Aramako Udaberri azoka, tokiko produktuen eta sormenaren erakusleiho
Igandean 10:30ean hasiko da, eta 14:30ak arte iraungo du. Herritarren eta artisauen topagune izango da herrigunea.
Iazko udaberri azokako irudia. Oier Markotegi Herritarren, artisauen eta inguruko herrietako bisitarien arteko topagune bihurtuko da igandean Aramako herrigunea, Udaberri azokaren bigarren aldian. Esperientzia paregabea bizi izan zuten iaz herritarrek eta arrakasta haren ondotik, berriro antolatzea erabaki du Gaztaintxota Kultur Elkarteak. Iazko azokaren bi lekuko izan ziren Udane Arizmendi zinegotzia eta Ana Gorostizu artisaua, eta azaldu dutenez, gogotsu dira azoka honekin herriari beste behin ere «bizitasuna eta oihartzuna» emateko. Sormenaren erakusleiho izango da Aramako herrigunea, 10:30etik 14:30era.
Dena den, Aramako azokaren tradizioa ez da jarduera berria. Orain hamar bat urte eguberri garaian ere egiten zen eguberriko artisau azoka, eta horrek erakusten du herrian badela tokiko ekoizpena sustatzeko «joera sendoa». Arizmendik ere horixe azpimarratu du: «Herrian bertan azokagile eta ekoizle ugari izan ditugu beti, eta horiek hauspotzeko nahia ere bagenuen».
Urte batzuetako etenaldiaren ondotik, hain justu, iaz berreskuratu zuten azoka, baina formatuari berrikuntza bat eginda: urtaro aldaketa. Gorostizuk dio udaberriak azokari gehitzen dion «xarmagatik» erabaki zutela lekualdatzea: «Beste kolore berezi bat izaten du azokak udaberrian, loreak direla, eguraldia dela…».
Tokikoari balioa ematea
Azokaren helburuak askotarikoak direla ziurtatu dute biek. Herritarren arteko elkargunea sortzea, tokiko produktuen aldeko apustua egitea, inguruko ekoizleek egiten duten lana balioan jartzea, ikusgarritasuna ematea eta herritarrei gertuko produktuak ezagutzeko zein kontsumitzeko aukera eskaintzea dira horietako batzuk.
Izan ere, aramar sortzaile ugari izaten dira azokan, eta horiei ikusgarritasuna emateko balio izaten du, besteen artean. Aurtengoan, bost izango dira azokan postua jarriko duten herritarrak: Alaine Goikoetxea (Eskuz Lan), Manu Unanue, Waqar Ahmed (Biona Landareak), Valentina Yañez (Cinnamon) eta Ana Gorostizu bera (Mairi Kosmetika naturala). Arizmendiren esanetan, «pozgarria» da herriko sortzaileen produktuak kontsumitzeko aukera izatea, bai eta alboko herrietako sortzaileek ere parte-hartzea, hala nola altzagarrak zein itsasondoarrak.
Inguruko herrietako sortzaileen presentziak, gainera, eskualdeko bisitari gehiago bertaratzea erakartzen du, eta Arama bezalako herri txiki batentzat, horrek dakarren «onura» azpimarratu nahi izan dute biek, herri txikia dena handi bihurtzen baitu ekimen honek. «Pozgarria da eskualde mailan ere Aramako azokak interesa pizten duela ikustea», dio Arizmendik. Aurrerantzean ere, halako ekimenak «sendotzen» jarraitzea beharrezkoa dela uste du Gorostizuk.
EKOIZLEAK
- Artzabaltza baserria: Barazki ekologikoak.
- Cinnamon: Makramezko lepokoak eta pultserak.
- Sualma: Egurrezko jostailuak.
- ‘Arte del sofá’ Clara Probanza: Ilustrazioak.
- Mairi: Kosmetika naturala, besteak beste, ukenduak, jaboiak, kremak…
- XOOJ eskuz egina: Oihalezko osagarriak.
- Artizar: Ilustrazioak eta pintura.
- Pili Gereñu: Lore lehorrak.
- Irure txiki baserria: Barazki ekologikoak.
- Liber: Poltsak.
- Kimuri: Biomaterialez egindako produktuak.
- Kurkubi: Eskulanak.
- Biona: Landareak.
- Zelaieta: Gaztak.
- Amesgile argitaletxea: Haurrengana bideraturiko literatura (liburuak).
- Manu Unanue: Berak tailatutako produktuak.
- Kosta: Itsas egurrak.
- Eskuz eskura: Belarritakoak.
- Eleniren txokoa: Gantxillo bidez egindako produktuak.
- Ehunduz: Irakasle amantalak, jantziak eta osagarriak.
- Eskuz lan: Bitxiak.
- Babalore: Botila termikoak eta zeramikazko katiluak.
- Ni naiz: Motxila, poltsoak eta belarritakoak.
- By Olariz: Belarritakoak eta kandela aromatikoak.












