«Zegama mendiko korrikalarion Meka da»
Iu Net Puig (Sant Esteve de Palautordera, 2004) korrikalari kataluniarrak irabazi zuen iaz kilometro bertikala. Aurreko hiru urteetan bigarren postuan sailkatu zen. Aurten ez du Zegamara etortzerik.
Iu Net Puig kataluniarra, Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikalean, iaz. Aurten ez du parte hartuko.Igor Quijano Net bere amaren eraginez da mendizalea, batez ere. Bere amak (Cristina Puig) urte asko daramatza mendian korrika egiten. Aitzindaria izan zen eta egun master mailako probetan parte hartzen du. Duela urte batzuk trail eskola bat ireki zuen. Izan ere, inguru menditsu batean bizi dira: Montsenyko parke naturalean. Net beste kirol batzuetan aritu zen, bere amaren trail eskolan izena eman zuen arte. Oraingoz, 20-30 kilometro lasterketetan eta kilometro bertikaletan parte hartzen du. Oraindik ez du Zegama-Aizkorri maratoia egin. Gazteegia da horretarako. Etorkizunean maratoia egiteko asmoa du, noski.
Zenbat aldiz parte hartu duzu Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalean?
Lau aldiz. Lehen urtean La Sportiva taldeko kideekin joan nintzen, bigarrenean amarekin, hirugarrenean aitarekin eta iaz amarekin. Amarekin bitan joan naiz, baina berak ez du parte hartu oraindik, ez baitzaio inoiz tokatu. Parte hartzeko gogoa du, noski. Kilometro bertikalean eta maratoian ematen du izena.
Lehen hiru urteetan bigarren postuan sailkatu zinen eta iaz, azkenean, irabaztea lortu zenuen.
Hiru aldiz bigarren postuan sailkatu ondoren, iaz hamar egun lehenago etorri nintzen Euskal Herrira Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala ahalik eta ondoren prestatzeko. Astebete lehenago, Txindokiko kilometro bertikala egin nuen. Zegamako kilometro bertikala irabazteko gogo handia nuen eta irabaztea sekulakoa izan zen.
Beste garaipen batzuk ere badituzu…
Kataluniako txapelketa, gazte mailako kilometro bertikaleko mundu txapelketa…
Zer da Zegama zuretzat? Nola ikusten duzue herri hori Katalunian?
Zegama mendiko korrikalarion Meka da. Urteko asteburu garrantzitsuena da. Zergatik? Paisaia, lasterketaren historia, zalegoa, antolakuntza… Denetik pixka bat. Euskal Herriko lasterketa guztietan zale asko egoten dira, baina Zegamakoa sekulakoa da. Zegama-Aizkorri Zegamako bizilagunek antolatzen dute eta asko nabaritzen da. Zegama, herri osoaren ilusioa da.
«Zegamako kilometro bertikala irabazteko gogo handia nuen eta irabaztea sekulakoa izan zen»
Hori dela eta, Zegaman irabaztea oso berezia da.
Zegamako lasterketa nagusia maratoia da, baina kilometro bertikala irabaztea ere oso berezia da. Izan ere, kilometro bertikal garrantzitsua da: zale asko egoten dira, parte hartzaileen maila altua da… Proba Zegaman izateak berezi egiten du.
Aurten ez zara Goierrira etortzekoa. Zer dela eta?
Ez, beste lasterketa batzuk baititut. Gustatuko litzaidake, urtero Zegama-Aizkorriko asteburua egutegian markatuta izaten baitut, baina bi lasterketa garrantzitsu ditut data horietan. Datorren urtean, ahal badut, joango naiz noski.
Zer esango zenuke Txindokiko eta Zegama-Aizkorriko kilometro bertikaletako ibilbideez?
Nire ustez kilometro bertikal politenak dira. Paisaia sekulakoa da. Kilometro bertikal guztiak horiek bezalakoak izatea gustatuko litzaidake.
«Txindokikoa eta Zegama-Aizkorrikoa kilometro bertikal politenak dira»
Pixkanaka Goierri ezagutzen ari zara…
Iaz, kilometro bertikalaren ondoren, bizikleta irteera egin genuen. Eskualde zoragarria iruditzen zait. Nire bizitokia utzi beharra izango banu, Goierrira joango nintzateke. Ikusgarria da.
Ze erronka dituzu hurrengo hilabeteetarako?
Nire lehen helburua jarraikortasunez entrenatu ahal izatea da, lesionatu gabe. Hori lortzen badut, lasterketetan lan ona egingo dudala uste dut. Espainiako txapelketan, gazte mailako munduko txapelketan… parte hartu behar dut.
Epe luzera, zeintzuk dira zure helburuak? Ametsik ba al duzu?
Amets asko ditut. Amets handiena kirol honetaz gozatzen jarraitzea da. Horretarako, jarraikortasuna behar dut. Lesiorik ez izatea. Hori lortzen badut, gainontzeko guztia helduko da.










