«Hitz eman nuen 50 urte bete aurretik diskoa grabatuko nuela»
Eneko Gonzalez ordiziarraren proiektu berriak Ekeko El Perro du izena. Bakarkako diskoa argitaratu du. Bihar D’elikatuzen aurkeztuko du lana taldearekin, 19:00etan.
Gaztetatik daramazu musika egiten. Iaz bakarkako lehenengo diskoa argitaratu zenuen Ekeko El Perro bezala. Nondik sortu zen proiektua?
2022ko uda eta udazkenean eta 2023ko udaberrian grabatutako disko homonimoa da. Uda hartan, Tarifako (Espainia) Punta Paloma inguruan nengoela, Jose Maria Sagrista ekoizlearen estudioaren atea jo nuen, Pa Los Titos abestia grabatzeko asmoarekin. Urteen poderioz hiltzen joan zitzaizkigun bertako lagun hippyen omenezko kanta da. Gero, ikusita abestia zeinen polita gelditzen ari zen, beste batzuekin lanean jarri ginen diskoko hamabi kantuak osatu arte.
Izurri Berriako abeslari izateagatik ezagutuko zaituzte askok.
Gure giroko jendeak agian bai, baina Izurri Berria bi hamarkada egon da elkartu gabe, eta bitartean gazteagoek beste talde batzuekin ikusiko ninduten, beharbada: Luna Llena taldearekin edota Perros del Norten. Lehendabizikoa Erdialdeko Amerikako, Afrika iparraldeko eta Euskal Herriko jendeaz osatutako taldea zen eta bigarrena, I.Barreros baterian eta Jonan Nadal baxujotzailearekin. Izurrirekin Idiazabalgo festetan eta Ordiziarrocken egin genuen revival bat; kontzertuen ondoren asmoa jarraitzea zen, baina azkenean ez da posible izan.
Zergatik?
Ni presente ez nengoela, iskanbila bat suertatu zen taldeko bi kideren artean, eta bietako batek esan zuen edo bestea edo ni. Niretzat berreskuratu ezin den gaia da. Baldintza zen denak elkartuko ginela ala inor ez. 20 urtez geldirik egon dira batzuk eta horrelako harrokeriarekin bueltatzea… Paso. Gainera, enpatia zero daukaten pertsonekin ez dut nahi konpartitu. Zenbat eta gutxiago egon, hobeto.
«Niretzat berreskuratu ezin den gaia da [Izurri Berriarena]. Baldintza zen denok elkartuko ginela ala inor ez»
Orain zure lehen diskoa argitaratzea erabaki duzu.
Hitz eman nuen 50 urte bete aurretik grabatuko nuela; bestela, gitarra lurperatuko nuela nire lau hankako lagun maiteak dauden lekuan. Muxu bana, Beltxi, Mieltxori, Artzi eta Lurri.
Musikari ezberdinekin egin duzu lan grabazioan. Zeinekin? Zer konta dezakezu haietaz?
Sagristaren estudioan, Andaluzian, Algeciraseko (Espainia) Andres Tomas Rodriguez bateria-jotzaileak hamar abesti grabatu ditu. Bera Jose Merce, Vanesa Martin edo Brutal Thineko partaidea izan da eta oraindik ere bada. Baita baterian eta abesti batean, Malagako (Espainia) Coki Gimenez Citolerrek grabatu du. Fito y los Fitipaldisekin 2023ko bira egin du eta orain Carlos Tarqueren bandan dabil.
Uruguain ere izan zara.
Montevideon dagoen Ghebo Estudioetan, Sebastian Mederos gitarra jotzailearekin, Pablo Canoura bateria-jotzailearekin eta Mauro Tabarez baxujotzailearekin egin dugu lan, Sonrisa de Boomer-Man abestia grabatuz.
Eta Euska Herrian?
Fredi Pelaezen Pottoko Studioetan zenbait instrumentazio grabatu ditugu. Adibidez piano, sintetizadore eta hammond guztiak, Fredi bera jotzailea izanik; Julen Ormaetxea Arrue ordiziarrak gitarrarekin hiru abestitan parte hartu du; Pello Ramirez ordiziarrak ere txeloa sartu du bi abestitan, Ataungo Gurutz Bikuña Barandiaranek ere hiru abestitan gitarrak sartu ditu, Nika Bichasbili georgiarrak biolinarekin ere abesti batean grabatu du… Jose Maria Sagrista, Trianako taldekidea izan zena, teknikari, ekoizle eta gitarra jotzaile bezala aritu da eta Angel Katarain Kata ordiziarrak ere parte hartze aktiboa izan du direkzioan, nahasketetan eta masterizazioan. Aipatu beharrekoa da ere Julen Ormatexea Arruek El Camaleon abestiaren musika egin zuela neurri handi batean, eta berdin Bikuña ataundarrak Amores Perros eta The typical american lifestyle kantuetan.
Zein da diskoaren muina?
Elkar komunikatuta dauden bi abesti dira diskoaren bihotza eta sena: Pa Los Titos eta He conocido el cielo. Lehenengoan, introan, gauza oso berezia eta hunkigarria agertzen da. La Tita Veronica Masek barru-barrutik ateratako bi minutu pasatxoko olerkia, alegia. Bertan joan zitzaigun bere mutila zenari hitz egiten dio, Robertori. Abestiak aurrera jarraitzen du eta horrela hondartzan eta basoan bizi izan zirenak eta jada gure artean ez daudenak gogora ekartzen ditu.
Eta bigarrena?
Bigarrenean, berriz, lotutako hiru akto edo paisai ezberdin antzematen dira. Lehen aktoa 2020an bizitako diktaduran kokatzen da, bere pasarte lazgarri guztiekin: suizidioak, beldurra, bazterketa soziala, errepresioa, buruko gaixoaldiak, hildakoak non nahi… Bigarrenean pertsonen balioa agertzen da. Kemena eta duintasuna, irmotasuna, zapaltzen jarraitzen ez uzteko. Eta hirugarren aktoan jada askatasunean kokatzen da pertsonaia, hondartzara eta basora bueltatzen da bizitzera hilabete batzuetarako Los Titosen aldamenera. Han indartu egiten da, benetako askatasunean bizi da.
Gai aldetik, zer jorratu duzu?
El Camaleon, adibidez, Luzio Urtubia igeltsero anarkistari buruzko abestia da. Los Leones de Esaouira Marokon bizi izan ditudan pasarte batzuen agertokia izateko baliatu dut. Amores Perros abestiarekin Gillermo Arriaga gidoilariak eta Angel Iñarrituk 2001an pantaila handira eraman zuten filmari keinu bat egin nahi izan diot. Totems Caidos kritika zorrotza da ustezko jende ezkertiarrari, gero txarainari deika eta deika dabilena goiko katuak edo umeak molestatzen dielako… Baina banketxeak bizilaguna etxegabetu zuenean, ondo isilik.
«Ez dakit zergatik, baina gauzak polarizatzen ari dira oso azkar eta modu esanguratsuan»
Estiloari dagokionez?
Rock eta Pop-Rock.
Nola ikusten duzu musika eszenaren osasuna?
Ez dakit zergatik, baina gauzak polarizatzen ari dira oso azkar eta modu esanguratsuan, maila guztietan, eta ez dut uste kasualitatez denik.
Zergatik diozu hori?
Ez bakarrik Madrilen titiak eta ipurdia begi-bistan agertzen den norbaitek batek Santiago Bernabeu hiru aldiz betetzeko sarrerak saldu dituelako, edo jaun eta jabe naizela eta zuek denak nire putak zaretela esaten duen txotxolo aurpegi zuriko nerabe bat delako Espainiako eta Euskal Herriko maitatuena gaztetxoen artean, baizik eta musika undergroundean ere gertatzen ari delako monopolizazioa.
Zerk eragiten du hori?
Hori kudeaketa konpainien eskutik dator. Erabilera merkantilista egiten dute. Noski, horretaz bizi dira, baina geroz eta zirrikitu gutxiago uzten ari dira talde berriak zuzenean jo ahal izateko. Kalte handia eragiten dute eszena musikalean. Foru-ogasuna zilarrezko bandejan jartzen ari da dena. Ezartzen ari diren kontrol ekonomikoak medio direla, araudiak eta burokraziak geroz eta zorrotzagoak eta handiagoak dira, eta konpainiak bakarrik dira araudi berriak bete ditzaketenak, gainontzeko arrain txikiak janez. Udalek eta herriko antolatzaile askok ez daukate ez gaitasunik ezta gogorik buruhausterako. Hala eta guztiz ere, geratzen da eszena bat benetako undergrounda, freskoa, betikoa, kontrakorrontean borrokan, Euskal Herriko gaztetxeetakoa, Ordiziarrock Ekintzakekoa… Besarkada bat haiei.
Bihar D’elikatuzen taldearekin aurkeztuko duzu lana. Sarrera librea da. Nolakoa izango da?
Zaballako (Iruña Oka, Araba) kartzelan, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean eta Ataunen jo genuen formazioarekin joko dugu. Koldo Amondarain ordiziarra baxuan eta koroan, Gurutz Bikuña ataundarra eta Julen Ormaetxea ordiziarra gitarran eta koroetan, Eneritz Iturrioz ordiziarra samplerrean, programazioan, teklatuan eta koroetan, eta Jon Lekuona ordiziarra baterian. Eta gauzak ondo atera daitezen, Angel Katarain eta Urko Ruiz de Apodaka egongo dira aginteetan.