Goierriko igerilekuak prest daude aurtengo bainu sasoirako
Bihar irekiko dute Lazkaoko igerilekua eta haurren IX. Triatloiak estreinatuko du. Olaberrikoa, Idiazabalgoa, Urretxukoa, Segurakoa, Ordiziakoa eta Beasaingoa datorren asteburuan irekiko dituzte. Ormaiztegikoa, berriz, ekainaren 21ean.

Tenperaturak nolanahikoa izaten jarraitzen du oraindik, baina dagoeneko Goierriko igerilekuak prestatzen hasi dira aurtengo bainu sasoirako. Lazkaotarrak izango dira goiztiarrenak; igerilekuak hustu, garbitu eta berriro bete, berdegunea egokitu, eta aldageletan pintura lanak zein instalazioetan konponketa txikiak egin ondoren, bihar zabalduko dituzte bertako egoiliarrentzat zein inguruko bisitarientzat herriko estali gabeko bi igerilekuak.
Olaberrian, Idiazabalen, Urretxun, Seguran, Ordizian eta Beasainen ere mantentze eta doitze lanak egiten ari dira eta datorren asteburuan zehar irekiko dituzte. Ormaiztegikoa, berriz, hilaren 21ean. Udako denboraldiari hasiera emateko zain dira goierritarrak, eta atseden hartzeko, tenperatura altuen beroa freskatzeko eta familia zein lagunartean gozatzeko gune bihurtuko dira, beste urte batez.
Bihartik hasi eta irailaren hasierara arte, hiru hilabetean egunero egongo dira zabalik herri guztietako instalazioak. Gehientsuenak, gainera, ordutegi antzeko samarretan ireki eta itxiko dira: 11:00etatik 20:00etara izango dute goierritarrek estali gabeko igerilekuez modu seguru eta atseginean gozatzeko aukera.
Aurreneko egunean
Gainera, aurreneko egunetan ilarak eta itxaronaldiak saihestu nahi dituzten herritarrek, abonuaren tramitazioa egin dezakete jada. Lazkaon, esaterako, Joxemiel Barandiaran Kiroldegiko harreran egin daiteke abonu eskaera; Idiazabalen ere, abonuen eskaera orria beteta aurkeztu daiteke herriko liburutegian edota udaletxeko harrera zerbitzuan; eta Urretxun ere aukera dago kiroldegira joanda abonuen tramitazioa egiteko. Online egiteko aukera ere bada herri gehienetan.
Ur parkeak ere sasoi berean jarriko dira martxan, Beasainen, esaterako, ekainaren 13an.
Haurren triatloia Lazkaon
Aurten ere izango da Lazkaoko igerilekuen inaugurazio egunean eskola-umeen ohiko triatloia. Bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta ohikoa den bezala, igerilekuen aurreneko egunean jokatuko da, estreinaldi modura. Antzar Korrikalariak klubeko Tri-Antzar triatloilarien sailak antolatu du, eta edonork parte har dezake, baldin eta hasi aurretik izena ematen badu.
Distantzia desberdinetako probak osatu beharko dituzte korrika, bizikletan eta igerian. Hain zuzen, igerilekuan hasiko da triatloia, aurrebenjaminen lehenengo erakustaldiarekin (2017-2018 urteetan jaioak), baina ez da lehiakorra izango. Ondoren emango diete irteera lehiaketako parte-hartzaileei, hiru kategoriatan banatuta: benjaminak (2015-2016), alebinak (2013-2014) eta infantilak (2011-2012). Orotara, hiru karrera jokatuko dituzte, eta parte-hartzaile guztiek jasoko dute oroigarri bana.