Goierriko GKS-k kexa adierazi du Beasaingo Udalak isunak ezarri dizkiolako kartelak jartzeagatik
Udala "aldarri politikoak zabaltzeko trabak jartzen ari" dela salatu du, eta orain arte jarritako isunak eta herriko kamerak ken ditzala eskatu dio.
GKS-ko kideak Loinazko San Martin plazan.GKS Goierriko GKS Gazte Koordinadora Sozialistak kexa adierazi du Beasaingo Udalak isunak ezarri dizkiolako pankartak edo kartelak jartzeagatik. Antolakundeak zabaldu duenez, zazpi isun iritsi zaizkie, 2.100 euroko zenbatekoarekin guztira.
Beasaingo Udala “aldarri politikoak zabaltzeko trabak jartzen ari” dela salatu du. Udalak adierazi du ez dela erabaki politikoa, eta 2025ean onartutako ordenantza publikoetan zehazten dela pankartak, kartelak, pegatinak eta antzerako elementuak udal-agintaritzak horretarako gaitutako eta titulartasun publikoko lekuetan jarri daitezkeela.
Hauek dira ordenantzan aipatzen diren lekuak: Kale Nagusirantz ematen duten Loinazko San Martin plazako baranda, Loinazko San Martin plazako kioskoaren barandaren errenkada bat, Zaldizurretako biribilgune ondoko barandak, ibaiarekiko perpendikularrak direnak, Gipuzkoa Plaza ondoko zubiko baranda, Igartza Oleta kalerantz ematen duen Loinatz futbol zelaiko itxitura, Ezkiaga auzoko frontoiko baranda eta horretarako gaitutako udal-iragarki taulak metalikoak.
“Ikusgarritasuna oso mugatua”
Ordenantzak zehazten duenez, “udalak, jaialdi edo ekitaldi konkretuetarako kartelak, pankartak, banderatxoak, edota antzeko elementuak jartzeko baimen bereziak eman ahalko” ditu. “Nolanahi ere, debekatuta dago kolaz edo itsasgarriz itsatsitako paperak, kartelak, pegatinak eta edozein motatako iragarkiak jartzea”.
Horren aurrean, GKS-k argudiatu du “txoko horien ikusgarritasuna oso mugatua dela”, eta “ez dutela balio aldarriak herritarren gehiengoak ikusi ahal izateko”. Pankartak jartzeko udalaren baimena eskatu beharraz, antolakundeak adierazi du kontrola areagotzen duela: “Pankartak jartzeko udalari baimena eskatu behar zaio, pankartako aldarria aurretik jakinaraziz eta kide bat identifikatuz. Horrek, batetik, gazte antolatuon gaineko kontrola areagotzen du, etengabe udaletxean geure burua identifikatzen aritu behar garelako; bestetik, prozesua burokratizatzen du, alferrikako lan karga gehigarria eraginez; eta azkenik, udalaren esku uzten du baimena emateko ala ez emateko erabakia, kaleetan jar daitezkeen aldarriak zentsuratzeko eskumena emanez eta adierazpen askatasuna mugatuz”.
Enpresari handien eta politikari profesionalen baliabiderik ez dutela-eta, “ezinbestekotzat” jo dute “gazte antolatuei kalean politika egiteko eta militantziarako baldintzak defendatzea”.
Sei kamera berri, martxotik
Langileen aurkako “errepresioa eta kontrol soziala” salatu du antolakundeak, baita herrian instalatutako kamerekin eta horien bidez jarritako isunekin “funtzio errepresiboa argi ikusten” dela ere. “Esate baterako, 2026ko martxoan jarritako sei kamera berriak 4 urtez alokatzeko 49.864,94 euroko aurrekontua onartu berri du udalak. Zenbat diru ariko da gastatzen urtero herriko kamera guztiak mantentzeko?”.
“Kalean politika egiteko eskubidea” defendatu dute, eta udalari eskatu diote orain arte jarritako isunak eta herriko kamerak ken ditzala eta “ez dezala kalean politika egiteko mugarik jarri”.












