Olaberriko Elite pala txapelketa, gaurdaino osoena
Inoizko parte-hartze handiena eta zabalena izan du, bost mailatara hedatu baitute lehiaketa
Olaberriko X. Elite Pala Txapelketa larunbatean bukatu zen. Ekitaldi borobilean, inoizko parte-hartze handiena eta zabalena izan du, bost mailatara hedatu baitute lehiaketa. Lehen aldiz, haurren bi kategoria eta 23 urtez azpikoena sartu dituzte.
Finalak uste gabeko lekuan jokatu behar izan zituzten, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Olaberriko frontoian hezetasun arazoak atera ziren, euriteen ondorioz, eta azken unean Zumarragara aldatu zuten jokalekua.
Elite mailan, pala motzean Yon Gavillet okzitaniarrak eta Emiliano Skufca argentinarrak –hasieratik da Olaberriko txapelketan partaide– irabazi dute, Julen Mendizabal iruindarra eta Imanol Ibañez bilbotarra 40-32 menperatuta.
Paleta larruz, Lucas Hourçourigaray eta Benoit Chatellier okzitaniarrak dira txapeldun, Dani Berrogi iruindarrari eta Valentin Cambos baionarrari 35-31 irabazita. 23 urtez azpian Iribarren-Sierra, infantil-kadeteetan Josu Soberon-Ibai Dominguez, eta benjamin-alebinetan Xiker Sorio-Danel Gorrotxategi dira irabazleak.