ZIURek eta Goierri Valley-k lankidetza hitzarmena sinatu dute
Elkarlanaren helburua zibersegurtasuna eskualdeko enpresetara gerturatzea da. Gaur bertan lehenengo prestakuntza-jardunaldia egin dute, Goierriko Berrikuntza Gunean.
Goierri Valley-k eta ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Goierriko Berrikuntza Guneko NBF eraikinean. Elkarlanaren bitartez tailerrak, proiektu pilotuak eta workshop-ak egingo dituzte zibersegurtasuna eskualdeko enpresetara zabaltzeko. Hori baita hitzarmenaren helburua: Goierriko enpresetara hedatzea zibersegurtasunaren balioa.
Hitzarmena sinatu aurretik, Goierriko enpresen egoera eta hitzarmenaren nondik-norakoak azaldu dituzte Iker Galparsoro Goiekiko zuzendari nagusiak eta Maria Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak. Goierri Valley elkartea duela zazpi urte sortu zen, 33 enpresarekin, eta 75 enpresak osatzen dute egun. Sektore industrialean jarri nahi du elkarteak azpimarra, hori delako eskualdearen errealitate bat. Galparsorok azaldu duenez “lanpostuen ia %50 industria sektorean dago” eta “hori mantentzea” da Goierri Valley-ren helburua: “Eraldaketa industrialean lagundu, sektorea mantendu eta hobetzeko”.
Enpresa handiak, ertainak eta txikiak
2016an helburu hori betetzeko lehen plan estrategikoa egin zuten, eta “orain dela gutxi” berritu dute, erronka batzuk zehaztuta. Batetik, enpresa txikien eta handien arteko elkarlana bultzatzea da planeko erronka nagusietako bat, eta bestetik, enpresa txikien eta ertainen lehiakortasunean laguntzea. “Hemen 12-13 enpresa ‘traktora’ handi ditugu, nazioartekotzean finkatuta daudenak, baina beste errealitate bat ere badaukagu, enpresa txiki eta ertainak, hainbeste baliabide ez dituztenak”. Bi eremu horietan eragin nahi dute. Beste erronka batzuk ere badituzte esku artean: talentuarena, “enpresa askok talentua erakartzeko arazoak” dituztelako, eta enpresen dibertsifikazioa, berrikuntza eta digitalizazioa.
Erronka horiek “globalak” direla azpimarratu du Goiekiko zuzendariak, eta horiei aurre egiteko elkarlana “beharrezkoa” dela. “Gaurko hitzarmenarekin elkarlan horretan beste pauso bat eman dugu, ZIURi esker gure enpresek zibersegurtasuna gertutik ezagutzeko aukera izango dute”.
Zibersegurtasuna, “transbersala”
Maria Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak zibersegurtasunaren izaera “tranbersala” nabarmendu du, esanez, gaur egungo gizarte digitalizatuan “zibersegurtasuna lehiakorrak izateko balioa” dela. Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan duela sei urte sortutako zentroa da ZIUR, enpresa txiki eta ertainei alor horretan laguntza emateko. “Horretarako dago ZIUR, gehienbat enpresa txiki eta ertainekin egiten dugu lan, enpresa handien esperientziak baliatzen ditugu txiki eta ertainen bidean laguntzeko”.
Tresna bat izan nahi dute Goierriko enpresentzat ere, erreminta bat. Zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzte: diagnostikoak, aholkularitza, formakuntza zein proiektuen garapena.
Lehen jardunaldia egin dute
Hitzarmena sinatuta, lehenengo prestakuntza-jardunaldia egin da NBF eraikinean. Penillak berak, Iñaki Torrecilla ZIUReko ICS segurtasun arkitektoarekin, Goierriko enpresak ziber-mehatxuen aurka prestatuta egon daitezen zibersegurtasun industrialeko segurtasun protokolo bat zehaztu dute.