Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaiak etxebizitzaren inguruko proposamenak aurkeztu ditu Zumarragan
Eneko Andueza lehendakarigaiak PSE-EEk etxebizitzaren inguruko proposamenak aurkeztu ditu gaur Zumarragako Eitza auzoan. PSE-EEren esku dagoen Etxebizitza saila alokairuzko 108 etxebizitza egiten ari da Eitzan. Horregatik aukeratu dute auzo hori beraien proposamenak aurkezteko. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Denis Itxaso Gipuzkoako zerrendaburuak ere parte hartu dute.
Serranok PSE-EEk agintzen duena egiten duela esan du. “Eitzako etxeak dira horren adibide. Hori dela eta, Eneko da behar duguna. Gainera, bai Eneko eta bai Denis zinegotzi izan dira. Herria gertutik bizi dute”.
Itxasok Anduezak atzo ETBko debatean egindako lana goraipatu du. “Enekok harro egiteko debatea egin zuen. EAJren hautagaiarena desastrea izan zen. Berak hartu zuen gobernuak azken lau urteetan egindako lana defendatzearen ardura. Berak bakarrik aurkeztu zituen proposamenak. Bestalde, gu ez gara ezkerreko beste alderdi batzuk bezala gure arteko hika-miketan nahasten. Etxebizitzari dagokionez, diagnostikoa argia da. Arazo sozial eta ekonomiko nagusia da. Bizitza proiektua aurrera ateratzeko oztopo nagusia da. Hori dela eta, gure esku dauden erreminta guztiak erabiltzearen alde gaude: jabegoa, alokairua, fiskalitatea… Ez da bidezkoa Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Legeari aurre egitea, erreminta berriak eskainiko baitizkigu. EAJk eskuduntzak aipatzen ditu, baina ideologia kontua da”.
Anduezak Estatuko lehen Etxebizitza Legea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan onartu zela gogoratu du. “2015ean onartu zen eta etxebizitza izateko eskubidea jasotzen du. Denisen anaiak, Bixenek, zeresan handia izan zuen lege haren onarpenean. Etxebizitza ez da merkantzia, eskubidea baizik. Orain, Espainiako Etxebizitza Legearekin, pauso gehiago emango ditugu. Eta ez dugu onartuko orain arte egindakoa zalantzan jartzea eta ezta oztopoak jartzea ere”.
Azken legealdian alokairuzko etxe asko egin direla gehitu du. Eta Etxebizitza sailak 90 eragilerekin hitzarmena sinatu zuela ere bai. “Babes ofizialeko alokairuzko etxeak bikoiztea, babestutako etxeak totalaren %12ra heltzea eta etxebizitzen zaharberritzea sustatzea adostu genuen. Gainera, gazteei zuzendutako hainbat ekimen jarri ditugu abian. Hala, babestutako etxeen %40 beraientzat dira, nahiz eta eskatzaileen %29 bakarrik diren. %50era igotzeko asmoa dugu, gainera. Eta diru-laguntza ematen diegu alokairua ordaintzeko. 6.933 gaztek diru-laguntza jasotzen dute hilero. 5.000 etxebizitza berri egin nahi ditugu eta alokairuzkoen merkatura 1.500 etxebizitza atera. Horretaz gain, etxebizitzen zaharberritzera eta auzoen birgaitzera zuzendutako aurrekontua handitu nahi dugu”.