ELKARRIZKETA. «Nire burutik ez da pasatzen boluntario izateari uztea»
Aitor Galdosek (Zegama, 1976) Aizkorri gailurrean lan eginez bizi izan du 25 urteotan Zegama-Aizkorri maratoia.
25 urte darmatzazu boluntario lanetan. Zergatik erabaki zenuen izena ematea?
14 urte nituenetik kultur etxeko batzordean sartuta nengoen. Mendi irteerak ere antolatzen zituen garai hartan. 80ko hamarkadaren hasieran, egin genituen Mugaz muga, lau ekitaldi. Zegamara buelta osoa ematen, eta gauean lo egiten genuen San Adriango aterpetxe ondoan kanpinak muntatuta. Amezti elkartea sortu genuen eta mendi elkartea ere sortu zen haren barruan. Kontestu horretan etorri zen Aizkorriko Lagunen Eguna. Hasieratik antolakuntzan egon gara Amezti elkartean.
Aizkorri Lagunen Eguneko bigarren ekitaldia maratoiarekin izan zen. Zerbait naturala izan zen. Maratoia egin behar zela esan zen momentuan, han geundenez, Albertorekin [Aieber]-eta, gu ibilbidea markatzen ibiltzen ginen. Gogoratzen naiz kamiñeroen errueda horietako bat hartu eta jai askotan joaten ginela ibilbidea izan zitekeena markatzera eta neurtzera.
Non egoten zara? Zein da zure egitekoa?
Astebete lehenago ura eramatera joateko antolatzen gara herritarrekin. Urte batean astoarekin egin genuen ahalegina, baina lan gehiago eman zigun astoarekin igotzea, bi hankakoekin igotzea baino. Orduan, deialdi zabala egiten da eta jendeak parte hartzen du. Dena ez dago azkeneko asterako uzterik, eguraldiak ez du askotan laguntzen-eta. Ura, bai ala bai behar da han.
Gure kuadrillakoak Aizkorrin gaude hasiera-hasieratik, modu natural batean. 25 urtean uste dut Aizkorrin dagoen bakarra ni naizela. Polita izaten da. Egunean bertan ardurak banatuta dauzkagu. Ni denbora hartzen egoten naiz. Anoa postua ere bada. Gainontzean, bidea zintarekin itxi, jendea gehiegi karreran sartu gabe egon dadila… Horiek izaten dira eguneko lanak.
Zer eman eta kendu dizu boluntario izateak?
Boluntario izatea, niretzat munduan eta Zegaman egoteko moduko bat da. Uste dut gurea bezalako herri txikiek ameslariak behar dituztela inguruan. Ezin da soldatapeko ekintzetan bakarrik parte hartu. Ni gazte-gaztetatik begirale bezala ere beti soldatarik kobratu gabe egon naiz, eta gaur ere mila gauza egiten ditut musutruk, eta atsegin handiz. Ezer bueltan espero gabe. Herriak jasotzen duena da niretzako boluntario izateak ematen duena: herri egituratuago bat, anbiente hobeagoko herri bat, amestu ere ezin daitezkeen gauzak egitera iritsi garena eta mantentzen duguna…. Hori dena boluntariorik gabe eta bueltan ezer espero gabeko jenderik gabe ez dago egiterik. Eta hori da boluntariotzak ematen duena, eta uste dut hori dela lasterketa honen arrakastaren gakoa.
Kendu? Adibidez, Zegaman egun horretan ze giro dagoen inoiz ere ez dut bizi, 25 urtetan goian egon naizelako. Nire seme-alabak jaio berriak zirenean ere, ni goian nengoen. Esaten dute, oilo ipurdia jartzen duela irteerak. Nik sekula ere ez dut bizi. Aurten, adibidez, semea Junior trailean irtengo da. Gurasook, bikotea eta biok, Aizkorrin egongo gara. Pena puntu bat ematen du, baina tira, gure gurasoak ere ez ziren joaten gu futbolean ikustera. Beti galtzen da zerbait, baina jaso askoz ere gehiago egiten da.
Asko aldatu al da boluntarioen zeregina hasieratik hona?
Hasierako hura askoz ere lasaiagoa zen, baina beste alde batera, berriagoa zen eta zalantza askoz ere gehiago geneuzkan. Urte batean gertatu zitzaigun eguraldiagatik zenbait erabaki hartu beharra Aizkorrin, ibilbidea aldatzea… Ardura guztia gure gain zegoen. Gaur egun hori askoz ere antolatuago dago. Alternatibak ere badaude. Denok dakigu momentu bakoitzean zer egin behar den, eta guk ez badakigu, badakigu nori galdetu behar zaion.
Nekerik sumatu al duzu?
Ez, ez daukat neke sentsaziorik. Kontziente naiz Aizkorrin gaudela eta Aizkorri baino toki okerragoak badaudela: Aratz, Aitxuri… Guk aterpea badaukagu aldamenean behintzat. Baina adin batetik aurrera, baldintza jakin batzuetan, ez da gu egoteko tokia, jende gaztea behar da han ere. Oraindik ez zait neke hori ailegatu, baina ikusten dut aurrera begira tokatuko zaigula guri ere txanda ematea beste batzuei. Orduan, tokatzen bazaigu otorduren bat preparatzea antolakuntzakoei, edo kotxeren batzuk aparkatzen laguntzea edo beste posturen batean egotea… tokatzen zaiguna egingo dugu. Nire burutik ez da pasatzen boluntario izateari uztea.
25 urteotan bizitako anekdota edo pasarteren bat?
Orain dela 5 bat urte, oso eguraldi txarra zegoen, jendea hipotermiarekin iritsi zen Aizkorrira… Penagarria. Akordatzen naiz nola aurreneko hamarretan sartu zen greziar bat geratu zela jota. Hari utzi nion nik neraman plumifleroa, eta ez dakit Grezian egongo den edo non egongo den. Gehiago ez dut berreskuratu.
Beste bat gogorxeagoa izan zen: guk, maratoi bezperan urtero antolatzen dugu Saint Sadurniko lagunekin otordua. 60 lagun inguru elkartzen gara. Haiek cava ekartzen dute, eta guk jana jartzen dugu. Egun polita izaten da. Korrikalari asko, Killianen [Jornet] aita bera ere etorri izan da. Duela bi urte, lehenengo aldiz Andorrako familia bat etorri zen. Gurekin bazkaldu zuten bik istripua izan zuten maratoi egunean Aizkorri inguruan, eta bat ia hiltzear egon zen. Gu Aizkorrin geunden, eta babesa eman genien. Sekulako kolpea izan zen enteratzea min hartutako horiek gurekin bazkaldu zutenak zirela. Harrezkero asko egon gara beraiekin. Aurten ere etortzekoak dira.













