Laino artean oinak gidatzeko lehorreko itsas-argiak
Lizar zuhaixka berriak landatu ditu mendizale talde batek Urbian, tartean hainbat goierritar direla. Zuhaitz ilarak Urbiako paisaiaren ikur dira eta mendizaleei norabidea erakusteko helburuarekin daude jarrita.
Auzolanean lizarrak landatzen aritu den kuadrilla, atzo Urbian. Aritz Altube Lizar arbolen lerroak Urbiako parajearen ikur nagusietako bat dira, baina ez dira beti hor egon. Parajea edertzeaz eta egun eguzkitsuetan itzala emateaz gainera, laino eta elur artean, mendizaleei bidea markatzeko helburuarekin daude jarrita bertan, itsas-argiak itsasontziei nola. Lehenengoak orain dela 101 urte landatu zituzten eta momentuz azkenak, asteazkenean, herritar talde baten ekimenez. Dozena bat laguneko kuadrilla aritu da landaketa lanetan, tartean makina bat goierritar: Leandro Elorza segurarra, Angel Heras lazkaotarra eta Zegamako Rikardo Arriaran, Juanjo Gorrotxategi, Kelo Perez eta Emilio Txurruka.
Gehienak goierritarrak diren arren, Arrasate, Zornotza (Bizkaia), Zarautz, Mutriku, Azkoitia eta Zestoako lagun banak ere osatu dute hamabiko talde hau Urbiarekiko duten maitasunak elkartuta. Urbiako Fondako Aritz Altubek zehaztu duenez, iaz ekin zioten lizar landare berriak landatzeari. Lagunartean zirela atera zen gaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoarekin hitz egin ondoren, 10 lizar berri landatu zituzten iaz «Urbiatik Artzanburu aldera doan bidean, Iferrutzeko leporaino». Aldundiak jarri zituen lizarrak eta partzoneriak, landareak ganadutik babesteko itxiturak edo olaziak.
Oñatiko Udalak erositako 16 lizar berrirekin luzatu dute aurten iaz hasitako lerroa, «egiaz, 9-10 bat gehitu ditugu eta gainontzekoak iaz landatutakoetatik huts egin dutenak ordezkatzeko erabili ditugu», zehaztu du. Lizar ilarak berebiziko garrantzia dute mendizaleentzat, «beti izan dira norabidea markatzeko baliagarriak. Egun eguzkitsu batean Urbian ez dagoela galtzerik dirudien arren, lainoa edo elurra dagoenetan galtzeko arriskua handia da, nahiz eta aurretik mila bider egona izan. Niri lizarrek askotan libratu naute bidean galtzetik», kontatu du.
Landaketa atzeratu
Aurten landaketa atzeratu egin zaie, «udaberria hasi aurretik izan ohi da garaia. Landareak sustraiak edukiontzian zituztela etorri dira eta horrek ahalbideratu du atzeratzea. Gainera, Urbian, landaketa garaian sarritan elurra egoten da oraindik», dio. Zuhaitzak landatzeak berak baino itxiturak egiteak ematen du lanik handiena, baina auzolanean ez da aldaparik izaten bidean. Partzoneriako lurretan landatu dituzte orain arteko landare guztiak eta beharrezkoa da haren baimena izatea horretarako.
«Egun eguzkitsu batean Urbian ez dagoela galtzerik dirudien arren, lainoa edo elurra dagoenetan galtzeko arriskua handia da, nahiz eta aurretik mila bider egona izan»
Aritz Altube. Urbiako fonda
Goiena aldizkariak 2024an argitaratutako erreportaje batean jasota dagoenez, Arantzazuko frantziskotarren artxiboan gordeta dagoen informazioaren arabera, lizar lerroen lehendabiziko landaketa 1925ean egin zuten, ermita inauguratu eta urtebetera. Ordu hartan, 770 lizar landatu zituzten, errenkara bikoitzean, Elorrolatik hasi eta fondara eta errekatxora bitarteko zatian. «Askotan entzunda daukat frantziskotarren ekimena izan zela eta Arantzazun zeunden gazteak ibiltzen zirela landaketa lanetan», gogoratu du Altubek. Proiektu haren bultzatzaile nagusietako bat izan zen Jose Adrian Lizarralde frantziskotarra.
Belokiko lizarrak Urbian
Bigarren landaketa handi bat ere egin zen geroago, 1963an. Goienak jasota duenez, «mando, asto eta zaldi gainean igo zituzten landareak Arantzazutik Urbiara», Jose Inazio Lasak —Aita Lasa— gidatutako ekimenean. Auzolanean 568 zuhaixka landatu zituzten, bide nagusian ez ezik, baita alboko xendretan ere: «Urbiatik Aizkorrirako bidean, Zegamako geltoki aldera eta, Artzanburutik Legazpi aldera eta Otsaurtera».
Hain zuzen, 568 zuhaixka haietako batzuk Zumarragako Beloki menditik eraman zituzten, eta Zumarragako eta Urretxuko hainbat mendizale aritu ziren bertan laguntzen. Talde horretako kideetako bat Zumarragako Sagaspe baserriko Jose Inazio Zaldua zen. Zalduak lizar horiek Beloki mendiaren magaletik hartu zituen eta ondoren, Urbian birlandatu zituzten, haren seme Jose Luisek 2023an Goierriko Hitzari esan zionez.
Mende bateko historia duten Urbiako lizar ilaren familia handituz joan da ordutik, Gipuzkoako eta Goierriko paraje kuttunenetako batera gerturatzen diren mendizaleak galtzetik babestu eta beahr dutenetan gidatzeko helburuarekin.

























