Lointek Gernikak irabazi du Euskal Kopa
Txapelketaren bigarren jardunaldian maisuki irabazita bereganatu dute Kopa. Kutxabank Araski taldea geratu da azpitxapeldun.
Lointek Gernika taldeak irabazi du emakumezkoen saskibaloiko Euskal Kopa, Beasaingo Antzizar kiroldegian. Ostegunean, txapelketaren lehenengo partidan Araski taldeari nagusitasunez irabazi eta gero, ostiralean, IDK taldeari gailentzea ere lortu zuten. Bi garaipen horiei esker, Euskal Kopako irabazleak izan ziren. Txapeldunorde izan zen, berriz, Kutxabank Araski, igandean, IDK Euskotren taldearen aurkakoan erabaki zena.
Datorren asteburuan emango diote hasiera emakumezkoen saskibaloi ligari, beraz, denboraldi aurrekoaren prestaketa osatzeko egoki izan da Beasainen jokatu den Euskal Kopa. Goren mailako hiru jardunaldi izan ziren, ostegunean, ostiralean eta igandean jokatu zirenak. Publikoaren erantzuna ere ona izan zen.
Ostegunean jokatu zuten lehenengo partida. Kutxabank Araski eta Lointek Gernika Bizkaiaren artekoa. Bi taldeak parean hasi baziren ere, gernikarrek markagailuan alde egitea lortu zuten (84-62).
Bigarren jardunaldian, ostiralean, Lointek eta IDK Euskotren izan ziren aurrez aurre. 24 orduan bigarren partida zen Gernikakoentzat, baina hori ez zen aitzakia izan, txapelketako bigarren garaipena lortzeko (74-66). Hasiera berdindua izan bazen ere, bigarren laurdenean puntuen aldea handitzea lortu zuen Gernikak, Ligako talde indartsuenetako bat duela erakutsiz.
Hirugarren jardunaldian, Euskal Kopako txapeldunordea erabakitzeko zegoen. Oso partida berdindu baten ondoren, Araskirentzat izan zen garaipena (73-77).
Beasaingo BKL taldea, Euskal Koparen antolakuntzaz arduratu denak, «balorazio positiboa» egin du, eta «talde, bolondres, eta ikusleen» parte hartzea eskertu nahi izan du. Prest daude taldeak 2024/2025 sasoiari ekiteko.