duzue kontra-argudio gisa.
AHTak tren sozialak baino sei aldiz gehiago kutsatzen du. Ingurune suntsitua, kutsadura… hau da gazteoi utzi nahi diguten etorkizuna. Baina guk argi dugu hau ez dela etorkizunean nahi dugun Goierri.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa munduarekin lotuko ditu.
Gaur egun ez dauka Euskal Herritik kanporako irtenbiderik, hiriburuetan amaitzen baita. Honek, izan zezakeen zentzua erabat galarazten du.
«Ingurune suntsitua, kutsadura… hau da gazteoi utzi nahi diguten etorkizuna»
Eta eraikitako azpiegitura guztiekin, zer egin?
Eraikitako azpiegiturekin ezin dute ezer askorik egin. Gehiago ez egitea izan daiteke oraintxe bertan kalterik txikiena.
AHTaren lanak, Goierrin, duela ia 20 urte hasi ziren eta proiektuaren aurkako mugimendua are zaharragoa da. Horren luze joateak esperantzarik ematen dizue proiektua ez dela gauzatuko? Baikorrak zarete?
Ikusita AHTaren borrokak 30 urte daramatzala batek daki noiz jarriko den martxan, edo ez den jarriko. Ez eraikitzearen esperantza beti hor egongo da. Hala ere, ez dugu ez Goierrin ez beste inon nahi makro-proiektu txikitzaile hau. Hortaz, guk honen aurka eta tren sozialaren alde jarraituko dugu, ahalik eta presio gehien eginez eta ahalik eta gehien atzeratuz.
Goierriko Ernai osatzen duzuenen artean AHTaren proiektua baino gazteagoa den norbait izango da. Nola bizi duzue gazteek sekula bukatzen ez den eztabaida hau?
AHTaren borroka duela 30 urte hasi zen eta Goierri bete-betean harrapatu zuen. Gutako asko jaio gabe geunden eta ez dugu borroka hori zuzenean bizitzeko aukerarik izan. Baina, iazko urtean zundaketekin hasi zirenean gazteok alertan jarri ginen. Gure artean lanketak egin ditugu gai honen inguruan eta zerbait egiteko beharra sortu zitzaigun. Goierriko AHTrik ez! plataformarekin harremanetan jarri gara eta borroka honetara batu gara. Hau hala izanik, makro-proiektu honen aurka gabiltza borrokan. Azken finean belaunaldi desberdinen borroka bat da, guztioi eragiten digun zerbait delako. Orain guri dagokigu kontzientzia hori gure belaunaldira ekartzea eta egungo ikuspegi eta moldeetatik aztertu eta eraldatzea.
«Geroz eta gizarte indibidualistagoan bizi gara. Guztia oso azkar doa eta gaur berria dena bihar zaharra da»
Gazteentzako eztabaida erakargarria da AHTarena, lurraldearen garapen sozio-ekonomikoarena eta ingurumenarena?
Geroz eta gizarte indibidualistagoan bizi gara. Guztia oso azkar doa eta gaur berria dena bihar zaharra da. Testuinguru horretan zaila da zenbait arlotan gazteon aktibazioa eskuratzea, baina borroka hau egungo gazte guztiona da, gure etorkizuna guk bakarrik erabaki baitezakegu halako proiektuen aurrean altxatuz eta aurre eginez. Gazte oro animatu nahi dugu borrokara batzera.
Goierriko garraio-publiko sareari zein puntuazio emango lioke Ernaik?
Tren sozialaren egoera ikusita, puntuazio eskasa emango genioke. Azken aldian gertatzen ari diren trenen atzerapenak, abisatu gabe trenak bertan behera geratzea eta bertako langileak kaleratuak izatea ez dugu onartzen eta guztiontzat duina izango den garraio baten alde gaude.
Ataunek ez dauka tren zerbitzurik eta autobusen maiztasuna 45 minutu ingurukoa da. Nahikoa da?
Autobus zerbitzuen maiztasuna handiagoa izatea asko eskertuko genuke. Kotxea asko erabiltzera behartuta gaude, batez ere, herri txikietako gazteak. Garraio publikoa sustatu beharra dago eta tiketaren prezioa jaistea ere ez litzateke gaizki egongo, egia esan.
Mugikortasun ohiturak berrikusi behar dira? Errazegi hartzen da kotxea edo hegazkina?
Argi dago ohiturak aldatu beharra ditugula. Baina horretarako beharrezkoa ikusten dugu autobusen maiztasuna handitzea eta baita autobus linea batzuen birmoldaketa. Askotan, denbora gehiegi pasatzen dugu herri batetik bestera iristeko, linea batzuk ez direlako egokienak Goierri bezalako eskualde batentzat. Egia da kotxea errazegi hartzen dela gaur egun. Aurrez aipatu bezala gizarte indibidualista batean bizi gara eta kotxea hartzearen kontua ere honi lotuta dagoela uste dugu. Izan ere, kotxean mugitzen da egunero jendearen gehiengoa eta asko, gainera, bakarrik joaten dira. Komunitatean antolatuz gero beste kontu bat litzateke. Baina dena dela, garraio publikoa lehenetsi beharko genuke, zalantzarik gabe