«Aberastasuna banatzeko, aurrena sortu egin behar da»
Aldundiaren eremutik EAEko plazara igaro da Markel Olano (Beasain, 1965). EAJren bigarrena da Gipuzkoatik, eta beren eredua babesteko, «inplikatzeko» dei egin du. Gipuzkoa jarri du erkidegorako ere ispilu.
Aldundiaren eremutik Eusko Legebiltzarrera igaro zara. Zer alde sumatu duzu?
Lehenago, perspektiba nazionala galdu gabe, lurraldekoa neukan nagusiki. Orain, nazionala indartzen da jada. Egia da Eusko Legebiltzarra ez dela euskal nazio osoaren ordezkaritza, baina euskal herritarren %70 bertan dago ordezkatua. Egokitu egin beharko dut pertsonalki, ikasketa prozesu bat izango da: orain fokua Euskal Herri osoko perspektiban jarri beharko dut.
Zer testuinguru politikotan heldu dira hauteskundeok?
Gizarte-egoera oso konplexua da, pandemia ondoreneko egoera, eta krisi ekonomiko fuerte baten ondoren etorri zen pandemia. Gizarteak tentsio oso handia nozitu du, bai ekonomikoki, bai osasun ikuspegitik. Hori nabaritzen da. Uste dut hori pixkanaka bere onera etorriko dela, besteak beste datuak ondu direlako. Adibidez, langabezia-tasa ia historikoa daukagu; %6,3 hori ez dakit sekula ezagutu dugun gurean. Horrek lagunduko du gizartearen egonezina leuntzen. Nolanahi, hauteskunde giro honetan ez da hori erabat nabaritzen, eta uste dut badaukala hauteskunde emaitzan eragina.
«Bi ereduren» arteko diferentzia eta aukeratu beharra bistarazi duzue. Zer du hobea EAJrenak? Zein da eredu hori?
Gure ereduak bi oin nagusi ditu. Alde batetik, ongizate sistema sakondu eta indartu nahi du. Bai Gipuzkoa, bai erkidegoa dira aurreratuenetako eta berdinetako batzuk, desberdintasunari aurre egiten jardun dugulako eta gizarte kohesioa indartzea lortu dugulako. Munduko gizarte guztietan aberatsenen eta pobreenen arteko distantziak neurtzen dituen Gini Indizean Gipuzkoan 23ko indizea atera da; munduan kohesio gehien duen gizarteetako bat gara, eta erkidegoko beste lurraldeak ez dira urruti ibiliko. Gizarte kohesioa eta zerbitzu sozial indartsuak ditugu, arlo guztietan, eta hori defendatzea guretzat funtsezkoa da.
«Zerbitzu publikoak indartu beharra daukagu; apustu nagusia osasuna da»
Hori aberastasuna modu justuan banatzea da; baina banatzeko, aurrena sortu egin behar da. Nik uste, beste alternatiba nagusiarekin, EH Bilduk ordezkatzen duenarekin, guk daukagun distantzia inportanteenetako bat hor dagoela: aberastasuna nola sortu. EH Bilduk eta bere oinarrian Sortuk daukan planteamendua ezker muturrekoa da; «iraultzailea», esaten duen bezala. Horrek ez du konektatzen gaur egungo egitura industrialarekin. EAJk defendatzen duen ereduak askoz sinisgarritasun handiagoa dauka gure herrian.
Zein ekoizpen egitura ekonomiko lehenetsiko duzue?
Gure herria nagusiki industriala da, eta azken urteetan enpresek, erakunde publikoekin batera, izugarrizko apustua egin dute lehiakortasunaren alde. Gure ekosistema industrial horrek, enpresa handiz eta txikiz osatutakoak, izugarrizko erronkak ditu etorkizunean. Bat esatearren, Barne Produktu Industrialaren %40 autogintzari lotua dago; pisu izugarria da. Sektore hori izugarrizko iraultzaren erdian dago. Nola lortu gure enpresek orain arte beste eredu bateko autogintzan jarduten zuten bitartean, etorkizunean lehiakortasun berdinarekin lehiatzea? Ereduen talka hor nozitzen da. Neurri handi batean, EH Bilduk enpresen interbentzioa proposatzen du; hori mesfidantzatik dator, historikoki ezker abertzaleak izugarrizko mesfidantza izan duelako enpresa sarearekin, eta enpresa sareak ere bai berarekin. Eta gure ongizatea eta lehiakortasun ekonomikoa ezin da mesfidantzatik eraiki. Ez dut esaten enpresen interes pribatuak defendatu behar direnik, hori administrazio publikoak ezin du egin. Baina bai konfiantza eta elkarlana landu, orain arte egin dugun bezala eta aurrerantzean ezinbestekoa izango den bezala.
Aldaketaren aroan da EAJ. Kezkarik bada hautagai berriaren onarpenagatik?
Hautagaiaren ezagutza-datuetan dago arazoa, ez onarpenean, zeren oso altua dauka, ia 6koa. Imanol Pradales ez da horren ezaguna, beste gainontzeko hautagaiak ez diren bezala. Ikusten ari gara belaunaldi berri baten apustua –guk aurretik Gipuzkoan egin genuena bezala–, eta horrek ardurak hartzea funtsezkoa da, pandemia ondoreneko gizarteak sentsazio diferenteak dauzkalako, eta horri aurre egiteko ideia berriak eta arnas berria behar dira. Hori Imanol Pradalesek jarriko du.
Euskal politikagintzan ere ziklo aldaketa datorrela dirudi.
Ni politikagintzan Trantsizio garaian hasi nintzen, 15-16 urterekin sartu nintzen EGIn. Orduan ere izugarrizko talka politikoa zegoen Goierrin; ETAk markatzen zuen ibilbidea eta egoera politikoa, eta militante politiko batek aukera egin behar zuen: ETAren jarduerarekin bat egin, ala ez onartu eta kontra jarri. Nik bigarrena hautatu nuen. Ikusten da belaunaldi berri honek ez daukala jada motxila hori sorbaldan, beste garai batean bizi gara, eta hori ona da. Gu saiatu gara Gipuzkoan giroa aldatzen, 2016an Etorkizuna Eraikiz martxan jarrita. Herritarrekin eta gainontzeko alderdi politikoekin mantendu beharreko harremana eraldatzen jardun genuen. Ez gara zerotik abiatzen.
«EAJk defendatzen duen ereduak askoz sinisgarritasun handiagoa du herrian»
EAJk non kokatuko da?
Etorkizuna Eraikiz martxan jarri genuenean, berrikuntza sozial eta politikoa izugarria izan zen. Orain beste hautagai batzuei entzuten diet elkarlana eta kolaborazioa inportantea dela… Zortzi urte daramagu ez hori esaten bakarrik, baizik aplikatzen, eta EAJk bideratu du. Gipuzkoan sortu dugun esperientzia horrek uste dut arnas luzea izango duela. Demokraziak duen arazo nagusia, sistema politikoarekiko herritarren urruntzea da. Hori gainditzeko eta ezeztatzeko, funtsezkoa da erakunde publikoek eta alderdi politikoek jarrera eta praxia aldatzea. Hori egiteko eskarmentua badaukagu, eta EAJk bide beretik jarraituko duela ez dut inongo zalantzarik.
Hauteskundeak ez irabazteko beldurrik badu EAJk?
Hori aukera benetako bat eta erreala da. Ezker abertzalearen soziologia mobilizatzen eta motibatzen duena EAJ boteretik desalojatzea da. Motibazio hori ez zait iruditzen, ez pertsonalki, ez kolektiboki, inpultso egokia denik, baina oso efektiboa da. Hauteskunde egunera arte, egin beharra daukaguna da jendeari adierazi bi ereduren arteko hautua egin beharra daukatela. Ezker abertzalearen eredua nagusitzea nahi ez badute, benetan inplikatu behar dute eta botoa EAJri eman behar diote, alternatiba posible bakarra delako.
Zein dira hurrengo lau urteotarako zutabeak EAJrentzat?
Lau aipatzearren, lehenik zerbitzu publikoak indartu beharra daukagu. Apustu nagusia osasun sistema da. Nahiz eta inbertsio publikoa handia den –3.500 euro inbertitzen dira biztanleko, Europan 3.200–, txoke plan bat egin behar da itxaron zerrendak murrizteko, anbulatorioen efizientzia indartzeko. Pandemia aurreko egoerara itzuli, eta kalitatea hobetzen jarraitu behar da, zerbitzu publiko guztietan.
Enpresen lehiakortasuna bermatzea funtsezkoa da, ezagutza, tekonologia eta zientziaren alde eginda. Hirugarren, komunitatea indartu beharra daukagu. Eta, laugarrena, funtsezkoa da euskara eta euskal kultura XXI. mendean proiektatzea, jauzi kualitatibo bat eginda.