ELKARRIZKETA. «Egun bateko lasterketatik ekintzez betetako hiru egin izatera pasatu da»
Izaskun Igoa Arizkorreta boluntarioak eginkizun ugari izaten ditu Zegama-Aizkorriren antolaketa lanean. Ogitartekoak prestatu, txistua jo, pilotalekuko anoa postua antolatu....
25 urte daramatzazu boluntario lanetan. Zergatik erabaki zenuen izena ematea?
Bai aurtengoa 25.urtea izango da boluntario lanetan arituko naizena. Antolakuntzan hasi ziren kideetako batek laguntzatxo bat emateko eskaera egin zidan lehenengo urte horretan eta esku bat botatzearren hasi nintzen.
Non egoten zara? Zein da zure egitekoa?
Egiteko desberdinak ditut egia esan. Lehenengo urteetan bi lagun Santi Spiritun kamisetak saltzera joaten hasi ginen. Bertan ez zen jende gehiegirik elkartzen hasieran eta kamisetak saldu bitartean korrikalariak ikusteko aukera izaten genuen. 3.edizioan edo indar handiagoa hartzen hasi zen eta herrian dutxen antolaketan anoa postua jartzea erabaki zen eta hori egiten jarri ginen.
Poliki poliki beste aldaketa batzuk ere eman dira lasterketan, eta gure lana gehitzen edo aldatzen joan da. Igandeko ekintza bakarrik izatetik hiru egunetako ekintza izatera pasa da eta egun desberdinetan lan desberdinak egiten dira. Larunbatetako sagardo dastaketan egon izan gara. Gaur egun igande goizean goiz, herrian zehar ibiltzen diren boluntarioentzat zein mendira joaten diren zenbaitentzat , gosari edo bazkaltzeko bokatak egiten hasten dugu eguna. 460 bokata inguru egiten ditugu guztira. Goizean karrera hasterako plazara eramaten ditugu guztiak, baita kafe termo batzuk ere plaza inguruan egun guztia pasatzen dutenentzat.
Karrerari hasiera emateko protokoloan ere parte hartzen dut hasierako aurreskuan txistua joz.
Behin karrera abiatu orduko, konsigna aldaketak, anoa postuen muntaiak… izaten dira egiteko plaza inguruan. Guzti honen ondoren ordu erditxo batez edo plaza inguruan ibiltzen garenok gosarirako tartetxo bat hartzen dugu, eta Juniorrari irteera ematen zaio.
Behin Juniorrari hasiera eman diogunean nire kasuan frontoiko dutxetako anoa postura joaten naiz eta han karrera bukatu arte, eta azken korrikalaria dutxatu arte egoten gara.
Zer eman eta kendu dizu boluntario izateak?
Kendu ez nuke ezer esango, beno behar bada karrera ikusteko aukera. Irteera ikusten dugu baina ondoren frontoian sartzen gara eta lasterketarik ez dugu ikusten. Korrikalariek kontatzen digutena izaten da gure informazio handiena, eta hurrengo egunetako bideoak. Eta eman ba, herriko ekintza garrantzitsuenetariko bat bihurtu den honetan parte zarela sentitzeak ematen duena. Esan bezala frontoiko anoa postua nahiko lasaia da, korrikalariak ere lasaitzen diren momentua da. Eta bertan emozio asko askatzen dituzte. Askotan goraipatzen dute lasterketaren fama, eta zuzenean eskertzen dute boluntario guztien lana.
Asko aldatu al da boluntarioen zeregina hasieratik hona?
Esan bezala jende kopuruak, lasterketak hartu duen indarrak lan gehiago suposatzen du momentu askotan. Egun bateko lasterketatik ekintzez betetako 3 egun izatera pasa da. Guztiak dakarren prestaketa lanak aurreko asteburutik (eta lehenago) hasten dira mendira joaten diren boluntario taldeekin. Eta herri mailako muntaia ere ostegunetik hasten da.
Nekerik sumatu al duzu?
Nekea bai bai. Nekea sumatzen da asteburu horretan bertan. Baina egia esan, aurretik aipatu dudan bezala, jasotzen diren laudorioak entzunda, sare sozialetan agertzen diren komentario positibo guztiak irakurrita, egiten diren bideo hunkigarriak ikusita beste urte batez aurrera jarraitzeko gogoa pizten da berriro. Nekearengatik izandako gaizki ulertzeak alde batera utzi eta hurrengo urtean pentsatzen jartzen gara berriro. Ez dut esango beste 25 urtetan hor egongo naizenik, baina oraingoz jarraituko dut.
25 urteotan bizitako anekdota edo pasarteren bat?
Pasarte berezirik ere ez dut gogoan. Esandako korrikalarien elkarrizketa horiek. Azken urtea izango dela esan eta hurrengo urtean bueltatu direnak berriro, eta “zuek berriro ere egingo nuela esan zenidaten eta ezin utzi “ esanez. Zenbait urtetan lasterketa egin dutenak eta egin ez dutenean guri bisitatzera etorri direnak frontoira,…










