ERREPORTAJEA. 2002ko San Fermin egunez hasi zen dena
Bilakaera handia izan du Zegama-Aizkorrik hasieratik gaur egunera. Nazioarteko kirol marka ezagunak probaren babesle izateak eragin du zabalkundea batez ere.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren lehen edizioaren irteera, 2002an. Zegama-Aizkorri Zegamaren izena ezaguna egin eta hura Aizkorrirekin lotzeko ideia mendi maratoi bihurtu zen 2002ko uztailaren 7an. Harrezkero izan duen bilakaera ez sinistekoa izan da, ez kopuruz ezta kualitatiboki ere. Ondoko lerroek garai bakoitzeko mugarrien laburpena jasotzen dute, bost urteka banatuta.
JAIO ORDUKO HAZI (2002-2006)
Juan Martin Tolosa eta Rosa Lasagabaster izan ziren lehen irabazleak, 2002an. 219 korrikalari irten ziren. Bigarren edizioa, 2003ko San Fermin bezperan, eta txapela Fernando Garciak eta Esther Hernandezen jantzi zuten. 291 mendizale helmugan. 2004. urtean munduak Zegama aurkitu zuen. Buff Sky-Runner World Series-erako puntuagarria, 330 korrikalarik hartu zuten parte. Mario Poletti eta Anna Serra izan ziren nazioarteko aro berri honetako lehen errege-erreginak. 2005ean, Rob Jebbek (03:54:18) lau orduko langa jaitsi zuen lehen aldiz, eta Corinne Favrek bere legea ezarri zuen. Zegamako loteria hasi zen 2006an, lehen aldiz dortsalen zozketa. Ricardo Mejia eta Angela Mudge irabazle.

Angela Mudge eskoziarra, 2006ko irabazlea, Aizkorrin gora.Zegama-Aizkorri
BOSTETIK LAU JORNETEK (2007-2011)
2007an Kilian Jornetek bere lehen txapela jantzi zuen Zegaman, 19 urte eskasekin. Emakumezkoetan, Corinne Favrek irabazle bigarrenez. Buff Sky-Runner World Series-en final handia izan zen –420 partaide–. 2008an txapeldun berberak izan zituen. Skyrunning-eko Europako Txapelketa izan zen eta 392 mendizalek osatu zuten proba. 2009an Ricky Lightfoot eta Emanuela Brizio (04:38:19) izan ziren garaile –417 partaide–. Italiarraren markak 2017ra arte iraun zuen. 2010ean, gailurretan elurra zela, Jornetek hirugarren txapela jantzi zuen, eta Briziok bigarrena. 2011n, lehen aldiz proba telebistaz. Jornet laugarrenez nagusi, eta Oihana Kortazarren aurrenekoa. 415 partaide 10.ean.

Kilian Jornet, 20 urte zituela, 2008an, Zegama-Aizkorri bigarrengoz irabazi zuenean.Zegama-Aizkorri
BI LASTERKETA BERRI (2012-2016)
2012an bide berri bat ekin zion Zegamak, lehen Junior Traila antolatuz. Kilian Jornet –bosgarren txapela– eta Oihana Kortazar –bigarrena– izan ziren berriz ere jaun eta jabe, 483 korrikalariz inguratuta. 2013koak inoizko amaierarik estuena izan zuen. Jornetek 12 segundo eskas atera zizkion helmugan eta Luis Alberto Hernandori. Nesketan, Emelie Forsberg garaile. 550 partaide. 2014an Jornetek zazpigarren aldiz irabazi eta gizonezkoen errekorra birrindu zuen (03:48:38). Stevie Kremer estatubatuarra gailendu zen nesketan. 463 partaide. 2015ean, Kilometro Bertikala jokatu zen lehen aldiz. Maratoia Europako Txapelketa izan zen berriz ere. Tadei Pivk eta Azara Garcia txapeldun. 2016an, euria, hotza eta lokatza izan ziren 520 korrikalarien bidelagun. Kilian Jorneten zortzigarrena eta Yngvild Kaspersenen lehena.

Oihana Kortazar elgetarra, Zegama-Aizkorri bigarrenez irabazi zuenean, 2012an.Zegama-Aizkorri
MENDITIK ETXERAINO (2017-2021)
2017a errekorren urtea izan zen. Bi marka nagusiak Stian Angermundek (03:45:08) eta Maite Maiorak (04:34:27) ondu zituzten. 419 finisher. Aro berri bati ekin zion Zegamak 2018an, Golden Trail World Series-en lehen edizioaren zirkuituan sartuta. Remi Bonnet eta Ida Nilsson izan ziren indartsuenak. 2019an, Kilian Jornet bederatzigarrena. Eguneko ezustekoa Eli Anne Dvergsdal norvegiarrak eman zuen. 2020an, pandemia garaian, Zegama-Aizkorri birtuala bihurtu zen: Mundu osoko 9.870 lagunek osatu zuten ibilbidea haien etxeetan. 2021ean, uztailetik irailera, 572 korrikalarik osatu zuten maratoia bakarka Open Trail Races aplikazioaren bidez.

2020ko Zegama-Aizkorri birtuala izan zen, pandemiaren ondorioz.Zegama-Aizkorri
ITZULERA ERREKORREKIN
Gaur egun indarrean dauden errekorrak jarri zituzten 2022an Kilian Jornetek (03:36:40) –hamargarren txapela– eta Nienke Brinkmanek (04:16:43). Euriaren eta hotzaren eraginez, gailurreria saihestea erabaki zuten antolatzaileek 2023an. Irabazleak, Manuel Merillas eta Daniela Oemus. Partaideak, 527. Kilian Jornet hamaikagarren aldiz irabazle Zegaman 2024an, erakustaldi gogoangarri batekin. Emakumezkoetan, Sylvia Nordskar norvegiarra izan zen azkarrena. Eta orain arteko azkenekoan, 2025ean, Elhousine Elazzaoui irabazle mutiletan, eta Sara Alonso donostiarra emakumezkoetan. Eta 2026an? Hasteko behintzat, mendi maratoiaren 25. urteurreneko ekitaldia egingo dute larunbatean (12:30), eta Anduetza parketxean 25 urteko historia laburbiltzen duen erakusketa bat jarriko dute ikusgai.

Sara Alonso 2025ko irabazlea eta Malen Osa hirugarren sailkatua, Zegamako helmugan.Iñaki Gurrutxaga










