Errekor berrien jabeak
Gari Garmendiak Goierriko errekorra ondu du 251 kiloko harriarekin. Xabier Aranburu 'Guzta', historiako zazpigarrena da Xiete harri jasotzen.

Horretarako prestatzen aritu dira azkeneko hilabeteetan, eta lortu dute azkenean. Gari Garmendia eta Xabier Aranburu Guzta harri jasotzaile idiazabaldarrek errekor pertsonalak hobetzea lortu dute asteburu honetan Joseba Ostolazaren Harri eskolak Aizarnazabalen antolatutako erakustaldian.
Garmendiak 251 kiloko harri errektangularra altxatuta, errekor pertsonala ez ezik, Goierriko errekorra ere bereganatu du. Guztaren kasuan, Xiete harria lehendabizikoz jasota, historian noizbait harri hau jaso duten harri jasotzaileen zerrendan sartu da, zazpigarren harri jasotzaile bezala.
View this post on Instagram
Bigarrenik ez
Garmendia «pozik» da lortutakoarekin. Altxaldiari buruz galdetuta dio, lurretik «ondo» igo zuela harria eta «hiru kolpetan» gora altxatzea lortu zuela. «Kosta» egin zitzaion goraino eramatea, baina azkenean helburua lortuta, «gustura» dago. 251eko errektangularrekin marka pertsonala eta Goierrikoa hastea lortu ditu, baina gainera, harri hau altxatu duten harri jasotzaileen zerrendan ere sartu da 10. postuan.
Guzta ere «gustura» dago saioak emandakoarekin. Aizarnazabalgo frontoia «beteta» zegoela kontatu du, baita, horrelako saioetan «nerbioek» eragiten dutela ere. Xiete harria «ondo atera nuen behetik, jiratu ere ondo egin nuen baina harria gora altxatzeko presaz, kolpe handi xamarra eman nion eta mugitu arazi zidan arren, lortu nuen altxatzea», dio. Bigarren aldiz ere saiatu ziren biak, baina ez zuten balentria errepikatzerik lortu.
View this post on Instagram
Garmendia, ETB1en
Ez dira hurrengo erronkan pentsatzen jarri oraindik, eta uda orokorrean, deskantsatzeko aprobetxatuko dute. Garmendiak, bere aldetik, ETB1eko Kirol herri saio berrian parte hartuko du Iker Vicente aizkolariarekin eta Ainitze Zumeta harri jasotzailearekin taldea osatuta.