Gurrutxagan lehen kafea eta kopa atera zituztenetik 65 urte igaro dira
Migel Gurrutxagak eta Begoña Lonbidek ireki zuten taberna 1961eko apirilaren 29an. Gaur, familia berean jarraitzen du negozioak, Jaione alabak gidatuta. Asteburuan ospatuko dute urteurrena.
Gurrutxaga tabernan Begoña Lonbidek zerbitzatu zituen lehen kafe eta kopatik 65 urte igaro dira.Hitza Ia oharkabean igaro da Legazpiko taberna ezagunetako baten urteurren handia. Santikutz jaien hasierako bezpera zen, eta asteguna. Gainera, jabeek ez zuten buila handiegirik atera. Horregatik, legazpiar askok ez daki Kale Nagusiko Gurrutxaga tabernak 65 urte bete zituela apirilaren 29an.
Gurrutxagak familia beraren eskuetan jarraitzen du, sortu zuten Migel Gurrutxaga eta Begoña Lonbideren alaba Jaionek gidatuta. Langile ekipo ederrak darama gaur taberna, eta guztiekin ospatuko du familiak urtebetetze borobil hori asteburuan, bezero fidelak ahaztu gabe. 65 urterekin ere, Gurrutxaga sendo eta inoiz baino biziago dago.
Bi taberna egun berean
Badu bitxikeria bat Gurrutxaga tabernaren irekierak, egun berean beste bat ireki zutelako metro gutxitara, ordu beteko aldearekin. 1961eko apirilaren 29a zen, Santikutz festen bezpera, eta orduko General Mola kaleko 8. zenbakian ireki zituen ateak Gurrutxagak. Ordu bete geroago, Caribe inauguratu zuten, 20 metro eskasera.
Bi establezimenduak martxan daude oraindik, Gurrutxagak bakarrik jarraitzen du familia beraren eskuetan. Caribe bitan banatu zuten aspaldi.
Migel eta Begoña
Migel Gurrutxaga eta Begoña Lonbide senar-emazteek ireki zuten Gurrutxaga; gaur, Jaione alabak darama negozioa. Taberna ireki aurretik, gurasoen bodegan lan egindakoa zen Migel, eta Begoña Kupela bodegan aritutakoa. Ezkondu berritan jarri zuten martxan Gurrutxaga, 28 eta 25 urte zituztela hurrenez hurren, eta Begoña haurdun zegoela. Hasieran, Migel Patrizioren lantegian ere bazebilen, baina laster utzi zuen fabrikako lana.
Hasierako hura, «kartetan jokatzeko taberna zen batez ere, gizonentzako taberna», azaldu du Jaionek, «kopa eta puru ugari saltzen ziren, eta kiniela ere zigilatzen zen!». Horren lekukotasuna jasotzen duen argazki zahar bat dute gordeta, lehen kafea eta kopa atera zuten unekoa.
«Kartetan jokatzeko taberna zen batez ere, gizonentzako taberna. Kopa eta puru ugari saltzen ziren, eta kiniela ere zigilatzen zen!»
Jaione Gurrutxaga. Gurrutxaga taberna
Amak prestatuta, lantegiko langileei bazkariak ematen zizkietela gogoratu du Jaionek, eta beheko solairuan futbolin bat zegoela ere bai. Ostegunetan giroa aldatzen zela ere esan du, «jueves de bragas» zelako, gizon gazteak neska lagunarekin irteteko eguna. Bikote horientzako «erreserbatua» egokitzen zuten.
Pintxoengatik ere estimatua zen Gurrutxaga, arraina, rabak eta ‘huekoa’ ziren eskatuenak. Gaur, barra bete izaten dute aukeran, eta errazioak ere eskaintzen dituzte, asteburuetan afarietarako oso estimatuak direnak, gosariak bezala. Gabonetako saskiek zozketek ere famatu egin zuten taberna; gurasoen bodega zaharretik hartu zuen ideia Migelek, eta gaur egun jarraitzen du oraindik ohiturak.
Aldaketak eta langileak
Tabernako bezero adinduenek diotenez, Gurrutxaga ez da asko aldatu, eta barra, sukaldea, komunak eta goiko gunea lehengo leku berean daude. Dekorazioa bai, noski, aldatuta dago, gaurkotuta, eta lehen ez bezala, orain barrak leiho bat ere badu kale aldera eta hortik ere zerbitzatzen dituzte bezeroak. Izan ere, Kale Nagusia oinezko bihurtu zutenetik, terraza handi bat ere badu kalean.
Makina bat jende ibili da lanean bertan, kamarero eta sukaldari, baina Jaionek etxekoak ditu gogoan bereziki: Mikel, Txaio eta Iñaki anai-arrebak, eta Mikele, Ibon eta Joseba ilobak. Berak, sukaldaritza ikasi eta gero, 1998an hartu zuen negozioaren kargu, eta oraindik urte batzuetarako baduela dio. Gaur Ana, Amaia, Emi eta Ngain ditu ondoan lanean, eta asteburuetan langile gehiagoz inguratzen da. Asteburuan, guztiekin ospatuko du 65. urteurrena.
Ostiralean festa bezeroekin, larunbatean bazkaria familia eta langileekin
Horrelako urtemugara ez da nolanahi iristen, eta goitik ospatuko dute Gurrutxagakoek 65 urte bete izana, langile, familia, lagun eta bezeroekin. Guztiekin gogoratu da Jaione, eta guztientzat izango da zerbait.
Bihar ostirala hasiko dira ospakizunak, eta arratsaldean egingo dute festa nagusia, 18:30ean hasita. Bertan, edatekorik, jatekorik eta musikarik ez dela faltako agindu du. Sorpresaren bat edo beste ere iragarri du, eguraldiak laguntzen badu behintzat.
Larunbatekoa bestelako festa izango da, intimoagoa. Bazkaria egingo dute familiakoak eta langileak elkartuta, baina hori ere festa giroan.
Ospakizunen ondoren, Gurrutxagak ohiko martxa berreskuratuko du, eta 70. urtebetetzea ospatzea jarriko du jomugan.













